ATZEKOZ AURRERA

Esku panpina ibiltariarena

Mundu osoko hamaika konpainiak ikuskizunez beteko dituzte Bilboko antzokiak eta kaleak Nazioarteko 37. Txotxongilo Jaialdian.

Uxue Gutierrez Lorenzo
Bilbo
2018ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Teatri Mobili. Bilboko Arriaga antzokiaren parean, autobus bat eta kamioi bat daude geldi, italieraz antzerki ibiltaria hitzak dituen kartel argitsuaren azpian. Kolore laranja nagusi, Teatro Bus dago idatzita autobusaren atzeko leihoan; albo batean, sarrerak saltzeko postua (Biglietteria); eta, belus gorriz estalia, sarrera. Aldameneko leihoen azpiko aldean dago arrasto gakoa: Manoviva ikuskizuna iragartzen duten hiru kartel. Izan ere, ezohiko antzeztoki bihurtu dituzte garraiobideak Girovago & Rondella eta Dromfosistas txotxongilo talde italiarreko kideek. Izenburuari segituz, esku panpinak erabiliz osatu dute txontxongilo ikuskizun mutua, autobusaren barruan. Bilboko Nazioarteko 37. Txotxongilo Jaialdian dira, eta atzo egin zuten ikuskizunaren estreinako saioa.

Txotxongiloak dantzan jartzeko ordu erdi eskas falta da, eta hasi dira haur zein helduak bertaratzen. Bitartean, artista taldea osatzen duten familiako kideak giroa berotzen hasi dira. Akordeoiz, gitarraz eta ahotsez lagunduta, zuzeneko kontzertua ematen ari dira Riugada eta Tomaso anai- arrebak. Federica, familiako ama, sarrerak saltzen ari da bitartean.

Ilaran da Zazpikaleetako Mujika eskolako haur taldea, gurasoek lagunduta. Jokin Casado da ume horietako bat: «Ez dakit oso ondo nora etorri garen. Niri esan didate Areatzara gindoazela eta bat-batean hemen agertu gara». Olga Andresek eta Marnesh Brenchatek, ordea, badakite zertara joan diren: «Txotxongiloak ikustera etorri gara Mujika eskolako zortzi ume». Brenchatek esan du ez zaizkiola txotxongiloak gustatzen, baina, azkenean, eskolako lagunekin batera sartu da autobusera.

Gurasoen artean, berriz, bakarrak lagundu ditu haurrak ikuskizunera. «Ez dugu jakin txotxongilo jaialdirik zegoenik, baina itxura ona hartu diogu, eta etorri egin gara. Irudimenerako oso ariketa interesgarria da mimikaz dena adierazi behar izatea, askoz zailagoa baita hitzik gabe gauzak adieraztea», azaldu du Iratxe Ormatza haurren taldeko ama batek.

Autobusaren barrenera sartu dira Mujika eskolako haurrak eta inguruan zebiltzan beste hiruzpalau familia.

Sartu eta eskuinera, oholtza borobil txiki bat dago. Ezkerretara daude eskailerak, eta bertan eseri da publikoa. Haurrak lehen ilaran lurrean, eta hamar bat heldu atzean, koskaz koska. Argiak itzali dira, fokuek oholtza argiztatu dute, eta musika entzuten hasi da bozgorailuetatik.

Hanka bat bestea ondoren. Esku bat, eta baita bigarrena ere. Eta, azkenik, burua. Manin eta Manon txotxongiloak agertu dira foku azpian, musikak iradokitzen duen erritmoarekin batera mugituz. Hari txotxongilo tradizionaletatik urrun, artisten eskua panpina bihurtu dute Girovago & Rondella konpainiako kideek. Elementu gutxi batzuekin eta esku bakarrarekin, atzera eta aurrera dabil Manin agertokian. Zirku bihurtu dute antzeztokia, ezustean. Malabarista, orkestra gizona eta fakirra da Manin. Manonek soineko eta zapata gorriak jantziak ditu, eta andre itxura du. Zirkuko artista da hura ere; funanbulista eta akrobata.

Ikuskizuna aurrera joan ahala, elementu berriak gehitu dituzte. Ura eta sua, besteak beste. Manin zutoinean gora igotzen hasi, eta salto egin du bat-batean ur edalontzira. Erortzean, burua edalontzi barruan geratu zaio, eta lehen ilarako haurrak «laguntza behar du?» eta «trabatuta geratu da» oihuka hasi dira. Manonek kandela piztu du, eta suarekin jolasean ibili da. Txalo zaparrada eta harridura publikoan. Bukaeran batu dira bi pertsonaiak, eta, hitzen faltan, irudimenaren esku geratu da kontakizunaren mamia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.