Telesailak

Errugabe, kontrakoa frogatu arte

David E. Kelleyk ‘Presumed Innocent’ thriller judiziala zortzi ataleko telesail bihurtu du. ‘Big Little Lies’-etik osatu duen lanik erakargarriena da.

'Presumed Innocent' telesailaren fotograma bat. APPLE TV PLUS
'Presumed Innocent' telesailaren fotograma bat. APPLE TV PLUS
Mikel Yarza Artola.
2024ko ekainaren 15a
05:00
Entzun

Hasi da epaiketa. Fiskalak hartu du hitza, eta mezu argia helarazi die epaimahaiko kideei: «Parean duzuen gizona errugabea da. Eskura ditudan froga guztiak aurkeztuko ditut akusatuak krimena gauzatu duela erakusteko, baina hark errugabe izaten jarraituko du kontrakoa frogatu arte, zalantza oro baztertu arte».

Jake Gyllenhaal aktorearen hitzak dira, Rusty Sabich epailearen azalean. Zodiac, Nightcrawler eta Donnie Darko filmetako protagonista izandako aktorea Chicagoko Fiskaltzako kide estimatu baten gisan ageri da oraingoan pantailan, eta bere bizitza eta izen ona hankaz gora jarriko ditu Carolyn Polhemus lankide eta ezkutuko maitalearen hilketak. Elkarren arteko harreman sentimentala eta Fiskaltzako zuzendaritza karguen aldaketa medio, Sabich kasuko susmagarri nagusi bilakatuko da.

Ez da istorio berria; ia berrogei urte joan dira jada Scott Turow idazle estatubatuarrak Presumed Innocent estreinako nobela argitaratu zuenetik. 1990ean heldu zen zinemarako lehen egokitzapena, Alan J. Pakula zuzendari (All President’s Men, Sophie’s Choice, The Pelican Brief) eta Harrison Ford aktore zirela.

Hiru hamarkada geroago, David E. Kelly arduratu da istorioa eguneratzeaz, eta lehen bi ataletan emakume bat izan du bidelagun: Anne Sewitsky (Black Mirror, A Very British Scandal). Zuzendari norvegiarra istorio erromantikoen eta «true crime» estilokoen artean aritu izan da igerian, eta haren ekarpen nagusietako bat da Pakularen estilo klasikoa irauli eta pertsonaia konplexuagoak marraztu izana.

Kellyren ibilbidea ere aztertzeko modukoa da. 2017an Emmy sarien loria dastatu zuen kritikak zein publikoak txaloturiko Big Litte Lies telesailarekin, eta gerora ibilbide ikaragarri emankorra egin du. Zazpi urtean, beste zortzi lan estreinatu ditu pantaila txikian, ia denak epaitegi girokoak, baina horietako bakar batekin ere ez du lortu Jean-Marc Vallee alboan zueneko adina arrakastarik. Oraingoan, tentsio dramatikoa eta forma sofistikatua berreskuratuta, aspaldiko nobedade eta lantalde erakargarrienetako bat eraiki du. Pentsa, J. J. Abramsek ere (Lost, The Leftovers) proiektuarekin bat egin du ekoizle exekutibo gisa.

Izen zerrenda luzea

Hein batean, Kellyk aktoreen fintasunari zor die aldeko olatua. Luzea da Gyllenhaal protagonistaren alboan inspiratuta ageri diren izarren zerrenda; izen aipagarrienetako bi: Peter Sarsgaard eta Ruth Negga. Lehenak aktore nagusi onenaren Volpi Kopa irabazi zuen joan den urteko Veneziako Zinemaldian, Memory film existentzialistarekin, eta bigarrenak izendapena jaso zuen 2016ko Oscar sarietan, Loving melodramarekin.

Ikusmina sekulakoa da, epaiketa aretoa jendez lepo ageri da une oro, kartzelako bisitaldiak aztoragarriak dira, eta esfera judizialari loturiko eszena bakoitzean igar liteke itzaleko negoziazio eta azpijokoen giro nahasia. Dena den, Rusty Sabich epaile protagonistaren anbiguotasuna da telesailaren benetako indarra. Une bakar batean ere ez dago argi benetako nortasuna edo maskara erakusten duen, errugabe edo errudun ote den, eta ikusleek adi-adi jarraituko diote pauso bakoitzari, kontrakoa frogatu arte.

FITXA

  • Sortzailea. David E. Kelley.
  • Aktoreak. Jake Gyllenhaal, Ruth Negga, Bill Camp, Elizabeth Marvel eta Peter Sarsgaard.
  • Herrialdea. AEBak.
  • Urtea. 2024 .
  • Non ikusi. Apple TV Plus.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.
  • Generoa. Drama, thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.