«Zer ikusten ari ginen azaltzeko eskatu zuten itsuek, baina inor ez zen horretarako gai. Hain zen zabala, non gure logikatik at baitzegoen. Ikusten zen guztiaren silueta marraztu genuen haien eskuekin airean». Kronikan bertan dago bilduta bidaiaren funtsa eta zentzua: desgaitasunen bat duten hiru pertsonarekin Argentinako Andeetan zortzi lagunek egindako bidaia. 6.000 metroko bi mendi igotzen saiatu zireneko kontaketa. «Dramarik eta ezinik gabe». Huraxe da BERRIAren Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketako irabazlea: Euskal Herria eta Argentina, mendi ahaztu batzuetan. Ilusioaren lurraldean ezinezkorik ez dagoelako.
Christian Rodriguezek idatzitakoa da, eta Ludi Viguerak euskarara ekarritakoa. Siluetak ez ezik, hitzak ere marraztu dituzte eskuz, eta esku askotara. Getxoko (Bizkaia) Ibilki mendi taldearen izenean jaso baitute bi egileek saria. Argentinako X Mas Inclusion elkartearekin batera antolatu eta egindako espedizioa da kontatu dutena. «Pandemia garaian sortu zen ideia. Haiek jarri ziren gurekin harremanetan. Desgaitasuna lantzen dute kirolaren arloan, baina mendiaren bueltan nahi zuten aritu, eta Ibilki topatu zuten. Online egin genituen bilera batzuk, eta ohartu ginen antzeko gauzen bila ari ginela denok: gailurrik ez genuela bilatzen, elkarbizitzari eman nahi geniola balioa, baina izan behar zuela mendi handien pizgarri hori ere. Horrela sortu zen ideia», azaldu du Rodriguezek.
«Ohartu ginen Argentinako X Mas Inclusion eta Ibilki antzeko gauzen bila ari ginela: gailurrik ez genuela bilatzen, elkarbizitzari eman nahi geniola balioa, baina izan behar zuela mendi handien pizgarri hori ere».
CHRISTIAN RODRIGUEZIbilki mendi taldeko kidea eta lehiaketako irabazlea
Ludi Viguerak duela bi urte ezagutu zuen Ibilki: «Nire senarrak iktus bat izan zuen. Mendizale porrokatua zen. Gurpil aulkian dago, eta ez nuen uste sekula mendira itzuliko ginenik. Interneten izan nuen Ibilkiren berri. Getxora bizitzera joanak ginen, berriak ginen han, eta ez genuen inor ezagutzen. Idatzi egin nien. Christianek erantzun zidan, eta kafe bat hartzeko gelditu ginen. ‘Joan gaitezke mendira?’, galdetu nion. ‘Bai’, erantzun zidan, gauza natural bat balitz bezala. Antolatu zuten irteera bat guretzat bakarrik, eta, geroztik, senarrak parte hartu ahal izan du egin dituzten beste batzuetan».
Sari banaketa, Andoainen
Nola sortu zen lehiaketara aurkezteko ideia? Viguerarena izan zen ekimena: «Mendi elkarteen topaketa bat antolatu zuten Getxon. Elkarte bakoitzak emanaldi bat egin zuen bere proiektuen inguruan. Christianek espedizio honen diaporama eman zuen. Ni ordurako harrituta nengoen haien lanarekin. Mendi talde zabal bat da. Ez bakarrik desgaitasunen bat dutenei begira; hainbat lekutako pertsonek, etxegabeek ere parte hartzen dute irteeretan... mendi talde batek asko batu dezake, eta Ibilkik hori dena batzen du. Eta ikusi nuenean espedizio horrena, esan nuen: ‘Ez dago mugarik. Guk jartzen ditugu mugak’. Lehiaketarena ikusi nuenean, aurkeztea proposatu nion Christiani: ‘Zuk idatzi, eta ni saiatuko naiz itzultzen’». Esan, eta egin.
«Mendi talde zabal bat da Ibilki. Ez bakarrik desgaitasunen bat dutenei begira; hainbat lekutako pertsonek, etxegabeek ere parte hartzen dute irteeretan... mendi talde batek asko batu dezake, eta Ibilkik hori dena batzen du».
Ludi VigueraIbilki mendi taldeko kidea eta lehiaketako irabazlea
Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde kultur parkean jaso dute irabazleek saria: zortzi eguneko ibilaldia Atlas Garaian, Marokon, Mendiak eta Herriak elkartearekin batera. Sari banaketan izan dira Amagoia Mujika BERRIAko zuzendaria, eta Felipe Uriarte eta Garo Azkue Mendiak eta Herriak-eko kideak. Esan dute saiatuko direla bidaia egokitzen desgaitasunen bat dutenentzat, segi dezaten eskuz siluetak marrazten airean.
sarituak
Lehen saria. Christian Rodriguez eta Ludi Viguera: Euskal Herria eta Argentina mendi ahaztu batzuetan. Ilusioaren lurraldean ezinezkorik ez dagoelako. Zortzi eguneko ibilaldia Atlas Garaian, Marokon, Mendiak eta Herriak elkartearekin batera.
Bigarren saria. Ana Etxaniz Atorrasagasti: Arin eta ondo, usoak hegan: Pirinioak zeharkatuz 2020ko udan. Lau lagunentzako asteburu pasa, Ikai Vansen karabanan.
Sari berezia. Itsaso Erretolatza Arantzabal: Ama Lister. Hamaika Mountain dendan gastatzeko 200 euroko bonu bat.