Scalextric jokalaria

Mario Knorr: «Eskulanak, mekanika, estrategia eta trebetasuna uztartzen dituen kirol bat da Scalextric»

Scalextric jostailu bat baino askoz gehiago da Knorrentzat; mila auto baino gehiagoko bilduma osatu du aitarekin batera.

Mario Knorr, joan den astean, Gasteizko Slot Klubean. BERRIA
Mario Knorr, joan den astean, Gasteizko Slot Klubean. BERRIA
unai etxenausia
2025eko otsailaren 18a
05:00
Entzun

Mario Knorr (Gasteiz, 2001) Scalextricen zale amorratua da, eta are gehiago: harentzat, ez da soilik jostailu bat, baizik eta lehiarako eta estrategia garatzeko aukera bat. Aitarekin batera, mila autotik gorako bilduma osatu du, baina berak batez ere lehiatzeko prestatzen ditu. Euskal Herrian Scalextric mugimendua ez da hain zabala, baina Slot Club Araba  taldea saiatzen ari da hari bizirik eusten; bertako kide da Knorr ere. Scalextricen inguruko sekretuei, estrategiei eta lehiaketetako esperientziei buruz aritu da, besteak beste.

Scalextric jostailu bat baino gehiago dela diozu. Zergatik?

Egia da haur askoren jostailua dela, baina lehiarako erabiltzen denean guztiz desberdina da. Eskulanak, mekanika, estrategia eta trebetasuna uztartzen dituen kirol bat da. Txapelketetan, adibidez, ez da nahikoa auto bat erosi eta pistan jartzea; pieza bakoitza aukeratu eta egokitu egin behar da emaitzarik onenak lortzeko. Ikasi egiten den zerbait da.

Zer ezaugarri dituzte Scalextric lehiaketetan erabiltzen diren autoek?

Scalextriceko autoak egiteko aukera asko dago. Oinarrizko auto bat eros daiteke, baina gero mekanika guztia pertsonalizatu ere bai. Karrozeria alda daiteke, gurpil mota ezberdinak jar daitezke, pisua hobeto banatu... Azken finean, Scalextriceko auto bakoitza pilotuaren estiloaren eta beharren arabera molda daiteke. Horregatik, lehiaketa batean berrogei auto egon daitezke, eta denak mekanikoki desberdinak izan.

Zenbat auto dituzue aitak eta zuk?

Mila baino gehiago! Aita bildumazalea da; nik batez ere lehiatzeko erabiltzen ditut. Berak gustuko dituen modeloak erosten ditu, eta nik, berriz, lehiatzeko prestatzen ditudanak.

Zuen klubean, nolako instalazioak dituzue?

40 metroko pista handi bat daukagu: 10 metro luze da, eta 4 metro zabal; oraindik amaitzen ari gara. Lau lerro ditu, eta guztira 41 metroko trazatua izango du; horrek aukera ematen digu ibilbide luze eta tekniko bat izateko. Pista horrek hainbat kurba eta tarte zuzen ditu, eta, beraz, egokia da lehiaketak egiteko eta entrenatzeko.

Horrez gain, beste lau pista txikiago ere baditugu, bakoitza bere aldetik erabiltzeko prestatuta. Horiek konplexuagoak dira, bihurgune gehiago eta trazatu estuagoak dituztelako, eta, beraz, pilotuari aukera ematen diote kontrol handiagoa izateko eta gidatzeko trebetasuna lantzeko. Pista horietan, gidariak abiadura eta teknika hobetu ditzake, prestaketa zehatzagoa lortzeko. Gainera, pista modularrak izanik, diseinua aldatzeko eta ibilbide berriak sortzeko aukera dago, eta beti erronka berriak sortzen dira.

Knorr scalextric-ean konpetitzen, Kantabrian (Espainia). BERRIA
Knorr Scalextric jokoan lehian, Kantabrian (Espainia). BERRIA
Zer egin behar da Scalextricen ondo aritzeko?

Lehenengo eta behin, garrantzitsuena pista ez uztea da. Abiadura handian ibili arren, ibilgailuak bidetik ez ateratzea da helburua; izan ere, autoa askotan ateratzen bada errailetik, denbora preziatua galduko da. Horregatik, funtsezkoa da kontrola mantentzea eta egonkortasuna lehenestea. Estrategia ere oso garrantzitsua da lehiaketetan emaitza onak lortzeko. Gurpilen tamaina egokitzea eragin handiko faktorea da, adibidez, zoruaren atxikimenduaren arabera errendimendua aldatu baitaiteke. Autoaren pisua ondo banatzea ere funtsezkoa da, oreka egokia lortzeko eta biraketa zorrotzetan irrist ez egiteko.

Baina hainbeste eragiten du auto motak?

Lehen, bai, baina, orain, lasterketa gero eta gehiago egiten dira fabrikazioz berdinak diren autoekin. Horrek asko errazten ditu gauzak, batez ere hasiberrientzat, denek aukera berberak izan ditzaten.

Eta zirkuituak, orokorrean berdinak dira?

Ez, denetarik dago. Era modularrean eraikitzen direnez, edozein ingurune sor daiteke: errepide arruntak, basamortuak, elurra duten zirkuituak, baita urezko zatiak ere. Jendeak irudimen handia du, eta benetako artelanak egiten ditu.

Zenbat lagun zarete zuen klubean?

Zortzi bazkide gara, baina lehiaketak egiten ditugunean 12-15 lagun elkartzen gara. Gainera, jendea dator Kantabriatik [Espainia], Errioxatik [Espainia] eta Bilbotik ere. Guztira, Euskal Herrian ez gara hainbeste, baina denok elkar ezagutzen dugu, eta giro polita sortzen da.

Scalextric munduan badaude lehiaketa handiak ere?

Bai, noski. Nik, adibidez, Espainiako Txapelketan parte hartu dut, Madrilen 24 orduko lasterketa batean, eta aurten Napolira joango naiz Europako lasterketa batean lehiatzera.

24 orduko lasterketek nola funtzionatzen dute?

Taldeka egiten dira, launaka. Batek gidatu egiten du, beste batek autoa konpontzeko prest egon behar du, hirugarrenak pistatik irteten diren autoak jartzen ditu, eta laugarrenak atseden hartzen du. Gauean, txandaka egiten dugu lo pixka bat, baina, funtsean, etenik gabeko lehia da.

2024ko MasterSlot 24 orduko txapelketan. Eskubitik hasita hirugarrena da Knorren taldearena. BERRIA
2024ko MasterSlot 24 orduko txapelketan. Eskuinetik hasita hirugarrena da Knorren taldearena. BERRIA
Serio hartzen duzue...

Bai, gure pasioa da, eta dena ematen dugu.

lotsabako

Zein da zure auto gogokoena?
Asko dira, baina Ford Focus bat izan zen lehena. Oraindik gordeta daukat, eta sekulako estimua diot.

Lasterketa bereziena?
Madrilgo 24 orduko lasterketa, dudarik gabe. Bigarren geratu ginen gure kategorian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.