Amaitu da atzerako kontaketa: prest dago kanoia, prest Flamenkako txupinazoa, prest suak, prest Matti... Gaur hasiko da aurtengo Donostiako Aste Nagusia, eta abuztuaren 17ra arte iraungo du. Donostiar bat baino gehiago erlojuari begira egongo da dagoeneko: 19:00etan izango da Alderdi Ederren festen hasiera iragartzen duen kanoikada, eta ordu erdi geroago izango da beste jai eredu bat bultzatzen duten piraten txupinazoa.
Bai piratek eta bai udalak hautatua dute jaiei hasiera emateko protagonista: udaletxeko balkoira Bera Bera eskubaloi taldeko jokalariak igoko dira, joan den denboraldian izandako arrakasta ospatzeko. Izan ere, Espainiako Liga, Espainiako Kopa eta Iberiar Superkopa irabazi zituen taldeak, eta haiek abestuko dute Artillero donostiarren aurrean, jaia piztu aurretxoan.
Gonbidapena «kristoren ezustekoa» izan dela adierazi du Alba Menendezek, taldeko kapitainak, eta «ilusioz» hartu dutela. «Ez genuen inondik inora espero», aitortu du. Azken denboraldiko hiru tituluak ospatzeko ez ezik, oro har Bera Bera talde gisa omentzeko eguna ere izango dela uste du, azken urteetan lortutako helburuengatik.
«Espero dugu, behin Alderdi Ederreko balkoira aterata, jende gehiagok gure aurpegiak ezagutzea, eta partidetan animatzera jende gehiago etortzeko balio izatea»
ALBA MENENDEZBera Berako kapitaina
«Tamalez», esan du, ez dute oraindik nahi beste oihartzun: «Bera Bera, eta, emakumezkoen eskubaloia, orokorrean, Donostian ezagunak dira, baina ez agian lortzen ditugun sari horiek merezi duten bezainbeste. Orduan, espero dugu, behin Alderdi Ederreko balkoira aterata, jende gehiagok gure aurpegiak ezagutzea, eta partidetan animatzera jende gehiago etortzeko balio izatea». Baita astero gertu sentitzen dituzten zaleekin ospatzea ere, noski: «Espero dugu jende ezaguna ikustea bertan». Aste osoan aritu dira Artillero abestuz ahotsak entrenatzen.
Eta kanoia entzun eta ordu erdira, piraten txupinazoan, Kaleko Afari Solidarioak taldea izango da protagonista: Donostian kalean bizi diren pertsonei eta migratzaileei afariak ematen dizkieten boluntarioen lana balioetsi nahi dute horrela, egitarauaren aurkezpenean nabarmendu zutenez: «Zailtasunak zailtasun, instituzioen arduragabekeriaren aurrean, berrehundik gora otordu banatzen dituzte egunero, hiriko hiru puntu desberdinetan. Gurean bezala, eraldaketa baten aldeko borrokak, herritarraren premiak erdigunean jartzeko nahiak eta, noski, auzolanak egiten dute posible haien jarduna. Doakiela, beraz, gure aitortza publiko eta zintzoa».
Piraten aldarrikapenez gain, protesta gehiago izango dira lehen egunean: Gipuzkoako Plataforma Antitaurinoak antolatuta, zezenketen aurkako manifestazioa egingo dute, 18:00etan, Bulebarretik abiatuta. «Udal gobernuak, herritar gehienon nahiari bizkar emanda, zezenketak lotsarik gabe babesten dituela salatuko dugu», adierazi dute antolatzaileek.
Kirol ekitaldi ugari
Askotariko ekintzak izango dira aurten ere Donostian, adin guztietako jendearen gozagarri. Udalak, berriz, 376 ekitaldi antolatu ditu, hiriko 29 lekutan. Horien artean, kirolak protagonismo berezia izango du. Esaterako, Donostiako Klasikoa jaiak hasi baino ordu batzuk lehenago jokatuko da, eta Urumea ibaiaren bueltako ekintzak indartu dituzte jaietarako: azken urteetako joerari jarraituz, ibaia eta ibai ingurua hobeto ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte, lau egunetan. Arrauning-ekoek gidaturik egingo dituzte bisitak, hilaren 11tik 15era bitartean.
Gainera, berrogei urteren ondoren, bela estropada berreskuratuko dute: Donostiako Club Nauticok antolatu du, Optimist motako estropada izango da, eta hogei parte hartzaile izango ditu. Eta Kursaaleko goiko terrazan ur jarduerei ere egingo diete lekua: azken urteetako ur txirristaz gain, uretako puzgarriak jarriko dituzte 3 eta 14 urte bitarteko haurrentzat, hilaren 14tik 16ra.
Kirol ekintza ugari izan arren, musika emanaldiei ez diete muzin egingo, ordea: Kursaaleko beheko terrazan, adibidez, musika eskaintza indartu dute gauetarako. Ohiko gastronomia eskaintzaz eta DJ saioez gain, bertako artistei egingo diete lekua, hainbat musika estilotako gauak antolatu baitituzte: hiri musika, reggae-a, pop-rocka, rap-reggae-a eta berbena. Sagueseko kontzertuen artean, Esne Beltza, Nogen eta Ben Yart eta Kiliki Frexko izango dira, azken horiek Brava Showcase DJak lagunduta.
Eta urteroko klasikoek ere ez dute hutsik egingo. Erraldoi eta buruhandiak, txistularien alardea, su artifizialak, herri kirolak, bertso saioak... Baita lehiaketa gastronomikoak ere, noski, berritasun batekin: aurten, lehen aldiz, Begi handi bere tintan lehiaketa ere egingo dute. Haurrentzako barrakak, berriz, lekuz mugituko dituzte: Koldo Mitxelena liburutegiko lanak direla eta, Gipuzkoako plazan ere jarriko dituzte barrakak aurten, Pasealeku Berrian ez ezik. Azken horretan, haurrentzako ordu isilak antolatu dituzte berriro, haur autistek ere barrakez isiltasunean goza dezaten: hilaren 9an, 14an, 16an eta 19an izango dira.
Baina abuztuaren 17a ere iritsiko da, eta jaiei amaiera emateko ekintzak ere izango dira: Agur Erraldoia eta Agur Astea ekitaldiak, hain zuzen. Horren ondoren, Portugalgo Oleirense su etxeak egingo du su artifizialen emanaldi musikatua. Aurten, hainbat filmetako soinu bandez lagunduta jaurtiko dituzte azken eguneko suak: euskaldun askorentzat ezaguna den Javi Perezen Aupa, Etxebeste!-tik hasi, eta sei Oscar sari dituen La La Land-eraino.
Piratak ere prest
Donostiako Piratek ere egitarau oparoa antolatu dute, beste urte batez. Jalgi belak mastara, eta euskara plazara! lelopean ospatuko dituzte jai alternatiboak, eurena «euskararen plaza» delako; piraten balioekin bat eginez, «mundu askea, feminista, jasangarria, komunitarioa eta euskalduna» aldarrikatuko dituzte.
Piraten ikur bihurtu den Abordatzea astelehenean izango da, urtero legez: goizean elkartuko dira parte hartzaileak baltsak muntatzeko, eta arratsaldean abordatuko dute Donostia, Kaitik hasi eta Kontxako badiaraino. Beste hiri eredu baten alde arraun egingo dute piratek, bakoitzak bere ontzian igota.
Kontzerturik ez da faltako Flamenka gunean ere: Burutikek, Alvina Stardustek eta Divina Comediak, Bulegok, Nakar-ek eta Belek joko dute, besteak beste. Baina Trinitate plazan ere egongo da zer entzuna, iluntzeetan hainbat kontzertuz gozatzeko aukera izango baita: Rukula, Aria, Eraul eta Andoni Ollokiegi, esaterako.
Askotariko aldarriei egiten diete lekua piratek. Aurten, adibidez, Gasteizko Neska eta Blusekin eta Bilboko hainbat konpartsarekin batera, Palestinarekiko elkartasun zapia jantziko dute, Palestinako herriaren aurkako «genozidioa» salatzeko eta Palestinako herriari elkartasuna adierazteko. Bildutako dirua haien beharrak asetzeko baliatuko dute, Gernika-Palestina elkartearen bidez.
Horrez gain, urte osoko lanketari jarraipena emanez, piraten lantalde feministak aurten ere Puntu Morea jarriko du Flamenkan, erasoren bat gertatuz gero hara jotzeko eta edonori laguntza eskaintzeko. Eta erasoen aurkako manifestaziora deitua dute: hilaren 17an izango da, festetako azken egunean, 20:00etan.