Nola lortu euskara bultzatzea hura ulertzen ez dutenak alde batean utzi gabe? Nola bermatu ulertzen ez dutenen parte hartzea, euskara alboratu gabe? Hainbat herritan eta gunetan sortu da korapilo hori; oraindik ez du konponbide argirik, ordea.
Korapilo hori askatzeko saiakeran ari dira Zaldibiako eskolan (Gipuzkoa) joan den urteaz geroztik. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (Uema) kide da Goierriko herri hori, eta 1.600 biztanle inguru ditu. Arnasgunea da, erabat: euskaraz bizi dira herritarrak, eta eskola berera joaten dira herriko haur guztiak. Eskolako funtzionamendua euskaraz izan da orain arte, baina, beste herri askotan gertatu den bezala, testuinguru soziolinguistikoa aldatuz joan da azken urteetan: euskaraz ez dakien geroz eta jende gehiago joan da Zaldibiara bizitzera, gehienak migratzaileak. Ordura arte euskara hutsean funtzionatzen zuen herriari erronka bat sortu dio horrek.
Egoera nola kudeatzen ari diren kontatzeko, jardunaldi bat egin zuten ostiralean, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean (Huhezi), Eskoriatzan (Gipuzkoa). Belarriak tente zeuden entzuleak, hizlariek esateko zutenari adi. Euskaraz ez dakitenek entzungailuak zeuzkaten jarrita, eta itzulita entzun zituzten jardunaldietako hitzaldiak, Amaia Lersundi eta Roberto Arias itzultzaileei esker; horiek gelaren atzeko aldean ari ziren lanean, xuxurlatuz. Izan ere, hori da Zaldibian guraso bileretan erabiltzen dituzten baliabideetako bat: Telegram bidez, aldibereko itzulpena egitea. Hala, parte hartzaile guztiek leku eta une berean entzuten dute hitzaldia, edukiak errepikatu beharrik gabe.
Eider Amundarain Zaldibiako Lardizabal eskolako zuzendaria da, eta hark eman zion, besteak beste, abiapuntua prozesuari. Ordura arte, guraso bilerak euskara hutsean egiten zituzten, baina konturatu ziren euskaraz ez zekiten gurasoek geroz eta gutxiago parte hartzen zutela bileretan, ez zutelako ulertzen zer gertatzen zen. «Eskolan kezka hori geneukan: nola uztartu familia guztiek eskolan parte hartzea eta euskara babestea?». Horren inguruan hausnartzen hasi ziren, konponbide «magiko eta sinple» baten bila. Kontrara, erremedio magiko baten ordez, urratu beharreko bide bat aurkitu dute: bidea egiten hasi dira, eta ikasketa prozesu bat izan da denentzat.
Eragile eta norbanako ugari elkartu ziren arazoari erantzun bat emateko egindako lehen bileran, inauteri egun batean: Huheziko irakasle eta ikerlariak; Uema; Zaldibiako Udala eta eskola; gurasoak, eta Zaldibiako Etxekonekok elkartea, etorkinei harrera egiten eta harremanak sustatzen diharduena. Eskola izan da prozesuaren erdigunea, baina herriaren parte handi bat ari da proiektua eraikitzen, elkarlanean.
Hasteko, ezinbestekoa ikusten zuten marko bat eraikitzea, haren gainean lanean hasteko. Hainbat gako eman zituen Karmele Perez Huheziko irakasleak: horien artean, bizilagun berriei ongietorria egitea: «Harrera ona izatea eta abegikorra izatea garrantzitsua da. Senti dezatela onartuak direla eta berdinkideak direla, prozesua elkarrekin egingo dugula».
Perezen ustetan, horren parte garrantzitsua da Euskal Herrira etortzean euskararen egoera azaltzea, askotan inork ez baitie adierazten hizkuntza gutxitu bat dela, eta horregatik babestu nahi dutela: «Azaldu behar zaie zer dagoen jokoan eta zer kontzientzia dagoen herri honetan. Zer garrantzitsua den herritarrentzat hizkuntza transmititzea».
Itzulpenak egitea ez ezik, funtsezkotzat jo zuten helduen arteko harremanak sustatzea, eta goitik behera aldatu dute eskolako guraso bileren planteamendua: gurasoek dinamikak egiten dituzte, talde txikitan. «Askotan, ikusi dugu hemengoak eta atzerritarrak ez direla elkartzen herrian, bakoitza bere aldetik ibiltzen dela. Eskolako foro batean elkarrekin hitz egin badugu, ordea, gero elkar agurtuko dugu herrian», esan du Perezek.
Saiakera horretan, guraso euskaldunak arduratzen dira eskolako bileretan itzulpenak egiteaz, eta ez itzultzaile profesionalak. Apropos egin dute hori, jarrera eta laguntzeko borondatea lehenesteko eta bata bestearen tokian jartzeko.
«Bazen garaia»
Zineb el-Ghaouti el-Gharradi da proiektuan parte hartu duten gurasoetako bat. Eskolako bileretara joateari utzi zion, euskaraz egiten zirenez ez zuelako ulertzen zer esaten zuten. Gaiari heldu ziotenean eta prozesuaren berri eman ziotenean, barru-barrutik irten zitzaion: «Bazen garaia!». Izan ere, uste du prozesua «berandu» abiatu dutela, aspalditik baitago beharra.
Nola sentitu izan den azaldu du El-Ghaoutik: «Gonbidatu gintuztenean, ikusten nuen kezka zutela euskararen harira, baina sentitu nuengu ginela mehatxua. Nire ustez guztiz kontrakoa da. Euskal Herrikoak ez garenok euskara ikasiz gero, euskara zabaltzen lagundu dezakegu».
Bileretan parte hartu eta planteamendua entzutean, ordea, «ikuspegia aldatu» zitzaion. «Ulertu nuen ez ginela mehatxua, baizik eta konponbide bat bilatu behar zela euskaraz ez zekiten gurasoekin komunikatzeko», azaldu du.
Prozesuaren bitartez Zaldibiako kultur aniztasuna aitortzea lortu dela uste du, eta komunitateko jendearentzat bultzada dela, bakoitzaren kezkak adierazteko balio baitu, bai euskaldunenak, eta baita euskaraz ez dakitenenak ere: «Beste hizkuntza batzuk ere badaudela errekonozituz, Zaldibiako kultur aniztasuna aintzat hartzea lortu da, eta kanpotik datorren jendearentzat bultzada bat da hori. Ni ulertzen nautenean ni ere prest bainago besteak ulertzeko».
Hain zuzen ere, gurasoak funtsezkotzat jo du testuinguru linguistikoaren berri ematea iritsi berri direnei, eta, era berean, bertakoei ulertaraztea haiek ere ematen diotela garrantzia euskarari: «Nahiz eta beste hizkuntza bat hitz egin, errespetua diogu euskarari. Hori transmititu behar zaie, eta etorri berri direnei eta bertakoei ulertarazi. Faktore linguistikoa beharrezkoa da integrazio ona lortzeko».
Azalpenez gain, ordea, baliabideak ere eskaini behar direla argi dauka El-Ghaoutik. Alde horretatik, hizkuntza politikak kritikatu ditu, Euskal Herrira etorri zenean ez ziotelako euskara ikasteko aukerarik proposatu: «Zer egiten da kanpotik datorren jendeari euskara ikastea errazteko? Nirekin nahastu egin dira: ni euskaraz hitz egiten egon nintekeen oraintxe, arazorik gabe». Izan ere, Zaldibiara iritsi zenean, eskolaratze garaian zegoen oraindik, baina gazteleraz hitz egin zioten.
Dena den, euskara ulertzeko gai da, eta aurten, urrats bat egin du aurrera, euskaltegian izena emanda. Eskolako prozesuak bultzatu du horretara, hein batean: «Bizitza erdia edo gehiago daramat hemen, euskara nire bizitzaren parte da, eta maite dut euskara. Nire seme-alabek euskaraz hitz egin dezaten eta euskaraz bizi daitezen nahi dut».
Argi dauka prozesuan murgiltzeko aukera eskaintzen dietenei zer mezu helaraziko liekeen: «Jendea parte hartzera bultzatuko nuke, beharrizan bat delako. Esfortzu bat da, bai hemengoentzat, eta bai kanpotik datozenentzat. Ez da erraza, baina bai garrantzitsua».
Euskarak, «denen beharra»
Eskolako gurasoa da Eñaut Agirre ere, eta prozesuko talde eragilean aritu da. Proiektura zergatik batu zen azaldu du: «Hasieratik sartu ginen kezka batekin: euskararen alde egin nahi badugu, euskarak denon beharra dauka, euskaldunak direnena eta euskaraz ez dakitenena». Agirrek eman zuen Telegrameko sistema erabiltzeko ideia, bai baitzekien Errekaleorren erabiltzen zutela.
Agirrek uste du euskararentzat ez ezik beste hizkuntza gutxitu batzuk dituztenentzat ere baliagarria izan daitekeela egiten ari direna, hots, haiek ahalduntzeko balio dezakeela, euskararen kasuan islatuta ikusi ondoren. «Badakigu akaso ez daudela euskararen egoera berean eta ezkutatu egiten dutela hizkuntza gutxitu hori daukatenik. Seme-alabei euren hizkuntza nagusia erakusten diete, eta ez gutxitua», hausnartu du. «Erronka» gisa ikusten du haiek ahalduntzen laguntzea.
Gurasoak dira proiektuaren bultzatzaileak, baina Agirrek uste du haurrekin ere badela zer landu. Beste hizkuntza bat duten haurrei buruz hitz egiten ari direnean esku hartuz, adibidez: «Umeekin ere landu behar dugu: harrituta etortzen direnean, bi ikaskidek elkarrekin arabieraz hitz egiten dutela esanez, haserre tonuan, ulertarazi behar diegu normala dela, haien etxeko hizkuntza dela. Are gehiago, pixka bat ikasten saiatu beharko luketela». Era berean, eskolan kulturartekotasuna lantzeko aukera eman dezakeela dio, arbelean hitz batzuk idatziz eta gelakide guztiek ikasiz, esate baterako.
Beste ezeren gainetik, prozesuan komunikazioak izan duen garrantzia nabarmendu du gurasoak, gatazkak hitz eginez konpontzeko. Orain arte, elkar zaindu eta entzun dutelako egin dute aurrera, haren ustez; hau da, besteen lekuan jarriz: «Arazo bat ikusten denean, hitz egin behar da; prest egon behar dugu gure lekutik pixka bat mugitzeko».
Bat dator horrekin eskolako zuzendaria ere, eta prozesuak ikusarazi dio nor bere zilborrari begira aritu izan direla sarri: «Ohartu naiz zenbat aldiz jokatzen dugun gu zentroan jarrita, guk dena dakigulakoan. Horrela jokatzen dugu batzuetan; askoz ere gehiago entzun behar dugu besteen hitza. Gehiago isildu, eta besteena entzun».
Proiektuak aurrera jarraitzen du, eta beste bost udalerritara zabalduko da aurten: Aizarnazabal, Ibarra eta Zestoa (Gipuzkoa), Leitza (Nafarroa) eta Ondarroa (Bizkaia). Dena den, ez dute prozesua idealizatzerik nahi, balitekeelako Zaldibiako erabakiek eta prozesuak beste herrietan ez funtzionatzea. Tokian tokiko egoerari erreparatu behar zaio, eta etengabe aztertu, prozesua egokitzeko.
Hain zuzen, hori da gakoa, Perezen ustez: prozesua. Uemako eta Huheziko eragileak joatean ere herriak bidea egiten jarraitu dezan: «Prozesua bera garrantzitsua da: -rekin egin behar da, eta ez -rentzat. Zer gertatzen den aztertzea da gakoa, egokituz joateko».
Eskola denentzat izan dadin
Eskolako funtzionamendua euskaraz izan dadin, baina, era berean, edukiak guraso guztiek uler ditzaten, proiektu bat abiarazi dute Zaldibiako eskolan. Guraso euskaldunak eta migratzaileak elkarrekin ari dira baliabideak sortzen. Orain arte egindako bidea aztertu dute, jardunaldi batzuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu