Esku arteko entziklopediak

Milaka zigilu ipini ditu ikusgai Getxoko Filatelia elkarteak, eta Getxo & Blues jaialdiko posta marka egin dute aurten

Hogei bildumagileren zigiluak daude ikusgai. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Getxo
2013ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Getxoko Filatelia elkarteak 5.500 zigilutik gora bildu ditu 30. filatelia erakusketan. Mundu osoko zigiluak daude, XIX. mendekoetatatik egungoetaraino. Aurten, Getxo & Blues nazioarteko jaialdiak 25 urte bete dituenez, haren omenezko zigilu marka egiteko eskatu diote Correos-i. Hala, elkarrekin ospatuko dute elkartearen eta jaialdiaren urteurrena.

Hortaz, musikak tarte berezia du oraingoan. Musikaren Historia, Musika Greziar Mitologian, Musikaren Artea eta Historia, eta Musika Euskal Herrian izeneko ataletan sailkatu dituzte zigiluak. Horrez gain, zaldien, kirolen, gazteluen eta eskaut taldeen ingurukoak ere badaude Algortako Torrene Aretoan (Bizkaia). Manuel de la Concepcion Getxoko filatelia elkarteko lehendakariak dioenez, «imajinatu dezakezun edozein gai dago filatelian». Betiere, «existitu» bada. «Herrialde batetik irteten diren zigiluak, herrialde horretako entziklopedia dira. Historian jazotako gertaera denak daude zigiluetan islatuta, eta hainbat pertsonaia ezagun eta historiko ere bai».

Maiatzaren 30 arte, hogei bildumagileren «altxorrak» daude ikusgai; horien erdiak herriko elkarteko kideak dira. Badira Valentzia (Herrialde Katalanak), Kordoba (Espainia), Porto (Portugal) eta Pontevedrako (Galizia) zaleen bildumak ere. Guztien artean, bi maila bereizten dira: esperientziadun bildumagileak eta hasiberriak direnak. Epaimahaiak banan-banan aztertuko ditu bildumak, eta denek izango dute sariren bat. Larunbat eguerdian egingo dute sari banaketa.

Bestalde, Jose M. Ortuondoren Franqueos con 6 cuartos bilduma erakusketako «harribitxia» da. Bizkaiko filatelia elkartearen sortzaileetariko bat da, eta haren bilduma da aretoko garestienetakoa. «86 urte ditu, eta Euskal Herrian filateliari buruz gehien dakiena da. Ez da lehiaketara aurkezten, bestela berak irabaziko luke eta», dio De la Concepcionek.

Amateurren artean dago herriko filatelia elkarteko idazkari Joseba Izaola. Greziar mitologiako musika aztertu du: «Bilduma osatu ahala, ikertu ahala, gaiak harrapatu egin nau». Jakintza asko barneratu duela dio, gaiaren inguruko hitzaldi bat emateko bezainbat ikasi duela. «Mundu bat aztertzen ari zarela, harekin maitemintzen zara». Filateliaren inguruko liburu, katalogo, aldizkari zein enkanteetan eta Interneten lortzen dituzte zigiluak.

Halaber, Txaro Uliarte elkarteko kidearen Florence Nightingale izeneko erizainei buruzko bilduma ere badago. «Emakume hori erizaina zen, eta kriseiluaren dama gisa zen ezaguna», azaldu du De la Concepcionek. Batzuk erabilitako zigiluak dira; badaude inoiz gutun batean itsatsigabeak ere, posta markak, zigilatze mekanikoak, postalak, maxima postal deritzenak —zigiluan eta postalean irudi bera dutenak— eta lehen txartel zein postalak.

Horietako batzuek «dirutza» balio dute. Erakusketako bi bilduma 200 mila euroan zenbatetsita daudela dio Getxoko Filatelia elkarteko lehendakariak. Zehaztu du krisi ekonomikoaren ondorioz zigilu gehiago daudela salgai. «Azken hiru urteotan, asko hurbildu dira aitonaren edo aitaren bildumak saltzeko asmoz».

Zigilu marka musikala

Erakusketa antolatzearekin batera, urtero Getxoko Filatelia elkarteak posta marka bat sortzeko eskaria egiten dio Correos-i, eta oraingoa Getxo & Blues Nazioarteko Jaialdiari buruzko da, 25. urteurrena ospatzen duelako.

Iñaki Elorriaga jaialdiko zuzendariaren berbetan, «jaialdiaren ibilbide osoa erakusten duten argazkiak eta kartelak bildu ditugu. Lehenengo karteletik, aurtengora arte». Algortako Arrigunaga hondartzan egin zuten lehendabiziko ekitalditik hasita mende laurdeneko historia ikusten da. «Luther Allison eta bere banda egon ziren lehen urtean. Getxon izan dugun kontzertu onenetarikoa izan zen hura».

Ordutik, ehun talde baino gehiago pasatu dira Bizkaiko kostaldeko herri honetatik. Tartean, Eric Clapton, Screamin' Jay Hawkins eta John Mayall artistak. «Hamargarren urteurrenean etorri zen Mayarll, blues zuriaren aita». Aurretik ibilbide oparoa zuten nazioarteko musikariak zein gerora esperientzia hartu dutenak igaro dira. «Argazkietan ikusten da musikariek nola gozatu duten gure oholtzan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.