'Enarak' dokumentalaren egilea

Beñat Iturrioz: «Askatasun egarriak bultzatuta sortu zen Enarak taldea»

Euskal kulturgintzaren beste «ale txiki bat» izan zen Enarak taldea, Iturriozen hitzetan. Frankismo garaian, lauzpabost urtez iraun zuen haren kantuak. Txori txikienak omen dira kanturik ederrenak.

Beñat Iturrioz, joan den astean, Bira produkzioak-eko bulegoaren kanpoan, Andoainen. GORKA RUBIO / FOKU
Beñat Iturrioz, joan den astean, Bira produkzioak-eko bulegoaren kanpoan, Andoainen. GORKA RUBIO / FOKU
ane insausti barandiaran
Andoain
2024ko urriaren 25a
05:00
Entzun

Duela 50 urte desagertu zen Enarak musika taldea, eta txatalez txatal osatu du Beñat Iturriozek (Hernani, Gipuzkoa, 1981) hari buruzko izen bereko dokumentala. Aita bertako kantaria zen, Juanjo Iturrioz, eta dokumental «inpresionista» ondu du, taldearen arrastoari segika. Zinebin aurkeztuko du, azaroaren 12an.

Enarak taldearen lorratzen atzetik hasi zara, hura desagertu eta 50 urtera. Zer kontatzeko?

Nahi nituen piezak batu, taldearen historia edo bilakaera berreraikitzen saiatzeko. Aztarna horien bilaketa da, nire ikuspuntutik. Lehenengo pertsonan kontatzen dut, abeslaria nire aita zelako.

Ez duzu oso urrutira joan beharrik izan.

Aita elkarrizketatzeko ez, baina beste kideak sakabanatuta daude: Donostian, Amezketan [Gipuzkoa], Bartzelonan, Turkian... Orduan, Turkiaraino joan behar izan naiz taldekide bat elkarrizketatzeko. Gero, gaztaroko nire aita ezagutzeko modu bat izan da; nolabaiteko arkeologia emozional bat egiteko aukera eman dit.

Sinopsiak dio «ornitologia, collagea eta bilaketa eszentriko bat nahasten dituen labirinto filmiko batean murgildu» zarela. Zer esan nahi du horrek? 

Ikuspuntu pertsonaletik egindako kontaketa da. Baina, ezer ez dagoenean, nola kontatzen duzu? Garai hartako ia irudirik edo informaziorik ez dago. Binilo bat hiru abestirekin, eta argazki gutxi batzuk. Saiatu naiz berreraikitzen nolabait collage estiloan hainbat material, argazki, gailu... erabiliz, eta testuinguruan jartzen Enarak-ek izan zuen garrantzia.

Eta ornitologiarena?

Paralelismo bat egin dut. Behin egon nintzen ornitologia saio batean, eta esan ziguten abestirik politenak txori txikienak direla. Ze, txori handiek badaukate fisikotasun eta ikusgarritasun bat, eta haien presentzia hutsarekin lortzen dute atentzioa ematea. Baina kantua da txori txikien boterea.

Frankismo betean eta euskara hutsean sortu zuten Enarak. Ez zuten erronka makala.

Ez dut uste erronka bezala hartu zutenik, pentsatzen dut gehiago jolas moduan, askatasun egarri horrek bultzatuta sortu zutela taldea. Baina bai, seminaristak ziren, apaizgaiak, eta haiengandik espero zen ikasketak egitea eta kristautasunaren bideari jarraitzea, eta justu kontrako norabidea hartu zuten.

Nola hartu zuen jendeak rocka, popa eta psikodelia euskaraz entzutea?

Bazeuden gazteleraz eta ingelesez horrelako estiloak jotzen zituzten taldeak, baina euskaraz egiten zituztenak gutxi ziren, eta euskara hutsean are gutxiago. Pentsa, garai horretan gitarra klasikoa ja gaizki ikusia zegoen, gitarra espainola modernotzat hartzen zelako. Baina harrera ona izan zuten; nik uste dut gazteek, ziurrenik, horrelako estiloak entzun nahiko zituztela.

1971ko Larraitzeko kontzertua «akelarretzat» edo «orgiatzat» hartu zuten.

Antolatu zuten azken kontzertu bezala, desegitera zihoazelako. Pentsatu zuten jaialdi bat egitea berrehun pertsonarentzat, baina hor bost mila pertsona agertu ziren. Orduan, eskuetatik joan zitzaien. Gero, pagaburu moduan erabili zen jaialdi hori, erasotzeko gazteria, euskara eta modernitatea.

Zergatik desagertu zen ere jaso duzu?

Desagertu ziren inertziak eraman zituelako: lanak eta beste hainbat eginbeharrek. Bakoitzak bere bidea jarraitu zuen, eta batzuek topo egin dute orain, dokumentalaren harira, 50 urte geroago.

Distantzia horretatik, zer esango zenuke izan zela Enarak?

Euskal kulturgintzaren eta herrigintzaren beste ale txiki bat. Ez gehiago, ez eta gutxiago ere.

Zinebin aurkeztuko duzue; nora egingo du hegan gero?

Nire lehenengo film luzea da, eta ez dakit nora eramango nauen. Saiatuko gara zinema jaialdietara bidaltzen. Espero dut gero herriz herri zirkuitu ez-komertzialetan aurkeztea. Horrek erakartzen nau gehien; ziur aski, hor iritsiko direlako istorio berriak.

LOTSABAKO

Txori bat?
Hirundo rustica (enara arrunta).

Enarak taldearen abesti bat?
Bañan ez.

Dokumental bat?
El silencio es un cuerpo que cae.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.