Komunikazioa. Ekografiak

Esku beltzak (II)

Jokin Labaien.
2011ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Esku beltzak aipatzen nizkizun atzo, El asesinato de Carrero Blanco filmaren bigarren zatiaren harira. Isilpeko lanean, nola ari diren batzuk bertsio ofizialaren xehetasunak mozorrotu, erantsi ala ezabatzen. Ongiaren eta gaizkiaren doktrina indartzen dutela, disimuluan ala agerian, gaizto onartuak gaiztoagotzen eta beste gaizto batzuk zuritzen. Adibideak nonahi.

Hala izanda ere, beste teoria batzuk indartzeko baliatu nahi izan zuten igandekoa. Mundu mailako konspirazioak modan daude. Aspaldi da hala. Baita filmaren arabera ere. Etakideen bihozgabekeria agerian uzteko eginahala ez baita aski. Komeni bada, gaiztoa izateari zentzuna eta eraginkortasuna gehitu behar zaizkio. Eta, nola ez, filmean ageri diren gaizkileei lagundu egin behar izan zitzaien haien maltzurkeria gauzatzen. Ez da teoria berria. Ekintza famatu hura gertatu eta gutxira Carrero Blancoren oinordekoak berak eman omen zuen abisua. Kontua da, sekula ez dutela frogatu ahal izan. Orain arte. Izan ere, aipagai dugun filmak argi uzten du etakide haiek ezgaiak zirela, ez zutela aski jakinduria, aski esku. Hori gutxi balitz, erabilitako dinamita egoera txarrean, umelduta, zegoela baieztatzen du. Nolatan orduan ekintzaren ondorioak? Film onenetan bezala, estatubatuarren laguntzaz. Haserre omen ziren Francoren eskuin eskuarekin. Horregatik lagundu zion CIAk ETAri. Haiei ekimena burutzeko aholkuak eta informazioa eman, gauzatzen utzi eta, azken unean, isilpean, haien akatsak zuzendu. Eta amaiera jakina da guztiontzat. Kontraesanean murgiltzen gaitu teoria horrek. Gaiztoetako batzuk, akaso, ez ziren hain gaizto. Eta, hala ere, hala erakutsi arren, gutxietsi egin nahi dira, barregarri utzi. Ezgauzak baitira eta, gainera, erabili egiten baituzte. Beste batzuk, filmean ia oharkabean ageri direnak, horiek dira benetako deabruak. Gerora, espainiarren aliatuak izan direnak, zehatz esanda, demokraziaren izenean, herrialdeak indarrez hartzeko. Besteak beste.

Kontraesanaren kontraesana, baina, filmaren amaieran datorkigu. Gaiztoen zuritzearen azken erakuslea. Madrilgoa pasa eta denbora batera, filmean Arriaga baina egiaz Argala dena CIAko kide batek hilko du, aurrez lagundu zuen berak. Eta xehetasun hori sineskaitza da, zein motako taldeek hil zuten onartua baitago lehen ere. Zenbaitzuek mozorrotu nahi izan arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.