Eloy Morenok Invisible idatzi zuen 2018an; institutuan bullying-a pairatzen duen eta ikusezin bihurtzea lortu duela uste duen haur baten ikuspuntutik kontatuta dago liburua. Lagun batek txikitan sufritutakoa «malkotan» kontatu zionean piztu zitzaion istorioa idazteko ideia. Hortik aurrera, Morenok munstroen eta heroien mundu bat sortu zuen. Fantasiaz eta irudimenez gainezka dago, baina baita minez eta urradurez ere. Sei urte geroago, Disney Plus plataformak ikus-entzunezkoen formatura moldatu du: eskola jazarpena gutxitan erakutsi da hain modu zehatzean Espainiako fikzioan, baina proposamenak argi-ilunak ditu.
Telesailak Capiren istorioa azalduko du: bizitza normala duen 12 urteko gazte bat da, baina trauma osteko estresa eragin dion istripu larri bat izango du. Ikusleari iragarri egiten zaio mutikoak ospitalean amaituko duela, zaurituta eta traumatizatuta, gertatutakoaren ondorio psikologikoak jasaten. «Nola iritsi da egoera horretara?». Horixe izango da telesailaren haria. Deskubrimendu hori psikologoarekin dituen terapia saioekin batera egingo du ikus-entzuleak.
Invisible kontakizun gogor eta sentikorra da, eta gizarteko arazo iraunkor eta larri bati helduko dio: ikastetxe eta institutuetako bullying-a. Eskola jazarpenaren gaia tramaren erdigunean egongo da, eta indarkeriaren lehen haziak ereiten direnetik beretik azalduko da dena: anekdotikoa eta garrantzirik gabea dirudien egoera txiki batetik hasi eta Capik ospitalean amaitu duen arte gertatu den guztia, alegia. Hezkuntza sistemak eta biktimaren eta erasotzaileen inguruneek esku hartzen ez dutenean zer gerta daitekeen salatuko du.
Telesailaren indarguneetako bat protagonista nerabeen aktore zerrenda da: 12 eta 15 urte bitarteko aktoreak dira, gehienak hasiberriak, eta tramari benetakotasun handia eransten diote. Hala ere, horien esperientzia eskasak fikzioaren aurka ere jokatzen du zenbaitetan; antzezpen lan gordinagoak edo gogorragoak daudenean, egiantzekotasun apur bat galtzen dute.
Ikus-entzunezkoak erreminta boteretsuak dira gizartean dauden arazoak agerian uzteko, baina mezu horiek zorroztasunez zabaltzea da gakoa, sotiltasunez; edozein modutara eginda eta ikusleari diskurtso moralistak etengabe jaurtita, mezuek indarra galtzeko arriskua dute. Telesail honek salatzen duena premiazkoa da, baina zenbaitetan aipaturiko huts hori egiten du, eta pornografia emozionala deritzon horretatik gertuegi kokatzen da; malko erraza eragiteko asmoz sortuak diren eszena batzuk nahiko funsgabeak dira. Ez dago tonua orekatuko duen arintze edo itxaropen tarterik; dena da etengabeko sufrimendua.
Ekoizpenak alde onak eta txarrak dituen arren, jorratzen duen gaia hain garrantzitsua da, irmoki gomendatzekoa baita telesaila. Invisible-k ez du erantzunik ematen; beldur eta arazo horiek azaldu, mahai gainean jarri eta hausnarketarako bidea zabaltzen du. Eskola jazarpenari buruzko kontakizun mingarri honek hausnarketa sakonak piztuko ditu nerabeen, familien eta irakasleen artean.
Alderdi «fantastikoa»
Zenbaitetan, maila sinbolikoan garrantzia duten baliabide fantastiko batzuk tartekatzen dira; asmoa zein den eta zertarako erabiltzen den agerikoa eta interesgarria da, baina ez dute oso ongi funtzionatzen. Eraginkorra da haurrak erabat bakarrik eta harrapatuta sentitzen direnean beren buruari laguntzeko erabiltzen dituzten tresnen metafora gisa, baina narraziotik apur bat aterako du ikus-entzulea.
FITXA
- Sortzailea. Paco Caballero.
- Aktoreak. Eric Seijo, Aura Garrido, Liv Dobner eta Diego Montejo.
- Herrialdea. Espainia.
- Urtea. 2024.
- Non ikusi. Disney Plus.
- Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.
- Generoa. Drama.