Mariemi Otaola. Eskultorea

«Eskulturek kontatzen dituzten istorioak barnean daude gordeta»

'Amets egia' erakusketan, Mariemi Otaolak bere azken lanak aurkeztuko ditu Senpereko Larraldea erakustokian. Atzo inauguratu zuten erakusketa, eta urriaren 1era arte egongo da zabalik.

2011ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Musikarekin lotuta dagoen arte modu bat erakutsi nahi du Mariemi Otaolak (Bilbo, 1950). Musika pasio du, eta eskulturak, bizitzaren zati. Argazkilaritza ere erakusketan txertatuta, bere bizipenak azaldu ditu.

Zer aurkituko dugu erakusketan?

Azken lanak erakutsiko ditut, eta aurreko erakusketa edo lerroetako lanak ere bai. Guztiek ezaugarri bat dute: musikarekin duten lotura. Baina formetan garapena izan dute hasieratik gaur arte.

Nondik dator erakusketaren izena, Amets egia ?

Amestutako errealitatetik dator. Pieza guztiei, sortu ditudan eskultura guztien lerroari izen bat ematea bezala da. Zirriborrotzat jotzen ditut, dimentsio handi batera pasa nahi baina oraindik osatu ez ditudanak. Argazkiak egin ditzaket, eta hirietako paisaiak eta eskulturenak uztartu ditut, errealak direnak. Errealitatetik irteten dena, baina erreala ez dena, nire lanak egiteko ametsari jartzen diodan ilusioa.

Nolakoa da musikarekin duzun harremana?

Joko pertsonala da. Ez dut eskulturan bakarrik jarduten: aspalditik musika munduan ere aritzen naiz. Musika barrokoko bi taldetan nago, eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontseiluko kide ere banaiz. Musika, berriz, pasioa da gehiago. Nire eskultura guztiak forma berdin batekin hasten dira: biolinaren bi irekiduren formarekin. Simetrikoak dira alde banatan, eta hortik irteten da musika. Orduan, nire joko guztiak forma horrekin hastea da, nahiz eta ondorengo tratua ezberdina izan. Baina kasu hipotetiko batean eskulturak desegiten baditut, hasierako forma horretara itzuliko dira lan guztiak.

Pozik zaude egin duzun lanarekin?

Zeharo pozik ezin da egon. Hobetzeko aukera beti dago, eta garrantzitsua da hori garbi izatea. Gustura nago erakusketan azaldu behar dudanarekin. Orain dela denbora dezenteko lanak aurkeztu behar ditut, eta oso askotarikoak dira. Ez dira eskulturak bakarrik; serigrafiak eta fotomuntatzeak ere badaude. Beraz, nire ustez, gauza asko erakutsi behar ditut, eta horrekin pozik nago.

Eboluzio bat izan duzu eskulturan. Zertan datza aldaketa hori?

Material aldaketan. Erakusketaren hasieran Puerta del alma lana erakutsiko dut, eta kronologikoki ere hasierakoa da. Lan haiek egin nituenean, burdinazko xafla gogorrak erabiltzen nituen, aurretik laserrarekin moztuak. Haietan, lerro makurrik ez zegoen; tolesturak angelu zuzenean ziren. Pixka bat geroago sartu zen makurdura, eta hori da ezberdintasun nagusia. Osotasun handiagoa lortzen da estrukturan. Momentu honetan, burdinazko xaflak lotu egiten dira beren artean, eta materiala presente dago guztietan. Kontatzen dituzten istorioak barnean daude gordeta. Gero, beste material arinago batekin hasi nintzen.

Zergatik aldatu zenuen materiala?

Lan pertsonalagoa egin nahi nuelako. Aurreko xaflak beste norbaiten laguntza eskatzen zuten, eta lan egiteko makinaria ere ez zen egokiena. Orduan, beste eskultura batzuk egiten hasi nintzen, burdinazko zintekin, eta forma guztia aldatu egiten da. Askoz ere arinagoak dira, eta neuk manipula ditzaket zuzenean.

Nolatan hasi zinen eskultura munduan?

Beti gustatu izan zait, eta hainbat arlotan aritu izan naiz: argazkilaritzan ibili naiz; zeramika asko egin dut, raku teknika japoniarra erabiliz; buztinarekin hasi nintzen lanean, eta brontzera egin nuen salto; gero, beste zerbaiten beharra sentitu nuen, eta beste material batzuk aurkitzen hasi nintzen. Materiala aldatzean forma ere aldatu egiten da, eskultura aldatzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.