Klimarekin lotutako fenomenoak kasu bakanak edo joera orokor baten adierazpen diren zalantza egoten da askotan. Azken hilabeteetan Kantauri itsasoan izandako denboraleak errepikatu daitezkeela ondorioztatu dute Gasteizen, klimaren inguruan egindako jardunaldietan.
Espainiako metereologia agentziak antolatu ditu jardunaldiak —EHUren laguntzaz— meteorologiaren nazioarteko egunaren aitzakian. Iazko eta aurtengo denboraleak landu dituzte Domingo Rasilla Kantabriako unibertsitateko irakaslearen hitzaldian: Denboraleak 2013-2014: ez ohiko gertakaria?.
Negu honetako denboraleek ezohiko kalteak eragin dituzte. Eta hori frogatzeko, Espainiako Ingurumen ministerioak martxan jarritako plana gogorarazi du Rasillak: 40 milioi euroko aurrekontua duen konponketa plana. Kaltetutako elementuen artean, etxebizitza, komertzio, pasealeku, zubi edota hondartzak izendatu ditu Espainiako Gobernuak. Galiziako kostatik, Euskal Herriraino iritsi dira denboraleak, eta baita kalteak ere. Denboralean olatu aldi jarraiak egon dira, eta horrek eragin ditu kalteak. Olatuak ez baitira bereziki handiak izan. Irlanda hegoaldean 23 metroko bat antzeman badute ere, Kantauri itsasoan gehienak 12 metro ingurukoak izan dira.
Rasillak olatu aldi jarraiak gertatzearen arrazoiak bi prozesu aldi berean gertatzearekin lotu du: presio atmosferikoak eta haize bolada handiak. «Kantauri itsasoak sakontasun gutxi du, horrela presio atmosferiko handiarekin haizeak oso erraza du itsasoa harrotzea».
Normalean Islandiara edota Iberiar Penintsulara jotzen duten borraskek Erresuma Batuko hegoaldera jo dutelako izan dira presio atmosferiko eta haize bolada handiak. «Fenomeno hori ez da ohikoa, baina ezta zerbait bakana ere». Erresuma Batuko borrasken eraginak izan dira Kantauri itsasora eta Euskal Herriko kostaldera iritsi direnak.
Martxo hasieran izandako denboraleak hainbat kalte eta txikizio eragin baditu ere, Rasillak argi utzi nahi izan du azken urteetako kostako txikizio gehienak gizakiaren lana izan direla. Horretarako, EHUko hainbat irakasleren lanetan oinarritu da. Gaineratu duenez, izandako kalte asko aurretik gizakiak itsasoari jandako eremuetan izan direlako.
Ondorio larriak
Hainbat gertakarik erakusten dute kostaldean aldaketak izaten ari direla: Kantauri itsasoko kostaldea labartsua izanik, olatuen talka konstanteak higadura eragiteko gaitasun handia du. Hala, itsasoa metroak irabazi ahala, kosta galduz joango da. Gainera, azken denboraleko olatu aldi jarraiak eragin dituzten borraskak maiztasun handiagoz gertatuko direla uste du Rasillak.
Adibide konkretu batzuen bidez erakutsi ditu ondorio horiek. Esaterako, Normandiako kostan, Bigarren Mundu Gerran alemaniarrek eraikitako hainbat eraikuntza itsasoak jan ditu, eta 15 metro inguru galdu ditu kostaldeak. Etorkizunerako adibide bat jarri du Kantabriako irakasleak: hemendik 50 urtera, Donostiako Gros auzoan ere arazoak egon daitezke.
Horien aurka zer egin daitekeen ere aztertu du Rasillak. Bi joera nagusitzen dira prebentzio planak egiteko garaian. Batetik, segurtasun neurriak eraikitzea, eta, bestetik, naturari bere eremuak errespetatzea; Rasilla bera azken horren aldeko da. «Jendeak dikeak eraikitzea ikusten du irtenbide gisa, baina agian galdetu beharko genioke geure buruari zertan ari garen itsasoari tokia kentzen».
Babes neurri horiek epe motzeko ikuspegiarekin egiten direla esan du, eta natura jakintsua dela gogoratu: «Berea dena hartu baino ez du egiten». Ikuspegi ekonomikotik ere eraikitzea garestia bada mantentzea are garestiagoa dela nabarmendu du; «hiru aldiz gehiago kostatzen da azpiegitura horiek mantentzea».
Haren ustez, horrek guztiak oso bestelako jarrera bat eskatzen du hiritar zein instituzioen partetik. «Jendeari bere eraikinak izan ditzakeen ondorioez informatu behar zaio, baina baita ere irakatsi behar zaie epe motzean baino harago pentsatzen». Gauzak argi izanda, bakoitzak bere ekintzen ondorioen ardura hartu beharko lukeela uste du. Hala ere, gaur egun oso zaila ikusten du horrelako zerbait: «Eraikitako gauza asko oso eremu sentsibleetan daude, eta hor diru asko dago jokoan».
Zientzia eta unibertsitate mundutik arriskuez ohartarazten jarraituko dutela dio Rasillak, baina katastrofeak ekiditeko gakoa planteamenduak luzera begira egitean ikusten du.
Errepikatuko diren denboraleak
Aurten ezohiko denboraleak izan dira Kantauri itsasoan. Fenomeno hori berriz gertatzeko arriskuaz ohartarazi dute Gasteizen egindako meteorologia jardunaldietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu