«Askotan gertatzen zait hitzik gabe gelditzen naizela». Hitzak baino, pintzeladak nahiago ditu Oaia Peruarena artistak (Irun, Gipuzkoa, 1972); edo eskukadak. Adierazi nahi duena adierazteko abagunea eman dio pinturak, eta kasualitatearen eta borondatearen arteko elkarrizketatik sortzen du. Oraingoan, intentsitatearen eta arintasunaren kontrastetik ondu du Eta nik... ez dakit bilduma; maiatza eta ekaina bitartean egonen da ikusgai Iruñeko La Fabrica de Gomas galerian.
Zer da ez dakizuna?
Gauza gehienak. Aunitzetan ez dakit zer margotzen dudan, aunitzetan ez dakit zergatik egiten dudan ere. Ez dakidan hori abiapuntu ireki bat da.
Margotzea mugarik gabe aritzea da zuretako?
Bai, mugak xehatzeko espazio bat da margoa niretzat.
«Izenburua jartzean ja ikuslea mugatzen duzu zerbaitetara, eta ez dut hori nahi»
Horregatik koadroek ez dute izenik?
Inoiz ez. Izenburua jartzean ja ikuslea mugatzen duzu zerbaitetara, eta ez dut hori nahi. Ez dut ezer bilatu edo azaldu nahi zehazki.
Zer helbururekin ondu duzu erakusketa, beraz?
Sormenari espazio bat emateko, momentuan gertatzen ari denari leku emateko, finean.
Mihisea, olana mehea, papera... hainbat euskarri erabili dituzu.
Margotzen hasten naizen egun horretan dudan gomitaren araberakoa da hori: izan daiteke argi bat, trazoa, margo mota... fruiturik hoberenak eskaintzen ahal ditugu noiz eskaera horri jarraitzen diogun, gu sobera sartu gabe erdian. Kasualitatearen eta borondatearen arteko elkarrizketa bat bilakatzea da margotzea.
«Mugak xehatzeko espazio bat da margoa niretzat»
Tamainak badu esanahirik?
Paper ttikiak bildu egiten zaitu barrurantz nolabait; formatu txiki batek eskatzen dit indarrak pixka bat kontenitzea, eta handi batek, berriz, zerbait kanpora bulkatzea. Bi indar ezberdin dira; bata barrura eta bestea kanpora.
Koadro batzuk margoz beteagoak daude. Indarraren araberakoa da hori ere?
Bai. Espazio irekiagoa duten koadroek isiltasun handiagoa daukate, eta beteagoak intentsoagoak dira.
Pintzela darabilzu guztietan?
Bai, baina azken boladan eskua ere bai.
«Espazio irekiagoa duten koadroek isiltasun handiagoa daukate, eta beteagoak intentsoagoak dira»
Trazua gehiago markatzeko?
Pintzelaren mugimenduak batzuetan pintzelaren trazua xehatzen du, eta eskuak arinagoa egiten du mugimendu hori.
Koloreek garrantzi handia dute zure obran.
Hiru gauzak dute garrantzi berezia niretako: trazuak, margoaren fisikotasunak eta koloreak.
Zerekin lotzen dituzu koloreak?
Norberak baditu loturak bere iruditerian... nik urdina sakontasunarekin lotzen dut, barruranzko mugimendu batekin; gorria indarra da; horia argiarekin erlazionatzen dut, bakoitzak barrenean dugun argitasun horrekin.
«Orain nik jartzen ditut mugak, eta oso aberatsa da hori»
Hiru kolore horiek nagusi dira erakusketan.
Bai. Bertzeak laguntzen ari dira beti.
Noiz amaitzen da koadro bat?
Koadroak berak erraten duenean; sentitu egiten duzu. Hori bai, esku artean dudan koadroa amaitu arte ez dut bertze bat hasten.
Zergatik?
Ez dakit bizpahiru lan batera ukaiten; behar dut hasi eta bukatu.
Hasieran paisaiak pintatzen zenituen, baina esan izan duzu ez zenuela topatzen nahi zenuena adierazteko modurik. Aurkitu duzu jada?
Bai. Aunitz maite nuen paisaiak margotzea, baina aski mugatua zen; orain nik jartzen ditut mugak, eta oso aberatsa da hori.
«Ez dakidan hori abiapuntu ireki bat da»
Artistaren estudioaren lagin txiki bat erakusten dute La Fabrica de Gomas galeriaren sarrerako apalategian. Zer jarriko duzu zuk?
Aski xinplea da nire lantokia. Nire tailer dena ekarriko dut: trapu zikinak, pintzel zikinak eta lau margo.
Iragan Nafarroako Bertso Txapelketan zure koadro bat jaso zuen Julio Soto irabazleak sari gisa.
Bai, plazer handia izan zen.
LOTSABAKO
Jakitea gustatuko litzaizukeen zerbait? Zerbait baden gu joan eta gero.
Kolore gama bat? Egunaren arabera.
Pentsamendu bat? Bat ez, aunitz.
Hitz bat? Itsasoa.