ATZEKOZ AURRERA. Usue Arrieta. 'GELDI' liburuaren egileetako bat

«Errepidera jo dugu proiektu honekin»

Goitibeheren inguruko liburu monografiko bat atera du Arrietak '-zko' argitaletxe sortu berriarekin. Gozatu egin du han eta hemengo ibilgailuekin inbentarioa egiten. Proiektu berriak etorriko direla dio.

Iker Tubia.
2018ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
-zko argitaletxea eta GELDI 2011-2017. Goitibehera jaitsierak liburua aurkeztuko dituzte ostiralean Durangoko Azokan. Han izanen da Usue Arrieta (Arrasate, Gipuzkoa, 1979) Tractora artisten kooperatibako kidea, eta liburu horren egilea, Vicente Vazquezekin batera. Goitibeherei buruzko lehenbiziko lan monografikoa da, eta han eta hemen aurkitutako ibilgailuak bildu dituzte argitalpenean.

Boladan jarraitzen dute goitibeherek?

Jarraitu ditudan zazpi urteetan, urtero izan dira hamar lasterketa baino gehiago lehia ofizialean, eta herri lehiaketa pila bat daude; beraz, bai.

Zu ibiltzen zara?

Ez, baina urte hauetan probatu dut.

Eta zer moduz?

Ba ondo, oso dibertigarria da. Abiadura handia hartzen dute; batzuek, orduko ehun kilometro, imajinatu.

Zerk egiten ditu goitibeherak erakargarri?

Ni erakartzen nau auto eraikiak izateak, eta, beraz, diseinu bakoitza bakarra izateak. Denek antzeko asmaketa teknologiko edo teknikoak dituzte; orduan, tokiko garapen bat da. Bestalde, irristatzeak dakarren plazera ere polita da.

Nola egin duzue bilketa lana?

Ikuspuntu jaialdirako film baterako hasi ginen goitibeheren jarraipena egiten. Horren ondoren, lasterketetara joaten eta goitibeheren argazkiak egiten jarraitu genuen. Milaka argazki atera genituen, eta jendea ezagutu genuen. Orain urte eta erdi, pentsatu genuen liburu bat ateratzeko material nahiko genuela. Lasterketa guztien lan kartografikoa egin genuen, eta goitibeherak egin zituztenek euren ibilgailuaren fitxa bat bete behar izan zuten.

Ez da gai ezezaguna. Zergatik landu da hain gutxi?

Guri ere bitxia iruditu zitzaigun. Gai interesgarria da, eta herrikoia; beraz, arraroa zen lan monografikorik ez egotea. Euskal Herriko federazioak egina dauka erakusketaren bat, eta difusio lan handia egin du, baina ez zegoen monografikorik. Dokumentazio mardula genuenez, forma eman diogu. Guk ere errepidera jo dugu proiektu honekin.

Herri lasterketak ere ageri dira.

Bai. Adibidez, Mutrikuko jaitsieraren poster bat dago. 1970eko hamarkadan hasi zen, urtero egiten dute, eta herri guziak parte hartzen du. Hango goitibeherak oso bereziak dira. Beste toki batzuetakoak baino handiagoak dira, eta kuadrilla osoak edo senideak jaisten dira.

Edozeinek ezinen du egin goitibehera bat. Zer jende aritzen da?

Fitxak ikusita konturatzen zara askok industrian egiten dutela lan. Adibidez, Eskoriatzan foku handi bat dago gaur egun. Lanean eskuratutako jakintzak aisialdirako erabiltzen dituzte. Bestalde, lan horiek egiteko toki bat dutenak; adibidez, baserria. Azkenik, oso inportantea dena: euren herrietan aldapak dituzten pertsonak.

Modelo bitxiak aurkitu dituzue?

Badaude oso bitxiak direnak. Niri asko gustatzen zaizkit Gamiz-Fikako Raskamunak; lau makilakoaren eta bigarren erakoaren artekoak. Txikiak dirudite, lau makilakoen antzera, baina metalez eginda daude, bigarren erakoak bezala.

Inguruaren arabera zaletasuna ezberdina da?

Bai, bai. Foku batzuk daude. Hori denborarekin aldatuz doa, gainera. Gaur egun, Gernikan eta Eskoriatzan indar handia du. XXI. mendeko lehen hamarkadan, Iruñea inguruan indar handia zuen.

Euskal Herritik kanpo bada goitibehera tradiziorik?

Bai, badago; antzekoak daude Frantzian eta Italian, eta Hego Amerikan ere bai. Toki askotan egiten dira.

-zko argitaletxearekin proiektu berriak etorriko dira, ezta?

Argitaletxe berria proiektu berriak ateratzeko tresna da. Mimo handiz egindako lanak izango dira, landa lanean errotutako liburuak, eta, beraz, lan handia dutenak. Artistaren lan esperimentalen, antropologiaren eta landa lanaren bidegurutze horretan gertatzen diren proiektuak gauzatzeko tresna bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.