ATZEKOZ AURRERA. Javi Julio. Fotokazetaria

«Errefuxiatuak pozik daude europarrekin»

Greziako errefuxiatuen kanpamentuei buruzko 'Wait, just wait' dokumentala aurkeztu du argazkilari donostiarrak. Nabarmendu du instituzio eta gobernuekin haserre daudela, euren egoera dela eta.

2017ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Gizarte langilea izan da Javi Julio (Donostia, 1978), bere afizioan sakontzea erabaki zuen arte: argazkilaritzan. Egun, NervioFoto argazkiagentzian ari da lanean. Bertan landu ditu, besteak beste, Siriako kristauen exodoa, Libanoko errefuxiatu kanpamentuen egoera eta Donbassen (Ukraina) gerra nola bizi duten. Azkenaldian, Greziako egoera ezagutu du kanpamentuetan lanean dabilen lagun bati esker, Kios uhartean. Bertan jasotakoaren emaitza izan da Wait just wait dokumentala. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak iritsi berriei esaten diena da dokumentalaren izenburua: «Itxaron, soilik itxaron».

Errefuxiatuen kanpamentuetako egunerokoa ezagutu duzu. Zer sentipen eragin dizu?

Egoera oso gogorrean bizi dira. Behin aurrez aurre ikusten duzunean, eragin egiten dizu.

Abuztutik hona egoera aldatu dela esan izan duzu. Zergatik?

Hotza egiten duelako. Hiru gradu zero azpitik izan dute kanpamentuetan Gabonetan. Quechua markako kanpinetan bizi dira. Guztiok dakigu nolako finak diren kanpin horiek...

Europako Batzordeak eta Turkiak errefuxiatuen etorrera murrizteko akordioa sinatu zuten. Igarri da?

Bai. Kios irlara, esaterako, egunean 15-20 txalupa iristen ziren, 50 bat pertsona txalupako. Orain, bat edo bi iristen dira eguneko. Poliziaren jarrera ere aldatu da.

Zein jarrera dauka Poliziak errefuxiatuekin?

Hondartzara iristen direnean UNHCR-ra bideratzen dituzte. Han, kanpina ematen diete. Hortik aurrera, hor konpon, norberak bila dezala bere tokia kanpamentuan. Haserre daude UNHCRk ematen dien tratuarekin.

Wait, just wait (Itxaron, soilik itxaron) izenburua jarri diozu dokumentalari. Itxarotea al da errefuxiatuen aukera bakarra?

Esku artean daukaten diruaren araberako aukerak dauzkate. Ordaindu ahal baldin badute, lor dezakete pasaporte faltsu bat edo kontinentera doan ferryren batean isilean sartzea. Hala ere, Atenasen geldituko lirateke, ez aurrera, ez atzera.

Kanpamentuetako egunerokoa kontu bat da, eta pertsonen testigantzak beste bat. Hainbat jaso dituzu dokumentalean. Europakoa izanda, erraza al da entzutea?

Ez. Lotsa-lotsa eginda gelditzen zara sarri. Hala ere, errefuxiatuek diote pozik daudela europarrekin, egunerokoan europar mordo baten laguntza jasotzen dutelako. Gobernuekin daude haserre.

Testigantza gogorrak jaso dituzu. Esaterako, gizon batek esan zizun nahiago lukeela Sirian azkar hil, Kiosen poliki hil baino.

Pertsona askok diote berdina. Abiatutakoan ez zekiten ez aurrera eta ez atzera geldituko zirenik. Nahiago dute Sirian hil, euren sorterria delako. Baina gogorrena da euren seme-alaben aurrean esaten dutela.

Sendo agertu zinen EITBri egindako adierazpenetan:«Herritarrak jakinaren gainean egon daitezela lortu nahi dut; inork ez dezala esan ez zekiela ezer». Kritika gisa uler daiteke?

Ez, ez nuen zentzu horretan esan. Dokumentalak beste aukera bat ematen die egoeraren berri izan dezaten. Historia eroso egiten zaigun moduan berridazteko ohitura dugu. Hemendik 20 urtera filmak egingo dira errefuxiatuei buruz. Guztia ederra izango da, eta ez da egungo errealitatea erakutsiko.

Zaporeak eta Giza Itsas Salbamendu elkarteen lana erakutsi duzu. Zer iruditzen zaizu han egiten dutena?

Ikusgarria da. Zaporeakek egunero jaten ematen die kanpamentuetakoei. Itsas Salbamendukoek erreskatatu egiten dituzte. Baina bertako boluntarioen lana ez da hori bakarrik. Bere kabuz joan den jendearekin ere elkartu naiz. Gainera, kanpamentuetan euskal herritarra zarela esaten baduzu, guztiek dakite nongoa zaren, euskal herritarrek han egin duten lanagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.