Erresistentziaren ikurra

'Gartxot, konkista aitzineko konkista' filma euskal zinemetan izango da ostiralean. Campionen lanean oinarrituriko Itzaltzuko bardoaren istorioa kontatuko du filmak.

Gartxot Itzaltzuko bardoaren istorioa zineman ikusi ahalko da azaroaren 18an. BERRIA.
Adrian Garcia.
2011ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Herriaren oroimena eta kultura kantuaren bidez transmititzea zen bardoaren eginkizuna. Pertsona nabarmena izan ohi zen. Herriz herri istorioak, kondairak eta bertsoak kantatzen zituen, herriaren kulturaren garra bizirik mantenduz. Boterearentzat pertsona arriskutsua izan zitekeen ere, komeni ez zitzaien mezuak helaraz baitzitzakeen.

Itzaltzun (Nafarroa) XII. mendean bizi den bardoa da Gartxot, konkista aitzineko konkista helduentzako animazio filmaren ardatza. Ostiralean estreinatuko dute euskarazko filma Hego Euskal Herriko hiriburuetako zinemetan.

Arturo Campion idazle nafarrak 1917an idatzitako Gartxot, Itzaltzuko bardoa liburuan oinarritu dira Juanjo Elordi eta Asisko Urmeneta filmaren zuzendariak. Ikerketa egin zuen Campionek Leireko monasterioan eta Iruñeko Udal artxiboan, eta han bildutako datuetatik abiatuz asmatu zuen ondoren Gartxot bardoaren kondaira.

Gartxot da Itzaltzuko bardoa, istorio eta poemak herriari kantatzen dizkion kontalaria. Orreagako abade berriak ez du gogoko bardoaren jarduna, eta deserriratu eta haren seme Mikelot bahituko du. Ahots ederra du Mikelotek, eta latinez kantatuko duen fraidea bilakatu nahi du abadeak. Mikelotek ihes egitea lortuko du, eta aitarekin herriz herri kantatzen hasiko da, harik eta soldaduek harrapatuko dituzten arte.

Juanjo Elordik azaldu duenez, «euskararen aldeko garrasia» da Campionek idatzitako ipuina, garai hartan Nafarroako ekialdean euskara galtzen ari baitzen. Filma ekoizteko prozesuan zebiltzala, ordea, Campionen kondairaren beste irakurketa bat egin zuten. «Campionen ustez, garai hartan —XII. mendean— hasi zen hemengo antolakuntza eta gobernuaezegonkortzeko prozesua abian», dio Elordik. Hortik datorkio filmari konkista aitzineko konkista izenburua.

Ikuspegi berria eman diote bi zuzendariek Campionen istorioari, «gaur eguneko ikuspegia». Boterearen aurka pertsonek har dezaketen hiru jarrera islatzen ditu filmak, Elordiren esanetan: «Ihes egitea, kolaboratzea eta aurre egitea». Konkista eta akulturazio prozesuen aurkako erresistentziaren ikurra da Gartxot.

Arturo Campionen istorioak izan du jarraipenik beste autoreen eskutik. 1981ean Benito Lertxundik Altabizkar Itzaltzuko bardoari diskoa kaleratu zuen.

Lertxundi bera arduratu da filmaren musikaz. Garrantzi berezia izango du filmean musikak, bardo bati buruzkoa baita. Lertxundik bere diskografiatik aukeratu eta berriz nahasturiko doinuak izango ditu filmak. Pertsonaia bati ere ahotsa jarri dio musikariak.

Euskara aldetik, film berezia da Gartxot. Sinesgarritasuna emate aldera, Zuberoako aktoreek jarri dituzte ahots gehienak, Zaraitzu aldeko euskalkia zuberotarraren antzekoa baita. Kike Amonarriz telebista aurkezleak ere pertsonaia bati jarri dio ahotsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.