Jaietako funtsezko elementu bihurtu dira konpartsen edalontzi eta katxi berrerabilgarriak. Zaparrada haur konpartsan, ogia egiteko osagarriz bete zituzten atzo. Izan ere, 70 umetik gora aritu ziren umore alaiz ogia egiten Algara konpartsako karparen itzalpean.
«Ez zapaldu irina hainbeste. Astiro, ez dago presarik. Bi koilarakada olio, eta, gero, legamia. Txandakatu. Segi, segi. Prest zaudete? Orain indartsu, gogor, ra-ra! Hori da, behin eta berriro! Ze ondo!». Rita Naveira eta Edu de la Horra umeei argibide eta animoak ematen ibili ziren etengabe. De la Horrak asteburuero egiten du ogia etxean. «Dakidana umeei irakastea askoz hobea da, eta primeran atera da dena».
Umeak ere gustura ibili ziren: orea joz, sukaldari txanoa jantzita eta irinez zikinduta. «Haurrak batera daudenean gehiago kontzentratu ohi dira», uste du Naveirak. Horregatik, elkarrekin jardun zuten umeek, baina familiakoak adi begira zituzten hesiaren beste aldean. «Jarri argazkirako» esaten zieten senideek, eta haurrek ere egindakoa erakutsi nahi zuten: «Ama, aita, begira!». Zenbait gurasok ere ezin izan zioten eutsi eskuekin orea oratzeko keinua egiteko tentazioari.
«Eskuak orean sartu eta zikintzea maite dute umeek. Lehen aldiz labetik ateratzen dena beraiek egindako ogi eder eta gozoa dela ikustea miraria iruditzen zaie», dio Zaparradako arima den Naveirak. Iaz antolatu zuten tailerra aurrenekoz, eta, aurten arrakasta are handiagoa izan denez, jarraitzeko asmoa dute.
Tailer gastronomikoak
Bilboko Konpartsek eta Makilaren Kofradiak antolatuta, VIII. Euskal Txiki Master Lehiaketa Gastronomikoa egiten ari dira egunotan Areatzan. Parte hartu nahi duten ume guztiek jolas giroan jakiak prestatzen ikasteko aukera dute, sukaldari adituen laguntzarekin. Gaur, 11:00etan, gildak egingo dituzte antxoekin, olibekin eta Ibarrako piperrekin. Herenegun, entsaladak prestatu zituzten. Eta, ostiralean, kokotxak pil-pilean kozinatuko dituzte.
Bilboko Aste Nagusia
Eskuak zikindu gabe, ez dago benetako jairik
Umeentzako ogi tailerra egin du Zaparrada haur konpartsak. Eskuez orearekin jolastu eta labetik ogi gozoa ateratzea ume eta senideen oso gustukoa da. Arrakasta ikusita, datorren urtean berriz egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu