Pete Davidson umoristari buruz mintzo den film bat da The King of Staten Island. Uharte hartan egin zituen urteei eta han zela jazo zitzaizkion hainbat konturi buruz hitz egiten du. Umorezko film bat da, autobiografia kutsu nabarmena du, eta Davidsonen esperientzia ugari biltzen ditu. Horien artean daude, besteak beste, aita hil zitzaion momentu ilun hark eragindako mamuak2001ean galdu zuen aita, irailaren 11n AEBetan gertatu zen atentatu terroristan eta umorearen munduan egin zituen lehenengo pausoak jasotzen dituzten uneak. Judd Apatow zinemagileak egin du zuzendaritza lana, eta hilaren 19an estreinatuko dute Movistar Plus eta Filmin plataformetan.
Filmaren arabera, Davidsonen garapen pertsonala nabarmen moteldu zen aita galdu zuenean, eta gertaera lazgarri hark eragina izan du bere ibilbide pertsonal eta profesionalean. Filmean, mutil gazte gisa aurkezten da Davidson. Amarekin bizi da, eta belarra erretzen ematen du eguna, lagunekin batera. Horietako egun batean, amak Ray deituriko gizon bat ezagutuko du: suhiltzailea da hura ere, aita bezala. Ezaugarri hark estutasun batean jarriko du Pete, oroitzapen ilun ugari sorraraziko baitizkio. Hori dela eta, harreman berrietara eta paisaia berrietara moldatuz, pertsona gisa dituen ardurei eta aitaren galerari aurre egin beharko die, oraindik bizirik dirauten zauri horiek guztiak itxiz.
Umorea bai, drama ere bai
Iaz estreinatu zuten, ekainean. Gerora, herrialde ugaritan egon da ikusgai. Universal Pictures ekoiztetxeak estreinatu zuen, eta debutaren asteburuan harrera ona izan zuen. Kritikarien artean ere erantzun baikorra izan du: Rotten Tomatoes atarian, kasurako, ia 7 puntu jaso ditu, eta kritikarien artean iritzi bateratu bat eragin du. Haien esanetan, pertsonaien «tonu zalantzagarriak» edota ekoizpenaren «iraupen luzeak» lausotu egiten dute drama, baina Davidsonen «portaera zoroak» mamiari lotuta mantentzen du. Beste batzuek, berriz, film akutu eta dibertigarri gisa izendatu dute. Davidsonen lana ere goratu dute, haren interpretaziorako gaitasuna txalotuz.
Umoregile gisa bakarrik ez, antzezle lanetan, idazle lanetan eta produktore lanetan ere ibili izan da Pete Davidson. Ezaguna da AEBetan; izan ere, Saturday Night Live saio arrakastatsuan lan egiten du. Horrez gain, MTV Guy Code, Wild 'n Out eta Failosophy saio entzutetsuetan ere agertu izan da.
Stand-up generoan ere lan asko egin ditu Adam Devine's House Party, Jimmy Kimmel Live! eta Comedy Underground with Dave Attell saioetan, eta Brooklyn Nine-Nine telesailean izar gonbidatu gisa ere agertu da.
'THE KING OF STATEN ISLAND '
Zuzendaria. Judd Apatow.
Aktoreak. Pete Davidson, Marisa Tomei, Bill Burr, Steve Buscemi, Bel Powley, Pamela Adlon, Maude Apatow, Domenick Lombardozzi, Machine Gun Kelly, Jimmy Tatro, Moises Arias, Kevin Corrigan, Gary Gulman, Hank Strong .
Urtea. 2020.
Iraupena. 136 minutu.
Generoa. Komedia eta dramauztartzen ditu.
Ostiralean estreinatuko dute Movistar Plus eta Filminplataforma digitaletan.
Datorren asteko estreinaldiak
'Errege' baten argi-itzalak
'The King of Staten Island' ekoizpenak Pete Davidson umoristaren bizitza biltzen du. Drama umoretsu bat da, eta Movistar Plus eta Filmin plataformetan estreinatuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu