ATZEKOZ AURRERA. Hassanna Aalia eta Kateryna Kirsanova. Donostiako festetako Matti pertsonaiak

«Eskerrik asko ahotsik ez dugunoi ahotsa emateagatik»

Donostiako Aste Nagusi Piratako Matti pertsonaiak dira aurten Aalia eta Kirsanova errefuxiatuak. Larunbatean kaian suziria bota ostean, festetan murgilduta daude.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Donostia
2016ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Aste Nagusi Piratako Matti pertsonaiak balio bat ordezkatzen du urtero, eta, aurten, errefuxiatuen drama izan dute gogoan. Horregatik, Hassanna Aalia (Mendebaldeko Sahara, 1988) eta Kateryna Kirsanova (Ukraina, 1986) aukeratu dituzte pertsonaia hori ordezkatzeko. Euskal Herrian bizi diren bi iheslari dira. 2011ko otsailean, Aalia ekintzaile sahararrari bizi guztiko espetxe zigorra jarri zion Marokoko auzitegi militar batek, eta kanporatuko duten beldurrez bizi da ordutik. Kirsanova, berriz, gerratik ihesi etorri da.

Kanoikada ofiziala Allí Abajo telesaileko protagonistek bota zuten. Piraten txupinazoa, berriz, zuek bota duzue. Badago aldea, ezta?

HASSANNA AALIA: Txupinazo ofizialaren albistea ikusi nuen, udalekoa. Oso argi ikusten da nor dagoen kezkatuago herritarrengatik, eta nork adierazten duen konpromisoa mundu honetako pertsonengatik. Piraten festek gaur egungo gai garrantzitsu bat aukeratu dute, bizitzen ari garen drama guztiagatik, eta hori oso garrantzitsua da. Oso garrantzitsua da herritarrek elkartasuna adieraztea sufritzen ari diren errefuxiatuei.

Aurtengo Matti pertsonaia ordezkatuko duzue. Nola sentitzen zarete?

KATERYNA KIRSANOVA: Oso pozik nago. Oso hunkigarria da. Nire herrialdeko arazoak ingurukoekin parteka ditzakedala sentitzen dut. Eta, gainera, festa giroan.

Mediterraneoan egunero drama bat sufritzen duten guztien ordezkari gisa hautatu zaituztete. Ez al da ardura handia?

H.A.: Egia esan, oso tristea da 2016. urtean halako drama bat bizitzea. Milaka eta milaka errefuxiatu ari dira sufritzen Europako Batasunaren erabaki politiko guztiak. Europako Batasuna elkarte abegitsu bat izan beharrean, tratuak ari da sinatzen. Europako Batasuna irekita dago merkataritzari, armen salmentari, diruari... eta itxita dago babesleku bat bilatzen ari diren pertsonei, bakean eta libre biziko diren leku baten bila ari direnei. Errefuxiatu moduan, Europako herritar guztiei dei egin nahi diegu protesta egiteko eta beren gobernuei presio egiteko. Ez bakarrik errefuxiatuak hartzeko, baita gatazka hauek amaitzeko ere. Herri asko ari baitira sufritzen, eta milaka eta milaka pertsona ari baitira hiltzen gatazka horiek eraginda. Modu batera edo bestera, Europako Batasuneko herrialde batzuek eragin dituzte gatazka horiek.

K.K.: Orain, oso ondo ulertzen dut zer den errefuxiatu izatea. Etxea utzi eta alde egitea. Nire herrian, 7.000 pertsona baino gehiago hil dituzte dagoeneko, eta milioi batek baino gehiagok beren etxeak utzi behar izan dituzte beldurragatik. Pena handia ematen dit. Ni hemen nago, baina han dagoen jendearekin oroitzen naiz. Herriak bonbardatzen dituzte, eta gure familiak daude tartean.

Zein mezu eman nahi diezue herritarrei?

H.A.: Mezu bat eman aurretik, Piratak eskertu nahi ditugu. Herri festak dira, baina ez dute soilik ondo pasatzean pentsatzen. Herritar moduan bizitzen ari garen arazoetan pentsatzen dute. Eskerrik asko ahotsik ez dugunoi ahotsa emateagatik. Drama hau zabaltzen laguntzeagatik. Horrez gain, euskal herritarreigauza bat gogorarazi nahi diegu: 1936ko gerra garaian eta aurretik, jende askok bizi izan zuten guk orain bizi duguna. Beste herrialdeetara alde egin behar izan zuten hainbatek, eta han hartu zituzten.

Urrats bat egin nahi duzue gorrotoaren aurka.

K.K.: Ez dut ulertzen errefuxiatuak gorroto dituen jendea. Dena den, jende askok ulertu nahi du gertatzen ari dena. Pertsonak gara, eta arazoak dituen jendeari laguntzen saiatu behar dugu.

Nola ospatuko dituzue festak?

H.A.: Alaitasun handiz. Baina, hori bai, gogoan izango ditugu hemen egon ezin diren guztiak; mugak pasatu ezinda dagoen jendea, eta kanpalekuetan daudenak. Haiei ahotsa emango diegu, eta ahalik eta ondoen pasatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.