Donostiako Aste Nagusia

Eskuekin lantzen

Donostiako Vinuesa plazan, XV. Artisau Azoka antolatu du Gabiltza elkarteak. Aste guztirako ekitaldiak prestatu dituzte; atzo, material birziklatuen tailerra egin zuten.

Eskuekin lantzen.
Donostia
2013ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Hondartzatik atera, eta oinak garbitzen ere ez dio utzi amari sei bat urteko umetxoak. Soinekotik tiraka ari zaio La Perla atzean dagoen plazako azokarantz. Han, bozgorailuz inguratutako karpa batek barruan zer edo zer gertatzen ari dela iragartzen du. Lonaren azpian, hamabi bat ume daude, mahai baten inguruan eserita. Material birziklatuen tailerra egin zuten atzo, Vinuesa plazako XV. Artisau Azokan. Han, umeek hirutan hiru jokoaren taula, fitxak eta gordetzeko kutxa egin ahal izan zituzten. Dena material birziklatuz egin zuten, kartoia, kortxoa edota papera berrerabiliz, alegia.

Han zegoen Jone Zuriarrain, alabarekin, hirutan hiruko taula bukatzen laguntzen. «Egia esan, eskerrak Pirata Bihurriei eta holako ekintzei, udalak ez baitu ia ezer antolatu umeentzat», esan zuen. Ez dagoela aukera handirik salatu zuen, eta ume hain txikientzat, are gutxiago. «Udalak puzgarriak jarri ditu, baina nahiago ditugu parte hartzea ahalbidetzen duten jolasak edo tailerrak», gehitu zuen. Bihar, azokaren azken egunean ere, egongo da zer egin. Izan ere, lasto bidez beiran putz egiteko teknika erakusketa egongo da. Joan den larunbatean hasi zen azoka, eta Aste Nagusiko egun guztietan hainbat tailer eta jarduera antolatu dituzte.

Artisautza sustatu nahian

Vinuesa plazan, ekintzen karpaz aparte, beste hogei postu daude. Gehienak Gabiltza elkartean diharduten eskulangileenak diren arren, ez dago zertan elkartean egon postua jartzeko. «Gurekin parte hartzeko, kontuan hartzen dugu produktua benetako eskulana izatea», argitu du Asun Gabarain Gabiltza elkarteko kideak. Hala, xaboigintza, makramea, larrugintza, zapatagintza, koadernaketa edota zeramika lantzen duten eskulangileak aurkitu daitezke postuetan.

Asun Gabarainek beira lantzen du, hainbat teknikaren bitartez. Argazkiak beirarekin fusionatzen ditu, bitxiak egiten ditu eta hainbat beira motaren fusioaren bitartez collageak egiten ditu. Gehien saltzen duena bisuteria dela dio, «merkeena delako». Beirarekin lana egiteko bi labe ditu Pasai Antxoko tailerrean, eta hura mantentzeko eskolak ematen ditu han.

Bittor Arrietak egurra zizelatu eta pirograbatu egiten du. Lehenengo, erliebeak zizelkatzen ditu, eta gero, xehetasunak gehitzeko zizela ezin denez erabili, pirograbatu egiten ditu, tresna batekin itzalak eta bestelakoak errez. Joan den urtean 57 azokatan egon zen Arrieta. «Horretarako, beharrezkoa da produkzio jakin bat eramatea, produktua bukatzean ezin baitituzu biltegian gehiago eskatu», esan du; «baina horrelakoa da gure bizitza;azoketara joanez gero, saltzen duzu; etxean gelditzen bazara, aldiz, ez». Artisauek kanpoan modu industrialean egindako produktuak erosteak artisautza bukatuko duela uste du, «egun Thailandiatik edo Latinoamerikatik ekartzen dituzte produktuak artisauek, eta prezio oso garestietan saldu, haiek eginak ez izan arren».

Bihar bukatuko da azoka, Aste Nagusiarekin batera; hala ere,igandero Bretxan antolatzen dute azoka Gabiltzakoek, artisautza bultzatzeko, astez aste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.