ATZEKOZ AURRERA. Xavier Aldekoa eta Alfons Rodriguez. Kazetaria eta dokumentalgilea

«Errespetua da erabili dugun tresna nagusia»

'Indestructibles' izenburupean, Afrikako zenbait errealitate gordin bildu dituzte Xavier Aldekoa kazetariak eta Alfons Rodriguez dokumentalgileak, «suntsiezinak» diren bizitza horiek argazkietan jaso eta zabaltzeko asmoz.

MIREN MUJIKA TELLERIA.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2022ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Errealitate gordin baten argazkia egin dute Xavier Aldekoa kazetariak (Bartzelona, 1981) eta Alfons Rodriguez argazkilari eta dokumentalgileak (Bartzelona, 1968) Indestructibles (suntsiezinak) proiektu multimedian. Afrikako hamar herrialde zeharkatu, eta egoera zailean dauden hamaika gazteren bizitzak bildu dituzte. Bildutakoa, besteak beste, dokumental eta erakusketa baten bidez erakutsiko dute. Erakusketa EHUren Donostiako Carlos Santamaria eraikinean dago ikusgai, maiatzaren 30 arte.

Zer historia dago dokumental horren atzean?

ALFONS RODRIGUEZ: Historia xumeak eta latzak. Afrikako hamar herrialdetan egindako bidaia bat da, hamaika neska-mutilen historia kontatzen duena. Kontatzen ditugun historia batzuk dramatikoak dira; beste batzuk, berriz, positiboagoak. Baina gizatasun osoz landu ditugu denak. Proiektuan ikusten dena da Z belaunaldia osatzen dutenen bizitza nolakoa izan den bertan.

Zergatik belaunaldi hori?

RODRIGUEZ: Planetako kontinenterik gazteena delako Afrika, jende gazte asko dago han. Eta, gazteek izango dutenez pisua etorkizunean, garrantzitsua iruditu zitzaigun haiek izatea gure proiektuaren protagonistak.

Non jarri duzue arreta?

XAVIER ALDEKOA: Ez gara foku bakar batean zentratu; mota desberdinetako gaiak landu ditugu.

Adibidez?

ALDEKOA: Emakumearen ahalduntzea, borroka feminista, hezkuntza, gerra, energia berriztagarria, klima aldaketa...

Hamaika historia gordin bildu dituzue proiektuan. Zein historiak hunkitu zaituztete gehien?

RODRIGUEZ: Zaila da bakarra aukeratzea. Badira historia xume asko barrua ukitzera iristen direnak. Nire kasuan, adibidez, Gambiako emakume argazkilarien historiarena. Gure ogibidearekin zerikusia duen gai bat da. Hemen zaila badugu argazki kazetariak izatea, pentsa zeinen zaila duten han, are gehiago emakumeek. Bada, Hawa eta Catherine ezagutu genituen, argazkigintzako lehen kurtsoko bi ikasle. Eskolako praktika batera lagundu genien egun hartan. Jende guztia zuten begira.

Zergatik?

RODRIGUEZ: Ez baita ohikoa emakume bat kamera batekin ikustea, eta beraiek bazekiten hori.

Nola zaindu duzue haiekiko tratua?

RODRIGUEZ: Errespetua da erabili dugun tresna nagusia. Ez baikara gu eurei bihotza zabaldu diena; haiek egin dute hori gurekin.

Zer asmo duzue dokumentalarekin?

RODRIGUEZ: Estreinatu dugu jada, Malagako [Espainia] jaialdiko azken aldian. Orain aztertzen ari gara zer plataformatara igor dezakegun.

ALDEKOA: 75 minutu irauten du dokumentalak; ez da ez laburra ez luzea, baina ez du merkatu handirik. Hala ere, badakigu jende askori interesatzen zaizkiola gertaera errealetan oinarritutako proiekzioak, eta horrek pizten digu esperantza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.