Errigora: hamar urteko uzta jasotzen

Errigora egitasmoak hamar urte bete ditu. Etorkizunera begira dago elikadura burujabetzaren eta auzolanaren bitartez euskara bultzatzen duen herri egitasmoa.

Errigoraren 10. urteurrena
Errigorako kide batzuk, iazko urrian, egitasmoaren 10. urtemurreneko kanpaina aurkezten, Hernanin (Gipuzkoa). JON URBE / FOKU
itsaso jauregi 2
Burlata
2024ko martxoaren 23a
05:00
Entzun

Urriko egun batean jaio zen Errigora, 2013an, Iruñeko Nabarreria plazako Zabaldi Elkartasun Etxean. Orduan zehaztu zituzten gizartean sakonki landatu nahi zituzten oinarriak: Nafarroa hegoaldekoak propio diren produktuak Euskal Herriko plazetara eramatea, elikadura burujabetza babestea eta eremu horretan euskalgintzari ekarpena egitea. Hamar urte geroago, hezurdura bera du Errigorak; baina uzta jasotzeko garaia iritsi da, baita etorkizuneko plana zehaztekoa ere.

Errigoraren hazia landatu zuten egun horretan, han izan zen Ibai Sueskun Errigorako kidea, eta Nafarroa hegoaldeko ekoizle gutxi batzuen laguntzarekin sortu zuen lehendabiziko saskia: «Saski horren etekinak Tuterako [Nafarroa] Argia ikastolara bideratu ziren. Errigora oraindik ez zen existitzen; ez zeukan izenik, baina izana, bai». Kanpaina arrakastatsua izan zen, eta izan horretatik hartu zuten izena: Errigora.

Lehendabiziko kanpaina horretatik ateratako ikasketetan oinarrituta, Nafarroa hegoaldean ikusten zituzten «gabeziak» zehaztu zituztela azaldu du Sueskunek: euskara erabiltzeko eta ikasteko dagoen aukera urria, hain zuzen ere, eta nekazaritza, zeina gain behera zegoen. «Bereizirik zeuden bi mundu horiek elkartu nahi genituen», esan du Sueskunek. Bi mundu horiek elkartu nahi zituen Imanol Ibero [Oibarko] Mendiko upategiaren ekoizleak ere, eta Errigorako bigarren kanpainatik ari da bide horretan: «Euskararen eta elikaduraren burujabetzaren balioak zeuden hasieratik, baina, urteek aurrera egin ahala, ikusi zen hori modu formalago batean aztertu behar zela, eta ekoizleok aztertu behar genuela hori».

Errigoraren eragina

Euskarari puzka lehendabiziko kanpainatik asko hazi da egitasmoa: poliki-poliki elikadura burujabetzaren, auzolanaren eta euskararen alde egin nahi duen jendearen sarea indartuz. Euskaltegietatik eta ikastoletatik kanpo euskaldunek ez dutela euskaraz aritzeko eskubiderik esan du Sueskunek, eta behar horri erantzuteko sortu zutela Agerraldia, duela bost urte.

Euskararen ezagutza erraztea, erabilera sustatzea, eremu batzuetan euskararen aldeko jarrerak bultzatzea eta haren presentzia handitzea dira Agerraldiaren helburuak, Blanca Garcia Agerraldia batzordeko kideak azaldu duenez: «Herritarrei hitza emateko eta euskararen alde dauden loturak eta egitasmoak indartzeko sortu zen Agerraldia». Ekitaldiak antolatzeko, herritarrek parte hartzen dute, eta haien kezkak kontuan hartuta zehazten dute proiektua. Garciak argi du euren helburua lortzeko behar dutela Agerraldia ezaguna izatea. «Eta, horretarako, herri guztietara ailegatu behar dugu». Gaur egun, Errigoraren irabazien %25 euskalgintzara doaz.

Elikadura burujabetzari eta bertakotasunari dagokienez, Errigoraren balio identifikatzaileen sorrera azpimarratu du Iberok. Identifikatzailea produktua balio jakin batzuekin erlazionatzeko aukera ematen duen irudi bereizgarria da, eta, kasu honetan, lau balio ordezkatzen ditu: bertakotasuna, nekazariarekiko harremana, auzolana eta euskara. «Errigoraren produktu guztiek daramaten zigilu bat da, eta lau balio horiek bermatzen ditugula erakusten du», esan du Iberok. Identifikatzaileak Errigorak hamar urtean lortu duen oihartzunaren isla direla azaldu du ekoizleak.

Oihartzunaren berri izan zuen Aintzane Ariztegi Errigorako komunikazio arduradunak, joan den urtean Errigoran hasi baino lehen: «Uste dut edozeini galdetzekotan esango duela Errigora sortzeko ideia izan zuenak oso ongi pentsatu zuela. Borrokak oso ongi lotzen ditu, eta oso lurreratua dago bertan». Gero, egitasmoan sartuta, hamar urteko ibilbidea «oso emankorra» izan dela ikusi zuen Ariztegik: «Gainera, proiektua gero eta gehiago handitu eta egonkortu da gure gizartean».

Hamar urteotako egonkortasuna datuetan ere islatuta geratu da. 2022an, 432 hektareatakoa izan zen Errigoraren beharrak asetzeko asmoz olibak, arroza, txitxirioak eta dilistak landatzeko erabili zuten gainazala, eta horietatik 139 ekoizpen ekologikoko lurrak ziren: Nafarroan, guztira (oliba, arroza, txitxirioak eta dilistak aintzat hartuta), landutako lur ekologikoen %38 esan nahi du horrek. Gainera, 2022an ekoiztutako oliba olio guztiaren %5,7 eta txitxirio ekoizpenaren %11,7 Errigoraren bidez merkaturatu zituzten.

Hurrengo hamarkada

Egitasmoa Euskal Herriko plaza gehiagotara zabaldu nahi dute hurrengo hamarkadan, Nafarroako hegoaldea erdigunean jarriz. Horretarako plan estrategiko bat garatuko dutela azaldu du Sueskunek, elikadura burujabetzan, euskaran, feminismoan eta ekologismoan oinarrituta hainbat erronkari erantzuteko: «Horri aurre egiteko daukagun altxorrik estimatuena sareko kideena da; auzo eta herrietan boluntario gisa lan egiten duen jendea».

Ekoizpenaren arloan erronkak «erraldoiak» direla azaldu du Ariztegik, batez ere belaunaldi aldaketari dagokionez: «Nekazarien %7k bakarrik dauzkate 40 urte baino gutxiago, eta aurrera begira egingo ditugun hausnarketak baldintzatzen ditu horrek. Hutsune horiei erantzun behar die Errigorak». Trantsizio ekologikoa egiteko bidean sortzen diren «zailtasunak» ere azpimarratu ditu Iberok: «Errigora belaunaldi eta trantsizio horretan baldintza ekonomiko duinak bermatzen dituen egitasmoa da, eta itxaropentsua da lurrean ari garenontzat».

Duela hamar urte landatutako haziak bere uztak eman ditu, eta horrela jarraitzeko asmoa dute. «Ezinezkoa zirudiena lortu dugu hamar urte hauetan, eta orain ariketa bera egin behar dugu: pentsaezina iruditzen zaizkigun gauza horiek mahai gainean jarri», esan du Ariztegik. Bi asteko ekitaldia antolatu dute maiatzaren amaieran, egitasmoaren urteurren borobila ospatzeko eta erronka berriei ekoizleen, boluntarioen eta sareko kideen eskutik aurre egiteko.

Sueskunen arabera, Nafarroa elikadura burujabetzan, euskaran, feminismoan eta ekologismoan oinarrituz eraikitzen jarraituko dute, gutxienez beste hamarkada batez: «Herriaren taupada horiei erantzuten dioten kide batzuk gara Errigora, besterik ez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.