ATZEKOZ AURRERA

Erupzioaren aurreko ikara

Laba sareak Seismo eguna ospatu du Iruñean. Festak bor-bor egin du Imanol Ubeda eta Gorka Urbizuren kontzertuarekin, Kinbonbo bandaren erritmoekin eta 'voguing' dantzaldiarekin.

Gorka Urbizu, Labaren egoitzan, zuzenean jotzen. I. URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko urriaren 10a
00:00
Entzun

Sentitu da dardarizoa. Sumendi baten erupzioaren aurretik nola, lurrikara bortitz batek Iruñeko Alde Zaharra astindu du. Laba sareak egin du lehen urratsa: azken hilabeteetan kozinatutako proiektua, euskarazko sorkuntzaren topagune izanen den aretoa, jendaurrean aurkeztu zuen atzo, seismo handi baten bidez. Suzko mihien gisara, Iruñeko karriketan barrena barreiatu zen festa.

Goizean goiz nabaritu zen lehen dardara, San Frantzisko eskolako patioan. Laba sareko kideek txokolate beroa eskaini zieten haraino joan ziren haur eta helduei, eta, horren ostean, bertsotan aritu ziren Sarai Robles, Irati Majuelo eta Idoia Granizo. Lehen astinaldi hori igarota, baina, lur azpiko magma bor-borka hasi zen, New Orleanseko doinuen erritmora.

Kinbonbo Brass Band taldeak dantzan jarri zuen jendea, eta horrelaxe atera ziren eskolako patiotik San Frantzisko plazara. Han, Komunetik ikuskizuna eskaini zuten. Hatz(a)marka sormen kolektiboak, Bapateko Orkestrak eta Idoia Tapiak sortutako antzezlana da. Toki intimo hori, komuna, abiapuntu gisa hartuta, aukera eman zuten eguneroko bizitzari, gai pertsonalei eta gizarteari buruz gogoeta egiteko.

Kinbonbo Brass Bandekin berriz ere, gainezka egin zuen labak, eta, San Frantzisko plaza atzean utzita, Nafarroako Artxibategi Nagusirako bidea hartu zuen. Segizioak Aldapako San Fermin elizaren parean egin zuen geldialdia, mezan zirenen harridurarako. Apaiza ere atera zen, «zaratarik ez egiteko» eskatzera, eliza barruan bataio bat ospatzen ari zirela eta.

Isiltasunak ez zuen asko iraun, ordea: metalezko haize instrumentuak isildu zirenean, vogue dantza emanaldia eskaini zuten Iruñeko Kiki House of Annunaki etxeko dantzariek. Vogue-a 1970eko hamarkadan sortu zuten AEBetan bizi ziren afrikar jatorriko eta Latinoamerikako emakume trans batzuek. Jasan behar izaten zuten bazterkeriatik ateratzeko modu bat zen. Atzoko emanaldian, vogue dantzariek kiki ball, cat fight eta runway mugimenduen erakustaldia egin zuten, eta, ikuskizunaren bukaeran, ikusleetako asko ere dantza egitera animatu ziren.

Arnasa hartzeko astirik gabe, zutik jarri ziren berriz Kinbonbo Brass Bandeko musikariak, eta Estafeta karrikaraino gidatu zituzten Aldapako San Fermin plazan ziren dozenaka festazaleak. Sanferminetako giroa nabari zen airean, haizeak eramandako musika notetan, irrietan eta baita kaleetan kabitu ezinik zebilen jendetzaren joan-etorrian ere. Seismoa ez zen bukatu, baina. Azken ekitaldia falta zen: kontzertu «berezia».

Urbizu eta Ubeda, leihotik

Antolatzaileek ez zuten jakinarazi nor ariko zen Laba aretoan zuzenean, baina hara bildutako askok bazekiten. Ahoz aho ibili zen zurrumurrua, eta, leihoak ireki zirenerako, txaloka ari ziren gehienak. «Kaixo Iruñea, gu Leihotikan gara», esan zuen Gorka Urbizuk, irriz, emanaldia hasi aurretik. Haren aldameneko leihoan azaldu zen Imanol Ubeda, gitarra eskuan hura ere. Kontzertu akustikoa eskaini zuten biek ala biek, Labaren egoitzako leihotik zuzenean. Berri Txarrak, Bide Ertzean eta Peiremans taldeen kantuak uztartu zituzten emanaldi laburrean. Ordurako, jende oldea pilatua zen Estafeta kalean, bor-bor.

«Denak bulkanologo diren garaiotan jakinen duzue seismoak iragartzen duela sumendiaren erupzioa», esan zuen Labako kide Yasmine Khris Maansrik, kontzertuaren osteko hitzartzean. «Horixe da gaur egin duguna: iragarpen bat, spoiler bat Laba zer izanen den irudika dezazuen». Maansrik azaldu zuenez, euskarazko sorkuntzaren topagune berria Gazteluko plazan irekiko dute: «Espero dugu urte bukaeran inaugurazio besta eder bat egiteko aukera izatea. Bestela urte hasieran, zer demontre, 2022a ere ekialdearena izanen da eta!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.