Inor ez etxerik gabe; etxerik ez inor gabe. Plaza Berriko arkupeen bazter batean irakur daiteke lelo hori. Goizeko ordu txikiak dira, eta, pankarta oheburuko balute bezala, dozenaka pertsona daude etzanda lurrean, lo. Esterak, lo zakuak... Bakarren batek kartoi kutxa batekin babestu ditu oinak. Hala eman dute gaua Gasteizko hainbat gizarte mugimendutako 50 kide inguruk. Kale gorrian lo egitea erabaki dute, hilabeteetan antzeman duten egoera bat ezagutarazteko eta salatzeko: egoera zaurgarrian edo bazterkerian dauden pertsona etxegabe askok ez diete behar duten arretarik ematen arreta zerbitzu sozialek. «Aterpetxeetan lekurik ez dagoela argudiatuta, Bilbora edo Logroñora [Espainia] joan zitezen dirua eman izan diete udal zerbitzuetakoek errefuxiatuei eta bestelako larrialdi egoeratan zeuden pertsonei», azaldu du Javier Saenz Gasteizko Eskubide Sozialen Aldeko plataformako kideak.
Larunbateko goizeko bederatziak dira, eta, jada, bibaka ari dira gehienak. Bakarren bat geratzen da lo, nahiz eta inguruan gero eta zarata gehiago dagoen. Gainontzekoak gosaltzen ari dira. Arazorik gabe eman dute gaua Plaza Berrian bildutakoek. «Espero zitekeen bezain ondo: eguraldiak lagundu du... Deigarria da hiri batean zenbat zarata dauden», aipatu du Gotzon Kortazarrek. Bakarren batek, ordea, etxerako bidaia azkarra egin behar izan du ordu txikitan, pixagurak jota. Udalak jarritako «hamaika» baldintzetako bat zen hori. «Goizean garbitzaileak etorri dira, baina hartuta geneukan eremua errespetatu, eta gainontzekoa garbitu dute».
Poztasuna da nagusi parte hartzaileen artean. Ostiral iluntzean egindako batzar irekiak ilusioa hauspotzeko balio izan duela nabarmendu dute. «Askotariko jende ugari etorri zen, eta hamaika ekarpen egin zituzten», azaldu du Begoña Ozaetak. «Ikusten da beharra dagoela zerbait egiteko, baita hori egiteko indarra badagoela ere», gaineratu du Maialen Saez de Okarizek. 200 pertsona baino gehiago bildu ziren batzar horretan, etxebizitzarekin dagoen arazoaren inguruan hitz egiteko, eta gero eta gizarte mugimendu gehiago ari dira bat egiten aldarri horrekin: Gasteizko Eskubide Sozialen Aldeko plataforma, Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba, Salhaketa, Kaleratzeak STOP, CEAR, Errekaleor Bizirik, Wayra emakumeen elkartea, Elkartzen, eta abar.
Hiri ereduaren hausnarketa
Gaua kalean eman dutenek beste pertsona batekin partekatu dute plaza: Euroligako Lauko Finaleko zaleentzako karpa erraldoia jagoteaz arduratu den zinpeko zaindariarekin. «Autoan egon da sartuta gizona», aipatu du Kortazarrek. Ozaetak nabarmendu du «sinbolikoa» dela karpa erraldoia bertan egotea, haiek protesta egin bitartean. Are, udaletxeko lehen solairuko leiho askotatik ez zen posible kalean lotan zeuden dozenaka lagunak ikustea, karpa erraldoia erdian zegoelako.
Hausnarketa horrek are pisu handiagoa duela gaineratu dute, udalak kanpaldiaren egunean bertan izandako jarreragatik. «Atzo bertan [ostiralean] debekatzeko deitu ziguten, eta, handik ordubetera baimena eman ziguten, baldintza askorekin», azaldu du Saez de Okarizek. Besteak beste, kanpin dendarik ez jartzea. «Guk ez, baina Lauko Finalaren karpa jar daiteke, plaza erdian», gehitu du Ozaetak. «Lauko Finala dela, eta saskibaloiaren hiria izatea... Askoz hobe litzateke Gasteiz jendearen hiriburua balitz, inor atzean uzten ez duen hiria».
Gaua udaletxearen aurrean pasatu arren, gaiari heltzeko eskaria administrazio guztiei egin nahi dietela azaldu du Ozaetak. «Baliabideak behar dira; administrazioek itxitako etxebizitzak dituzte, baita Elizak ere, bai eta gizabanako batzuek ere: etxe horiek baliatu behar dira, baita behar sozialetarako ere». Plaza Berriko arkupeetan gaua eman ostean, bide horretan jarraitzeko asmoa berretsi dute, bestelako ekintzak antolatuz: «Ikusteko dago zer egingo dugun, baina honekin hasi dugun bidea ez dugu geldituko: indartsu gaude».
ATZEKOZ AURRERA
Eskubide eske, kale gorrian lo
Gasteizko udaletxe parean, 50 pertsona inguruk babespean lo egiteko eskubidea aldarrikatu dute, gaua han pasatuz: elkartek askok egin dute bat, eta ekintza gehiago iragarri dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu