Gaur egun Zarautzen bizi arren, Hernanin jaio eta hazi zen Jon Insausti errugbi jokalaria (Hernani, Gipuzkoa, 1984). Errugbiak eta irakaskuntzak betetzen dituzte haren orduak, baina duela zortzi urtetik, beste modu batean: errugbi inklusibo edota barneratzailearen sustapenean parte hartu zuen Hernaniko errugbi taldean, eta heziketa bereziko irakaslea da. Harrezkero, talde barneratzailearen entrenatzaile eta jokalari bilakatu da.
Zer da errugbi inklusiboa?
Errugbi inklusiboa edozeinek errugbian jokatzeko aukera da. Urritasuna dutenak urritasunik ez dugunokin nahastuz jokatzen dugu. Ez da futboleko Liga Genuine bezalakoa, non desgaitasunak dituztenek soilik jokatzen baitute.
Eta nola iritsi zen Hernanira?
Zehazki, BERRIAk argitaratutako artikulu baten bitartez izan zen: duela zortzi urte Gasteizko Gaztedi errugbi inklusiboko taldeak antolatutako txapelketa baten berri ematen zuen testu bat irakurri nuen, eta, horren harira, gurean horrelako zerbait egitea planteatu genuen.
Hasierak, errazak?
Hainbat topaketa egin genituen, urritasuna dutenen alde lan egiten duten elkarte askori esker. Hilabetean behin elkartzen ginen, eta azkenean bertatik talde bat sortzea lortu genuen, eta astean behin entrenatzeko gelditu.
Jende asko elkartzen zineten?
Topaketetan 90 inguru ere izaten ginen. Baina arrazoi batengatik edo bestearengatik, batzuk ez ziren itzuli. Azkenean, aurreiritzi asko daude errugbiaren inguruan, eta askok ez diote aukera askorik ematen.
Lokatzari beldurra, ala?
Gure ustez, lokatza izaten da faktore erabakigarrienetarikoa. Askok ez dute gustuko, eta haientzat ezohikoa da.
Nork izan ohi du beldur handiagoa, kirolariek edo gurasoek?
Badira guraso asko ez dituztenak irudikatzen seme-alabak errugbian jokatzen. Kontaktu kirol bat da, eta, azken finean, urritasuna dutenak eroso dauden arlo horretatik ateratzen dira.
Nolakoak dira hirugarren denborak?
Giro paregabea eta momentu ikaragarriak bizi izan ditugu, bai gure artean, baita beste taldeekin ere. Kirolarientzat, partidako momentu hoberenetarikoak izaten dira.
Talde sendo bat osatu duzue, beraz?
Hala da. Askotan zelaitik kanpo gelditu izan gara, beste errugbi partida batzuk ikusteko edo. Kirol talde batez gain, lagun talde bat ere sortu dugu.
Nola antolatzen zarete beste taldeen aurka jokatzeko?
Errugbi inklusiboa praktikatzen dugun taldeak bost gara Euskal Herrian: Gasteizen, Bilbon, Getxon [Bizkaia], Iruñean eta Hernanin gaude. Bostok Bultza liga osatzen dugu, hamar jardunaldiko txapelketa.
Badago lehiakortasunik Bultza ligan?
Normalki, lehiakortasunari lehentasuna eman izan diogu kiroletan, baina gurean ez da horrela. Bultza ligak ez dauka sailkapenik. Horrela, uste dugu denon parte hartzea bermatzen dugula, hori baita helburua.
Igandean bertso saio bat antolatu duzue Tolosako Leidor aretoan, 12:00etan. Zergatik?
Urritasuna duten pertsonek kirolaz gozatzeaz gain, aisialdiaz gozatzeko apustua ere egiten dugu. Desgaitasunik ez dugunok askatasun osoz gozatu dugu aisialdiaz, eta, askotan, urritasuna dutenek mugatuta ikusi dituzte euren aukerak. Hori aldatzen saiatzen gara.
Nor arituko da bertsotan?
Sei bertsolari izango ditugu: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal, Beñat Gaztelumendi, Joanes Illarregi eta Jexus Mari Irazu. Gai jartzailea, berriz, Unai Elizasu izango da.
Eta taldekideak animatuko dira oholtzara igotzera?
Ez dut gauza askorik aurreratu nahi, baina sorpresaz beterik egongo da saioa.
Zuretzat, pertsonalki, erronka handia izan da talde hau kudeatzea?
Talde barneratzaileak erabat aldatu dit bizitza. Irakaslea naiz, eta, proiektu hau hasi genuenean, heziketa bereziko gradua ateratzera animatu nintzen. Beraz, errugbian bai, baina nire bizitza pertsonalean ere eragina eduki du taldeak.
Talde barneratzaileak asko eman dizu, orduan.
Bai, noski. Baina elkarren arteko feedback bat da, nire ustez. Haiek asko ematen didate, eta nik haiei ere bai. Partida, entrenamendu eta bidaiak esperientzia ikaragarriak dira, eta denon artean lortzen dugu hori horrela izatea.
Emakumerik ba al dago taldean?
Orain, soilik emakume bat dugu taldean, baina aurreko denboraldietan gehiago izan ditugu.
ATZEKOZ AURRERA. Jon Insausti. Hernaniko errugbi talde barneratzaileko kidea
«Errugbi inklusiboari esker, edonork goza dezake gure kirolaz»
2017. urtetik, Bultza ligako partaidea da Hernaniko taldea, Euskal Herriko beste lau talde inklusiborekin batera. «Aisialdi inklusibo baten alde», bertso saio bat antolatu dute taldekideek igandean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu