Lourdes Herrasti (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1958) historialaria eta antropologoa da, eta hezurren arkeologian aditua. Frankismoaren biktimen gorpuak lur azpitik ateratzen aritu da azken urteotan Francisco Etxeberria auzi medikuarekin.
Txikitatik argi zenuen bizitza pasatu nahi zenuela hezurrak lur azpitik ateratzen?
Historia ikasi nuen Gasteizen, eta ordurako gustuko nuen arkeologia. Horretan hasi nintzen, Paleolito garaiko kobazuloetan lanean Aranzadirekin. Praktikak egiten hasi nintzen ikasten nuen bitartean. Baina, gero, nire bidea izan da hezurrak ateratzea indusketa arkeologikoetan eta hezur horiek aztertzea.
Susmorik ba al zenuen zurea modako lanbide bihurtuko zela azkenean?
Azken urteotan ikaragarria da: ikasle asko etortzen zaizkigu esanez «hau ikasi nahi dut eta hau nahi dut egin». Kimikatik, historiatik... diziplina askotatik datoz.
Zergatik dago modan?
Bones, CSI eta halako telesailengatik. Eragin handia dute halakoek, eta modan jarri dute. Ikasleek ez dizute esango, noski, baina esan beharrik ere ez dago. Horrez gain, prentsan asko agertu da gure lana, oihartzun handia du, eta jendea erakarri egiten du. Gure gazte garaian egiptologiak sortzen zigun lilura berezi bat. Gaur ez du horrenbeste, isilduago dagoelako. Guk Harrison Ford ikusten genuen Indiana Jonesena egiten. Orain honek hartu du horren lekua. Halere, horrez gain, zirrara berez sortzen du, badelako gauza berezia.
Nola eragin du zuengan eta zuen lanean bat-batean hedabideetako izar bihurtu izanak?
Lasai asko hartzen dugu, natural-natural. Ibili gara Mendebaldeko Saharan sahararren gorpuak lurpetik ateratzen, soinean nortasun agiria zutela. Une horiek ezin dira kontatu, bizi egin behar dira. Eta geuk horrela bizitzen baditugu, normala da kontatzen dugunean besteengan ere zirrara sortzea.
Cervantesen hezurren bila ibili den taldeko kidea zara. Batek baino gehiagok esan du azken egunotan: zergatik horrenbeste lan XVII. mendean berez hildako baten gorpuzkiekin, 1936ko gerrako milaka hildako badaude oraindik galduta?
Cervantesekin ibili garen asko ibili gara bestelakoetan ere. Batak ez du bestea kentzen, eta ez dira biak parekatu behar. Biak dira zilegiak; zergatik baztertu behar da bat? Ezberdinak dira. Arazoa da PPk Espainian agintzen duenetik ez dagoela sosik oroimen historikorako; ez dute dirurik eman. Bestalde, berandu samar gabiltza, eta lekuko asko falta zaizkigu, baina berandu hasi ginen denok. Orain asko kexatzen direnak ere has zitezkeen lehenago. Denok dugu erru sentsazioa hemen, eta, erru hori gainditu ez dugun neurrian, beste bati leporatu behar diogu. Erru problema bat daukagu denok.
Nola azaldu azken 30 urteotan horren gutxi egin izana?
Gu Priaranza del Bierzon [Leon, Espainia] 2000. urtean hasi ginen, hango arkeologo eta antropologoak geure lagunak zirelako eta laguntza eskatu zigutelako. Ez genekien ezer. Pentsatzen genuen hobia banakakoa izango zela [13 gorpu topatu zituzten]. Trantsizio garaian hobi asko zabaldu ziren, senideek bazekitelako non zeuden. Aitzurrak hartuta egin zuten, dokumentatu gabe... 1981eko estatu kolpearen garaian dena bertan behera geratu zen. Jendea izutu egin zen.
Baita alderdiak ere?
Batzuek, euren militanteak lurpean dituztela ikusita, gehiago egin zezaketen. Baina herri askotan esaten dizute: «Bai, bagenekien, baina inork ez digu galdetu». Horrenbeste urtetan isiltasuna nagusitu denean, horrek dena estali du. Oroimena bera lurperatuta dago.
ATZEKOZ AURRERA. Lourdes Herrasti. Antropologoa
«Erru arazo bat dugu denok, eta beste bati leporatu behar»
Cervantesen eta frankismoaren biktimen hezurrak aurkitzeko lanean aritu da Herrasti arkeologoa. Dioenez, 'Bones' telesailak osteoarkeologia modan jarri du ikasleen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu