Eskolako balioak, arbeletik kalera

Milaka lagunek bat egin dute Iruñean, Sortzen elkarteak antolatutako euskal eskola publikoaren aldeko bestan. Jaiaren antolaketa eta egitaraua moldatu dituzte. Aurten ez du hartu eskola bakar batek eguna antolatzeko ardura, eta egitarauan elkarteak sustatzen dituen balioak txertatu dituzte. Balorazio ona egin dute.

1 JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2017ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Poliki, baina gelditu gabe. Halaxe dabil Ikaskilo, hezkuntza komunitateko barraskiloa. Ez du inor atzean utzi nahi, eleaniztuna da, eta bertako elikaduraren alde egiten du. Horixe bera da Sortzen elkarteak Iruñeko Antoniutti parkean aldarrikatu duena: Auzo bizi onaren eskola. Hezkuntza burujabetza, azken finean. Balio horiekin bat egin dute euskal eskola publikoaren aldeko bestan parte hartu duten milaka lagunek.

Aurtengo besta ezohikoa izan da. Alde batetik, antolaketa ez delako eskola bakar baten ardura izan. Bestetik, egitaraua aldatu dutelako, «koherenteagoa» izateko. Emaitza ona izan da, antolatzaileen idurikoz: jende askoren lan boluntarioari esker egin da besta, eta eguneroko aldarrikapenak arbeletik kalera atera dituzte. «Barraskiloaren filosofia praktikan jarri dugu, desazkundea eta elikadura burujabetza. Jaiari buelta eman, eta eguneroko aldarrikapen eta bizia islatu nahi genuen», azaldu du Sergio Iribarren Sortzen elkarteko bozeramaileak. Egun osoan jendetza bildu zela eta, kontent agertu da. Ez horrekin bakarrik: «300dik gora lagun izan ziren txandak egiten, eta polita da jende hori lanean aritzea ere». Oihana Beloki Sortzen-eko kideak ere antzera hitz egin du: «Sekulakoa izan zen, lan izugarria egin zen, eta ongi egina, gainera. Ez genuen sufritu».

Aldaketa instituzionala gertatu zenez geroztik, ohikoa izaten da agintarien presentzia horrelako ekitaldietan. Sortzen elkartearen bestan ere izan dira Uxue Barkos Nafarroako lehendakaria, Maria Solana Hezkuntza kontseilaria, Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari kudeatzailea, Joseba Asiron Iruñeko alkatea eta Maider Beloki Iruñeko Hezkuntza zinegotzia, besteak beste. Haiendako mezua utzi du Iribarrenek: «Ongi dago bestara etortzea, baina, gero, nabaritu egin behar da egunerokoan; babesa beharrezkoa da. Eskola publikoarekin ahoa betetzen zaigu, baina, gero, baliabideak behar dira. Hala balitz, gu haien ondoan jarriko ginateke hori babesteko».

Hamaika aldarri izan dira aurtengo bestan, eta horiek aditu behar izan dituzte agintariek. Antsoaingo (Nafarroa) Ezkaba eskolak afixak paratu zituen besta gunean, eskolan laugarren ikasgela ireki dezaten. Izan ere, hiru ikasle kanpoan geratu dira, eta beste zentro batera bideratu nahi ditu gobernuak. Haiek denak Ezkaban nahi dituzte, beste ikasgela bat zabaltzeko tokia izan badutelako. «Gela bat ez irekitzea, egoera hori 2017an anakronikoa da», kexu da Sortzen-eko bozeramailea.

Bestarako tokia ere berria izan da. Bere garaian Taconeran egiten zuten, baina, gero, besta antolatzen zuten eskolen ingurura eraman zuten. Aurten, Antoniutti izan da euskal eskola publikoaren plaza. «Ostegunetik lanean aritu gara, baina tokia oso ona da jaia egiteko», esan du Belokik. Hala esan diete, behinik behin, hara joan diren euskaltzale askok.

Igandean jende anitz izan zen Antoniuttin eta inguruetan. Udaletxe plazan kalejiran atera ziren besta guneraino. Euskaraz Bizi eta Ikasi nahi dugu aldarrikapen nagusiaren barruan, bestelako aldarriak uztartu zituzten, Ezkabakoa, kasurako. Pankartaren atzetik ailegatu ziren Antoniuttira, eta han suziria bota zuen Lekarozko eskolak (Nafarroa). Berriki ireki dute bertako eskola, bost familiarekin, eta heldu den ikasturtean beste hiru familia batuko zaizkio proiektuari. «Eskola txikiek ahal duten bezala egiten dute aurrera. Argitaratzen diren albiste guziak izaten dira eskola txiki bat itxi dela esateko. Behingoagatik bat ireki denez, lupa jarri nahi izan diogu, eta familia horiek zoriondu, merezi baitute», azaldu du Iribarrenek. «D ereduak ahalbidetuko du eskola txiki horren iraupena».

Egitarau zabala izan zen suziriaren ondotik. Besta giroa bai, baina ikasi eta irakasteko gogoa ere izan ziren. Hezkuntza azokak «arrakasta handia» izan zuen, Iribarrenek azaldu duenez. Gune horretan denetariko tailerrak antolatu zituzten. Horrekin batera, euskararen eta hezkuntzaren inguruko eragileek txoko bat izan zuten haien lana ikusarazteko. Adibidez, Steilasek Ortzadar gara unitate didaktikoa plazaratu zuen, eta Saharako Kabiak elkarteak kamishibaia aurkeztu zuen. «Jai giroaren barnean beste txoko bat izan zen, hainbat gaitan sakontzeko». Azkenik, otorduetan ere filosofia aldaketa antzeman zen. Iribarrenek gogorarazi duenez, haur eskoletan hasiak dira produktu natural eta ekologikoak sartzen, eta egitasmo hori zabaltzeko modu bat izan da. «Horrek ere pista ematen die gurasoei eskoletan egin daitekeenari buruz». Landare kooperatibarekin eta Kilometro 0 harategiarekin osatu zuten elikadura eskaintza, besta «koherenteagoa» lortze aldera. «Janari asko zegoen, eta dena bukatu zen», gogoratu du Sortzen-eko bozeramaileak.

Hemen ez da ezer gertatu

Bestarako eta aldarrikapenerako gune bihurtu zen igandean Antoniutti, baina, horren ondoren, ingurua txukun utzi zuten boluntarioek. Atzo goizerako gehiena bilduta zegoen, eta oholtza eta karpa desmuntatzea baizik ez zen geratzen. Langileek komunak garbitu zituzten, eta, gero, handik eraman. Baina lanik handiena igande iluntzean egin zuten, hainbat eskuri esker.

Aurten arrisku bat zegoen: antolaketa ez zenez eskola bakarraren esku, zailagoa izan zitekeen boluntarioak biltzea. «Zure eskolak ez badu antolatzen, sentimendu emozional hori falta da, eta onartzen dugu zaila izan dela. Baina bukaeran giharra sendotu dugu, eta jendea animatu da. Txanda guztiak bete ditugu», azaldu du Iribarrenek. Sare sozialen bidez hedatu zen txandetan parte hartzeko deia, eta, azkenerako, behar baino jende gehiago lortu zuten besta aurrera eraman ahal izateko. Auzo bizi onaren eskolak badu auzolan onaren beharra, eta, dirudienez, Ikaskilo ez da erratu hartu beharreko bidea aukeratzeko orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.