«Behin mahai handi baten erreserba egin zidaten, eta menua ere aurretik zehaztu genuen, kartatik kanpora zeuden platerekin». Kafe kikara esku artean duela, barratik deitu dute Belen Urrutia. Bezero bat da, ordaintzeko zain. «Denbora dezente pasatu genuen kozinatzen eta guztia egokiro prestatzen, baina, unea ailegatu zenean, platerak bueltan etorri ziren sukaldera».
Ostalaritzak kezka piztu du Baztan-Bidasoan (Nafarroa). Zehazkiago, ostatuetan areagotzen ari den joera batek. Baztan-Bidasoa Elkarteak errespetu faltak atzeman ditu, batez ere bezero anitzek ez dutelako ez agurtzen, ez eta eskertzen ere. «Bertze lekuetan onartezina dena ostalaritzan normaltzat jotzen da», kontatu du Urrutiak, Elbeteko (Nafarroa) Posadako langileak eta Baztan-Bidasoa elkarteko kideak. «Ohartu ginen joera hori areagotzen ari zela, eta ez zela establezimendu bateko kontua bakarrik», erantsi du Lorea Luzuriagak, Donamariako (Nafarroa) Bentako langileak. Gauzak horrela, kezkari erantzuna eman zioten: Kaixo eta mila esker.
Kaixo eta mila esker ostalaritzako lokaletan tratu onak balioesteko kanpaina da, sektorearentzako errespetua eskatzen duena, batik bat. «Kide batek laguntza eske jo zuen elkartera; haren ostatuan errespetu faltak izaten ziren, eta ez zekien nola moztu zezakeen hori», kontatu du Urrutiak. «Behin lehendabiziko kezka hura aditu ondotik, nor bere esperientzia kontatzen hasi zen, denok geneukan-eta zer kontatua». Luzuriagak aipatu du elkarte moduan «nahiko txiki» ikusten zutela beren burua, eta, beraz, Baztango Udalera jo zutela. «Halako egitasmo bat behar bezala kudeatzeko laguntza behar genuen». Baztango Udalak ere sumatua zuen kezkarik lehendik. «Udalak ikusi zuen jarrera horiek gizartearen isla zirela, eta, horrenbestez, guztion ardura».
«Zerbitzari bati erran zioten haren ipurdia gustatzen zaitzaiela, eta horregatik geldituko zirela bertan»
BELEN URRUTIA Elbeteko Posadako langilea
Izenarena beranduago etorri zen, behin ideiak forma hartu zuenean. «Errespetu falta desberdinak daude, baina guk ikusgarriena eta errazena hautatu nahi genuen», kontatu du Urrutiak. «Aldaketa errazena horixe da, agurtzea eta eskerrak ematea». Luzuriagarentzat garrantzitsuena «positiboa» izatea zen: «Izan zitekeen Errespetu faltak ostalaritzan izeneko egitasmoa ere, baina eragin hobea izaten dute normalean modu positiboan bidalitako mezuek». Gaur-gaurkoz ez dute aurkezpen nagusirik egin, eguna adostea zaila baita. Eginen dutela diote, ordea, aitzinerago.
21 jatetxe eta ostatu atxiki dira egitasmora, baina behar eta ahal bertze zabalduko diren itxaropena dute, baita bertze establezimentu mota batzuetara ere. Oraindik ere badago aukera egitasmora gehitzeko, eta egonen da aitzinerago ere: «Beti egonen da aukera proiektura atxikitzeko, edonoiz», azaldu du Urrutiak. «Fokua ostalaritzan jarri genuen jende gehiena hona etortzen delako, baina nahi den lekura zabaldu liteke hau», azaldu du Urrutiak. «Kontua da ostalaritzan jendea normalean baino gehixeago pasatzen dela», gehitu du Luzuriagak. «Ematen du hemen, deskantsurako lekua denez, guztia onartzen dela».
Exijentziak
Otorduak «orain», «agudo» eta «ongi» zerbitzatzea exijitzen da ostalaritzan, baina errespetu falta gehien gauean sumatzen dute, alkohola dela medio. «Guk horren aurka egiteko indar gutxi daukagu», dio Luzuriagak. Egunez, ordea, badakite nola eragin. «Kafe bat eskatzeko orduan, adibidez, 'egun on' eta 'mesedez' erranda, irribarre batekin. Ni irribarre batekin hurbiltzen banaiz bezeroarengana, zaila da niri bueltan gaizki erantzutea. Hor eragin dezakegu guk». Gaueko afera zailagoa zaie, eta, beraz, denbora gehixeago hartuko dute horretarako. «Gauetan jendea emakumearekin sartzen da, altuarekin, baxuarekin edo kanpokoarekin», adierazi du Luzuriagak. Zerbitzarien itxura ere epaitzen du zenbaitek: «Zerbitzari bati erran zioten haren ipurdia gustatzen zaitzaiela, eta horregatik geldituko zirela bertan».
Otorduen ordutegiekin ere izaten dute tarteka arazorik: «Hiruretan erreserbatu mahaia eta ordu bietan agertzen dira batzuk, eta, gainera, bazkaria exijitu egiten dute», azaldu du Urrutiak. «Bertze batzuetan, bazkaria erreserbatzen dute eta ez dira agertzen». Joera hori, gainera, errespetu falta «bikoitza» da: gainerako bezeroenganako eta langileenganako.
«Kontua da ostalaritzan jendea normalean baino gehixeago pasatzen dela»
LOREA LUZURIAGA Donamariako Bentako langilea
Orokorrean, dena dela, bezeroak «ongi» portatzen dira, eta «jende ona» izaten dute inguruan. Luzuriagak 34 urte daramatza Donamariako Bentan lanean; Urritiak, 27 Elbeten: anitz aldatu dira bezeroak eta haien jarrerak. «Gizartea bera aldatu da», azaldu du Urrutiak. «Gaztetxoei eta gazteei buruz anitz erraten da, baina hobekien portatzen direnak eurek izaten dira anitzetan».
«Onerako aldatu da gizartea», hala uste du Luzuriagak. «Lehen gauzak ez ziren kontatzen». Orain, ordea, salatu eta mobilizatu egiten da. «Gazteek, gainera, anitz bidaiatu dute, eta jende mota anitz ezagutzen dute; normalizazioa ekartzen du horrek».
Bezeroak aldatu badira ere, lan egiteko «azken aukera» da orain ere ostalaritza. «Ematen du udaran diru pixka bat egiteko bertzerik ez duela balio, eta, gainera, edozeinek egin dezakeela», erran du Urrutiak. «Zerbitzari ona izatea hagitz zaila da, eta ez da erraz aurkitzen».