Komunikazioa. Ekografiak

Esku beltzak (I)

Jokin Labaien.
2011ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Badaezpada, honako Ekografia idazten hasi aurretik, bost minutu hartu ditut zigarroa piztu eta burua sosegatzeko. Lotsagarria iruditu baitzitzaidan igande gauekoa, sentipen txarra uzten duten horietakoa, inor zu engainatzen saiatzen denean bezala. Bai, nik ere El asesinato de CarreroBlanco filmaren bigarren zatia ikusi nuen ETB2n.

Beste behin, iruditu zitzaidan esku beltz eta, hala ere, ikusezin bat hariak mugitzen ari dela. Gertuko zein urruneko gertakariak eraldatzen saiatzen da, bertsio ofizialaren xehetasunak mozorrotzen, eransten ala ezabatzen. Batzuetan, disimuluan joaten da. Beste batzuetan, min egiten du, besteak beste, begietan.

Harrigarria baita onak on eta txarrak txar marrazteko ahaleginak zenbateraino manipula dezakeen testuingurua. Aurreikustekoa da halako gertakizuna kontatuko duenak nor hartuko duen txartzat, nola osatuko duen haren soslaia. Prestatu samar gaude hori barneratzeko. Ordea, urrunago joan zen igandeko emanaldia. Madrilgo ekintza hartan parte hartu zuten etakideak deabrutzeaz gain, edo, horretarako, onartua behar lukeen diktadura baten aurpegi ezagunenetako bat jainkotu baitzuen. Carrero Blanco goxoa, hurbilekoa, maitagarria, esanekoa eta bihotz onekoa erakutsi zigun. Hil aurreko egunetan, alaba eta iloba bisitatzen, mezan, emaztea goxo musukatzen eta beste hainbat egoeratan erakusi ziguten. Ahaztu egin zitzaien esatea diktadura garaian Francoren eskuin eskua izan zela, haren lagun mina. Eta imajinatzen dut, diktadore baten gertukoena bihurtzeko, harekiko fideltasuna frogatzeko, latzak egin eta agindu beharko zituela. Noski, ahaztu egingo zitzaizkien garaiko jazarpenaren ondorio diren datuak zein diren. Bide batez, esan dezadan oraindik onartzen ez direnak direla.

Etakideek, baina, bihotzaren lekuan, gaiztakeria dute, mina sortzeko detonagailua. Hala ikusi genuen, Carrero Blancoren autoa Claudio Coello kalean sartzen hastean. Emakume bat eta neskato bat bertatik pasatzen ari baitziren. Eta han ziren, bi etakideak, odol hotzez, haien asmoak betetzen. Eta ama, leherketaren osteko ezustearen erdian, «mi hija, mi hija!» oihuka, segundu luze batzuetan. Eta alaba ageri ez. Eta ondoren agertu egin bazen ere, asko iradokitzen zuen muntaiak. Eta hori badakigula ekintza hartan hiru izan zirela hilak baina ez zutela umerik hil.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.