Kontsentsuak arrakalatu egiten dira batzuetan. Nahiz eta hamarkadaz hamarkada elikatuak izan. Nahiz eta autoritatedun ahotsen bermea eduki. Euskal Herrian esklabotzarik egon ez zelako ustea Antonio Dominguez Ortiz historialari espainiarrak indartu zuen hein batean, zera adierazi baitzuen 1952an: «Mendebaldean, eskualde bakarra dago esklabotzatik libre egon izan dena: Baskonia». Ez da hala: Mendebaldea bere luze-zabalean baliatu zen beste gizaki batzuk bahitu eta bortxaz lan egitera behartzeaz, salbuespenik gabe. Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira —martxoaren 21ean izan zen—, iragan hori hizpidera ekarri dute ostera ere Ongi Etorri Errefuxiatuak, SOS Arrazakeria eta Euskal Herriko Emakume Migratu eta Arrazializatuen sarea elkarteek. «Badakigu hemengo ekonomia ez zela nagusiki esklabista izan, Kariben bezala, baina testigantza eta dokumentu historikoek erakusten dute esklaboen presentzia ohikoa izan zela», nabarmendu du Oscar Alvarez Gila EHUko historialariak.
Ikusi gehiago
Erdi Aroan jada bazeuden esklaboak hemen, baina Amerikaren konkistaren ondotik hauspotu zen praktika. XVI. mendean, makina bat euskal herritar joan zen kontinente hartara, eta laster hasi ziren aberasten, batik bat nekazaritza industriala sortzeari esker: kakaoa, azukrea, tabakoa, kafea eta beste produktu kolonial batzuk ekoizteko lursailak ugaritu egin ziren, eta beste horrenbeste gertatu zen, hortaz, horiek ustiatzeko beharrezkoa zen bortxazko lanarekin. «Milioika esklabo eraman zituzten Ameriketara garai hartan, ordura arte inoiz ikusi baino gehiago», esplikatu du Alvarezek.
Kasu baterako, egungo Haitin —Frantziako Saint-Domingue kolonia izan zen 1804an independentzia lortu zuen arte—, gaskoiak, bearnesak eta Iparraldeko euskal herritarrak izan ziren esklabistarik behinenak. Martin Lopez Isasi Eibarko merkatariak (Gipuzkoa, 1525-1597) etekin mardulak lortu zituen, halaber, esklaboen salerosketari esker. Eta esklabotzan oinarritu zen, ezinbestean, txokolatearen inguruko sukarra: Caracasko Konpainia Gipuzkoarrak hornitu zituen kakaoz hemengo ekoizleak 1728tik 1785era bitartean. «Baina kakaoa ekoizteko langileak behar dira...», gogorarazi du Alvarezek.
XIX. mendean, loraldia
Edozelan ere, Hego Euskal Herrian XIX. mendean izan zuen esklabotzak indar handiena. Hain justu, noiz-eta haren kontrako iritziak ozenduak ziren garai bertsuan eta Atlantikoko giza trafikoa jada debekatua zegoenean. Espainiako Erresumaren kolonia zen Kuba artean, eta loraldi ekonomiko bat izan zen han, batik bat azukrearen, kafearen eta tabakoaren ekoizpenean oinarritutakoa. Beharginen sekulako eskariari erantzuteko, debekuei muzin egin zieten plantazioetako jabeek. «Jarduera bat legez kanpokoa denean, badakigu arriskua oso handia dela, baina baita irabaziak ere», azpimarratu du historialariak.
«Jarduera bat legez kanpokoa denean, badakigu arriskua oso handia dela, baina baita irabaziak ere»
OSCAR ALVAREZ GILAEHUko historialaria
Hala, XIX. mendekoak dira osperik handiena duten Euskal Herriko esklabistetako batzuk: kasurako, Manuel Calvo Portugaleteko (Bizkaia) indianoa eta Julian Zulueta arabarra, «bere garaiko giza trafikatzailerik inportanteenetako bat». Merkataritza horretatik eskuratutako diruarekin eraiki ziren Gasteizen Zulueta eta Agustin Zulueta palazioak, esate baterako —azken hori Arte Ederren Museoaren egoitza da egun—.
Ordukoa da, orobat, El cazador santurzano ontziaren espedizioa. 1833an, euskal inbertitzaile talde batek dirua ipini zuen esklaboak lekualdatzeko propio diseinatutako ontzi hura taxutzeko. Pertsonen trafikorako erabiliko ziren barkuek ezaugarri jakin batzuk zituzten: besteak beste, bostehun bat lagun pilatuta joateko tokia —minimoa, apenas izaten zuten eta mugitzeko abagunerik—, egurasteko zuloak, pertsona bakarrarentzako lekua zuten eskotilak, eta sareak ontziaren inguruan, bahitutakoak sarri ahalegintzen baitziren bere burua itsasora botatzen. Baionako ontziolan ondu zuten El cazador santurzano, eta 681 pertsona hartu zituen Beninen, Kubara eramateko.

Euskal herritarren diruarekin sustatu zen espedizio hura, baita euskal herritarren lanarekin ere. Alegia: esklabotza ez zen izen handien kontua soilik; kontrara, euskal gizarte osoa blaitu zuen jarduera hark. Adibide argigarri bat ipini du Alvarezek erroen neurria emate aldera: XIX. mendean, trafikoa debekatua zela, Erresuma Batuko kontsulak ibiltzen ziren ea ebazpena betetzen zen edo ez zaintzen. Bada, Bilboko kontsulak amore eman behar izan zuen, guztiak zeuden-eta negozioan sartuta. «Marinelek bazuten horren berri, baita armadoreek ere, kapitainek, haien senideek, portuko itsasargiaren arduradunak...», zerrendatu du Alvarezek.
El cazador santurzano-ko kapitaina eta tripulazioa euskal jatorrikoa zen, esaterako. Eta Sierra Leonako tribunalean 1835 eta 1836 urteetan epaitutako Espainiako Erresumako barku esklabisten artean, laurdenak baino gehiagok euskal abizeneko kapitaina zuten. «Azkenean, besteek ez zuten lortuko [Jose Antonio] Ibarrak bezalako dirutza, baina haiek ere irabaziak zituzten, haien neurrian».
Aberastasuna erakusteko
Ameriketako lursailetan saldoka esplotatu zituzten afrikarrak, baina baten batzuk Euskal Herrira ere ekarri zituzten, zerbitzari gisara. Baserri batzuetan ibili ziren —izen-abizen euskaldunak ezartzen zizkietenez, gaitza da kopurua argitzea, historialariaren arabera—, baina batez ere hiria zuten bizileku. Aberastasuna eta posizioa erakusteko bide bat zen esklaboak edukitzea, beste ondasun batzuekin batera: luxuzko produktuak, atzerritik ekarritako animalia exotikoak...
Instituzio publikoak ere baliatu ziren bortxazko eskulan horretaz, hala ere: bertokoek egin gura ez zituzten lanak betetzeko erosi zituzten esklaboak. Adibidez, XVI. mendean, Gipuzkoako Foru Aldundiak borreroa zuen, baina behar hori ez zenez egokitzat jotzen euskal herritar batentzat, esklaboei inposatu zien exekutatzeko ardura. Bilboko Udalak esklaboak erosi zituen orobat hiriko pregoilari jardun zezaten, XVII. mendean.
«Marinelek esklabotzan parte hartzen zuten, baita armadoreek ere, kapitainek, haien senideek, portuko itsasargiaren arduradunak...»
OSCAR ALVAREZ GILAEHUko historialaria
Hurrengo menderako, ordea, instituzio publikoek erabat aldatua zuten irizpidea: lehen esklaboak erabiltzen zituzten; gero, ordea, haiek kaleratzen hasi ziren. Akuilua ez zen izan gizatasuna, historialariak azpimarratu duenez, baizik eta odol garbitasunaren inguruko ideologia. Izan ere, foruek herritarren nobletasun unibertsala aitortua zuten Erdi Aroaren bukaeratik, baina odolaren garbitasuna zen pribilegio hari eusteko baldintza. «Zu noblea zinen zure arbasoak ere nobleak izan baziren. Baina onartzen bazen arraza gaiztoko pertsonak egotea —hala izendatzen zituzten—, arriskua zegoen bertokoekin nahastu eta nobletasun kolektiboa galtzeko». Ideia «arrazista» horren izenean kanporatu zituzten afrikarrak, musulmanak, ijitoak, agotak eta beste hainbat gizatalde, baina ez oso eraginkorki nonbait, ustez egotziak izandako asko oraindik Euskal Herrian baitzeuden handik hamarkada batera. «Arraza garbitasunari eusteko esfortzua izan zen. Izan ere, euskaldunek esklabotza normaltzat hartzen zuten», argitu du historialariak.