Josu Chueca. Historialaria

«Errepublikak zeukan aldaketa sozialerako gogoa biltzea falta da»

Chuecak ikergaitzat ditu 1936ko gerra, erbestea, abertzaletasuna eta Espainiako trantsizioa. Uste du memoria historikoa hankamotz dagoela lan handia egin den arren; errepresioaren kontakizuna egin baita, eta ez da jaso mundu haren filosofia.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Donostia
2020ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Urte luzeetan EHUko historia garaikideko irakaslea izan da Josu Chueca (Lerin, Nafarroa, 1956). 1936ko gerrari eta haren erbesteari buruzko ikerketa ugari egin ditu, euskal abertzaletasunari buruzkoak eta Espainiako trantsizioa gaitzat dutenak. 2015ean Manuel Irujo saria eskuratu zuen, bizitza osoan Euskal Herriaren kultura eta errealitate historikoa ikertzeko egindako lanagatik. Gustura jaso zuen saria, bere herrian, Lizarran (Nafarroa) eginziotelako omenaldia. Orain, erretiroa hartu berri du unibertsitatean, baina ikertzen segitzeko asmoa du. «Sari horri esanahia ematen jarraituko dut».

Lerinen jaio zinen. Zure ingurua euskaltzalea zen?

Ni euskaltzaletzen eta euskalduntzen Lizarran hasi nintzen. 4 urte nituela joan ginen hara bizitzera. Eskolatik atera ondoren, arratsaldez, euskara ikastera joaten nintzen, 1970. urtearen inguruan.

Zerk erakarri zintuen euskarara?

Ordurako mendi kontuetan nenbilen, Lizarrako mendizale taldean. Hor bazegoen euskal giroa, eta gure historia ikasten hasi ginen. Euskaltzaletzen hasi ginen. Mendi giro horretan, ohikoa zen festak egitea, eta elkartzen ginen beste talde batzuetako jendearekin. Festa horietan, gainera, politikaz hitz egiten zen. Hor, nik 15-16 urte izango nituen, eta, 17 urterekin, harremanetan hasi nintzen erakunde klandestinoekin.

ETArekin, alegia.

Bai, 1972ko udan ETA VI.e.an sartu nintzen. Lizarran sortu genuen zelula antzeko bat.

Propaganda egiten zenuten?

Multikopista batekin panfletoak egiten nituen. Gogoan dut 1973an Nafarroako greba orokorra etorri zela, eta inguruko lantegietan banatzeko panfletoak egin nituela. Batasuna lortze aldera, ez genuen ETA VI gisa sinatzen, langile talde baten gisa baizik, nahiz eta ikaslea nintzen oraindik. Dena dela, benetako praktika politikoa Iruñean hasi nuen, UBI egitera joan nintzenean. Buru-belarri hasi nintzen funtzio politiko handiagoarekin. Urte horretan, ETA VI.ak bat egin zuen LCR-rekin, estatu mailako erakunde batekin.

Kartzelatik ere pasatutakoa zara...

1975ean atxilotu ninduten, Txiki eta Garmendiaren askatasunaren aldeko kanpaina egiten ari ginela. Lizarrako jaietara joan ginen propaganda banatzera, eta horren harira atxilotu ninduten. Kartzelan izan nintzen irailetik azarora arte. Urte horietan, filosofia ikasten hasi nintzen Opusen unibertsitatean. Nik bizitzan bi trauma izan ditut: unibertsitate horretako urte parea, eta soldaduskako hamabost hilabeteak.

Zergatik diozu hori?

Soldaduskan gizatasun gabezia galanta zegoen, eta ikusten zenuen Espainiako armadaren irrazionaltasuna. Orduko gure planteamendua argia zen: soldaduskara joan behar zen, iraultza etorriko baitzen Portugalen bezala, eta, horretarako, ezinbestekoa zen kuarteletan soldadu egotea.

Eta unibertsitateko trauma?

Ikasten hasi nintzen, baina niretzako lehentasuna militantzia zen. Opusen unibertsitatea oasi erreakzionario bat zen, orduan Nafarroan zegoen giro iraultzaile, aurrerakoi eta borrokalariarekin alderatuta. Egundoko greba egiten bazen Iruñerrian, hor ez zen deus gertatzen.

Lan zaila izango zenuen orduan.

Oso zaila zen. Espainiako unibertsitate guztietan fronte garrantzitsua zen ikasleena. Nafarroa salbuespena zen. Hasteko, oso zaila zen Opusen sartzea, elkarrizketa bat egiten zizuten, eta galbahea izugarria zen. Gainera, mundu guztitik ekartzen zituzten ultraeskuindarrak eta faxistak. Beraz, hor asanblada bat antolatzeko ahalegin handia egin behar zen.

Horregatik izan zen traumatikoa?

Garai horretan, filosofia Opusen ikastea, Castroren garaiko Habanan teologia ikastea bezala zen. Hemezortzi pertsona geunden klasean, eta hamalau opustarrak ziren. Lau gizagaixo geunden elkarri galdetzen ea zer egiten genuen hor. Zorionez, bi urte bakarrik eman nituen hor.

Eta Historia ikasi zenuen.

Bai, soldaduska Granadan egin nuen, eta historiako fakultatean eman nuen izena. Kuarteletik gertu zegoen, eta soldaduz jantzita joaten nintzen unibertsitatera. Lehen maila han atera nuenez, bertan jarraitu nuen.

Zergatik historia?

Beti izan dut gustukoa. Militantzia politikoan, gainera, soziologiarekin batera garrantzi handia zuen historiak, analisia egiteko garrantzitsua baita.

1978ko sanferminetan soldaduskan zeunden. Nola jaso zenuen German Rodriguezen hilketaren berri?

Larunbat gauez kuartelera joan nintzenean, telebistan esan zuten istiluak egon zirela Iruñean. Hurrengo egunean, egunkaria irakurrita ikusi nuen hildako baten berri. Nirekin militantzian ibilitakoa zen German, eta harreman estua izan genuen. Ezintasunaren sentsazioa izan nuen, mila kilometrora ezin izan niolako azken keinua egin.

Noiz itzuli zinen Euskal Herrira?

Laugarren maila amaitu nuenean, Gasteizera etorri nintzen. Historia bukatzean tesia egin nahi nuen euskal kontuez, eta karrera abiatu berria zegoen fakultatean amaitzea erabaki nuen. Bosgarren urtea han egin nuen. Ondoren, Nafarroara itzuli nintzen. Berara lehenbizi, eta Baztanera ostean, Lanbide Heziketan klaseak ematera, eta hor hasi nintzen berriz euskalduntzen, gau eskoletan. Handik bost urtera, Leioatik deitu ninduten, euskaraz klaseak emateko jendea behar zutelako.

Tesia egiteko aukera izan zenuen hor. 1931tik 1936ra bitarteko Nafarroako abertzaletasuna izan zen zure gaia.

Tesia egitea lan handia zen; beraz, gustuko gaia hartu nuen. Ordurako trantsizioa amaitua zegoen, eta bazegoen ikuspegi bat, non esaten zen Nafarroan nazionalismoa gauza berria zela, ezker abertzaleak bultzatutako zerbait. Erakutsi nuen ezetz, errepublika garaian ere hor zeudela, arrakasta politikorik izan ez arren. Argudio hori erabilita, Nafarroan antzeko porrota izan zuen ezkerrak 1933an eta 1936an, eta inork ez zuen esaten ezkerra frankismoaren osteko zerbait zenik.

1936ko gerra ere izan duzu ikerketa ildo nagusietako bat.

Bai, Euskaldunon Egunkaria-n eskaini zidaten erreportaje sorta bat egiteko aukera, eta dezente argitaratu genituen. 1997an, liburu batean atera zen; euskarazko lehen liburua izan zen gerra zibilari buruz.

2000ko hamarkadan, memoria historikoa ikertzeko eztanda bat egon zen.

Bai, eta berreskuratzen ari gara. Baina lan ildo bat dauka: errepresioak sortutako triskantzen eredua. Mundu horren filosofia, ordea, ez da berreskuratu. Errepublikak zuen aldaketa sozialerako gogo hori biltzea falta da.

Memoria historikoa, beraz, hankamotz dago ikerketa arloan?

Bai, eta hor daukagun lan esparrua ikaragarria da. 1936an, esaterako, hasten da kartzela eredu bat gaur egun oraindik amaitu ez dena: bakartzea, sakabanaketa. Esparru errepresibo horrekin batera, errepublikako ideal positiboak ere berreskuratu behar dira. Zenbat jende ezezagun dago sekulako lana egin zuena? Gabezia bat dago, ezagutzen ez den jendearen multzo handi bat, euren idealak ezezagunak direnak. Hori dena gaur egunera ekarri behar da. Errepublikaren gaia, esaterako, ez da modan jarri behar Juan Carlosek [Borboikoak] Sofiari adarrak jarri dizkiolako, elefanteak ehizatzen ibili delako edo iruzur egin duelako. Eztabaidatu behar den alternatiba demokratiko bat da.

Zure etxean, esaterako, 1936ko gerraren transmisio hori egon al zen? Hitz egiten zen gaiari buruz?

Oso gutxitan. Nire aita gaztea zen, gerra garaian. Nafarroako Erriberako herri batekoa zen, errepresioak jotako herri batekoa. Gurekin ez zuen horri buruz asko hitz egiten, eta gure etxean ez dugu transmisio hori izan. Nire ama, esaterako, orain hasi da hitz egiten. Eramaten dizkiot nire liburuak, eta hitz egiten hasten da. Baina bera errepublika garaian oso gaztea zen.

Etena orain artekoa izan da.

Gaia ez da presente egon. Esaterako, nik pena dut tesia lehenago egin ez izanaz, orduan oraindik jendea bizirik egongo zelako. Esaterako, Parisera joan nintzen 1973an, eta kuriositatez Eusko Jaurlaritzak han zuen egoitzara joan nintzen. Manuel Irujo han zegoen, nire aitak bere lagunekin zituen elkarrizketetan aipatzen zuen hura, mito bat. Berarekin egon nintzen hitz egiten, eta orain damu naiz berriz egon ez izanaz. 1981ean hil zen, eta gure begien aurretik pasatu zen behar bezala hustu gabe. Tesia egin nuenean,Argentinara joan nintzen haren anaia eta arreba Andres eta Josefina bizirik zeudelako. Uste dut berdin gertatzen ari dela frankismo amaieran militantzian aritutako jendearekin. Orain, esaterako, Bixente Serrano Izko hil da,eta Teleberri albistegian ez zuten esan frankismoaren aurka aritu zenik ere. Ez baditugu kontuan hartzen eta euren testigantzak biltzen, historia izan zen bezala ezagutzeko aukera galduko dugu.

Oraintxe, horretan zabiltza?

Ez, baina kontuan hartzen dut. Baina ikerketa taldeak sortzen ez badira, zaila izango da. Gainera, orain jende gutxik egiten du Historia, eta egiten dutenak irakaskuntzara bideratzen dira. Baina zergatik diodan hori? Urkulluk orain esaten du ETA sekula existitu behar ez zen erakunde bat izan zela. Erakunde hari eta harekin lotutakoei esker erraztu zen diktadura amaitzea. Gainera, erakunde horren historia ez da orain nagusitzen ari den historia bakarrik.

Ikertzen segituko duzu?

Bai. Erbesteko kontuekin nabil, eta asmoa dut udan bueltatzea Frantziako artxiboetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.