Kalean da Barazki mokadu goxoak, berrehunen bat errezeta begetarianoen bilduma. Elias Argote buru dutela, Donostiako Kaskazuri jatetxeko sukaldari taldea arduratu da liburuan agertzen diren errezeten prestaketaz. Hala, euskarazko lehen sukaldaritza bildumaren parte bihurtu da liburua. Tttarttalo argitaletxeak eta BERRIA egunkariak argitaratu duten edizio bateratua da; horiekin batera, Fagor enpresak euskarazko alea babestu du. Atzo aurkeztu zuten liburua, Kaskazuri jatetxean, eta BERRIAko harpidedun eta irakurleek erdi prezioan eskura dezakete: 12 eurotan. Hilabetea amaitu aurretik egin daitezke eskaerak, Berria.info webgunean, [email protected] helbidean edo (0034) 943 30 43 45 telefono zenbakira deituta.
Askotariko errezetak aurki daitezke liburuan, sarrerako plateretatik hasita azkenburukoetaraino. Tttarttalo argitaletxeko Idoia Arozenak azaldu duenez, «liburuak oso ardatz klasikoa dauka; hamabi sailetan banatuta dago eta menu batek duen ordena jarraitzen du». Entsaladak, zopak, kremak, zerealak, lekaleak, postreak edo irabiatuak egiteko hamaika ideia proposatzen ditu Kaskazuri jatetxeak. «Osasungarria izateaz gain, sukaldaritza begetarianoa goxoa eta koloretsua dela argi uzten du bildumak». Arozenaren iritziz, egunerokorako ez ezik, jatordu eta festa berezietarako ere balio dute jaki begetarianoek: «Gauza bereziak egiteko ez dira beharrezkoak jaki berezi edo garestiak; irudimenak sukaldean ere urrea balio du».
Hori buruan, Kaskazurira jo zuten argitaletxetik. Sukaldaritza begetarianoa asko lantzen duen jatetxea da, eta Elias Argote sukaldariak eta haren lantaldeak «gustura» erantzun zioten proposamenari. Argoterekin batera, Diego Bergara, Nerea Aznarez, Miren Zaldua eta Mikel Nicolas sukaldariek«errezeta zein baino zein tentagarriagoak landu dituzte». Liburuak biltzen dituen irudiak, berriz, Jose Lopez estudioak ateratakoak dira, Kaskazurin bertan.
Sukaldaritza, euskaraz
«Beti izan dugu barazki jaleentzako sukaldaritza egiteko grina; egunero haientzako platerak ditugu menuan», azaldu du Elias Argotek, Kaskazuri jatetxeko sukaldariak.Jendea barazki munduan gero eta gehiago sartzea da haien asmoa, gorputza hobeto zaintzea posible dela ikus dezaten. Arrainari eta haragiari uko egin gabe, «barazkiak jaten ondo bizi daiteke», Argoteren ustetan.Barazki jaleek «letxuga, tomatea eta tipula bakarrik» jaten dutela uste dutenak oker daude. «Mundu hau zaintzen dugun pertsonek garia, lekak eta gehienbat barazki borobilak jaten ditugu».
BERRIA egunkariak Ttarttalorekin elkarlanean argitaratu duen bosgarren sukaldaritza liburua da Barazki mokadu goxoak. Ez da, dena den, sukaldaritza begetarianoari eskainitako lehen liburua. Orain urte batzuk Egiako Garraxi jatetxearekin elkarlanean osatu zuten bilduma. Idoia Arozenak azaldu duen bezala, «oso harrera ona izan zuen hark, eta Ttarttaloren best seller-etako bat izan zen». Hori dela eta, sukaldaritza begetarianoaren inguruko beste argitalpen bat egitea erabaki zuten, lehen liburu hura borobildu eta osatu nahian. Horietaz gain, beste liburu batzuek ere osatzen dute euskarazko sukaldaritza bilduma, hala nola Munduko sukaldaritza Euskal Herrian eta Betiko euskal sukaldaritza liburuek.
Edonorentzat egina
Martxelo Otamendi BERRIA egunkariko zuzendariaren hitzetan, «oso bilduma ona» izaten ari da, eta «bereziki pozgarria izan da Kaskazuriko lagunekin lan egitea». Euskararen esparruan lan egiten dute egunkarian, eta beste hainbat arlotan bezala, «sukaldaritzan ere defizit historikoa egon da euskararen aldetik». Halere, euskara geroz eta entzunagoa da lapiko artean, eta elkarlanari esker sukaldaritza eta euskararen arteko uztartzea euskarri batera eman ahal izan dute. «Sukaldean ibiltzen denarentzat frustrantea ez den liburu bat da», Otamendiaren ustez.
Etxean aritzen diren erdi mailako sukaldari afizionatuek aukera dute, beraz, ikasteko gogoa praktikan jartzeko: «Sukaldaritza liburu asko ikaragarri onak dira, baina ez dakizu oso ondo nondik heldu». Barazki mokadu goxoak bildumak, ordea, «aberastasuna egiten du ekarpenean, baina aldi berean aberastasuna eskuragarria da, edonork egin dezakeelako».
Ezarian. Gastronomia
Errezeta berdeen bilduma
Donostiako Kaskazuri jatetxeak sukaldaritza begetarianoan trebatzeko berrehunen bat errezeta proposatu ditu 'Barazki mokadu goxoak' liburuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu