Eskultorearen ziztada

'Zure ziztada behar dugu' kanpainari obra bat eman dio Gotzon Huegun eskultoreak. 'Txalaparta: soinuen begirada' artelanak harreman zuzena du komunikabideekin.

Joanmari Larrarte, Gotzon Huegun eta Martxelo Otamendi, Txalaparta: begiradaren soinuak artelanarekin. LANDER FERNANDEZ ARROIABE / ARP.
Adrian Garcia.
Andoain
2012ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
BERRIAren proiektuarekin bat nator, horretan sinesten dut, eta nire ekarpena egin nahi izan dut». Azken boladan hainbat artistak Zure ziztada behar dugu kanpainari atxikimendua erakutsi diote, eta euren lanekin babestu dute proiektua. Azkena Gotzon Huegun eskultorea izan da: Txalaparta:soinuen begirada artelana BERRIAren Andoaingo (Gipuzkoa) egoitzan dago jada.

Obra berezia da, komunikabideekin lotura zuzena duena: esku batzuk txapalaparta jotzen irudikatzen du egurrezko obrak. Antzinako musika tresna da txalaparta, eta teoria ugari daude haren inguruan. Haran batetik bestera komunikatzeko tresna gisa erabiltzen zutela dio horietako teoria batek.

Hernaniko Dobera elkarteak komunikazioaren inguruan arte plastiko lehiaketa bat antolatu zuen. Aspaldidanik buruan zuen lana sortzeko aitzakia gisa hartu zuen Huegunek lehiaketa. «Betidanik egin nahi izan dut zerbait txalapartaren inguruan. Lehiaketak eta enkarguak sortzen zaizkidanean ideiak bideratzen hasten naiz, eta txalapartaren ideia horri forma ematen hasi nintzen».

Ez zuen «betiko itxura» izango zuen txalapartarik irudikatu nahi; estetikoki kontzeptu hori «gaurkotu» nahi zuen. «Txalapartaren ttakuna eta herrena erritmoak, bata bestearen osagarri direnak, koloreen bitartez irudikatzea erabaki nuen». Esku antzeko batzuek eusten dituzte makilak, eta txalapartaren irudia segituan ekartzen dute gogora. «Txalaparta jotzean entzuten diren soinuak kolore eta karratu forma horien bitartez adierazita daude piezan».

Egurrezkoa da eskultura. Txalaparta irudikatzen duten lau zatiak gaztainondotik ateratakoak dira. Horiek eusten dituzten oholak, berriz, haritz egurrarekin eginak dira, Nafarroako Aldatz basoko zuhaitzetakoak, hain zuzen ere. «Nortasun berezi bat eman nahi nion, eta hemengo egurrak izan behar zuten».

Lehiaketa aurretik obra Hernaniko Biteri kultur etxean egon zen ikusgai. Ikusleek lan gustukoena bozkatzeko aukera zuten, eta Huegunen lana izan zen bozkatuena. «Ezustekoa izan zen niretzat. Horrek esan nahi du joan zen jende guztiaren artean obra honek izan zuela harrera hoberena». Artistak balio gehiago ematen dio publikoaren sariari epaimahaiak emandakoari baino.«Niretzat, garrantzitsuago da nirepieza berrogei edo berrogeita hamar lagunek atsegin izateak, hiru lagunek baino».

Estimu berezitan du Txalaparta: begiradaren soinuak lana, eta beste zenbait azokatan ere erakutsi izan du. Saltzeko aukera ere izan duela dio, baina beti uko egin dio obra askatzeari. Zure ziztada behar dugu kanpainaren berri eduki zuenean, ez zuen zalantzarik izan, eta obra eskaini zuen. «Nire harri koskorra eman nahi izan dut, eta horregatik eman diot nire eskultura BERRIAri».

'Ura eta Egurra' erakusketa

Ibilbide luzeko eskultorea da; 20 urte daramatza eskulturekin lanean. Betidanik sentitu du egurrarekiko erakargarritasuna, eta aitaren lagun baten tailerrean hasi zen lanean. Harria lantzen ere ikasi zuen gerora. Hernanin eta Azkaraten du tailerra, eta haren obrek Gipuzkoako hainbat herri apaintzen dituzte; Lasarte eta Usurbil, esaterako. Gaurtik aurrera, Donostiako Aquariumean ere ikusi ahalko dira haren lanak, Ura eta Egurra erakusketa inauguratuko baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.