Ricardo Abad

«Erreferentzia izaten eta mugak hausten jarraitu nahi dut»

Bizikleta utzi, eta korrika egiten hasi zen Abad duela bost urte. 30 maratoi 30 egunean hasieran, 150 gero; horrela gero eta proiektu «kitzikagarriagoak» betetzen. Errepidea ez ezik, zortzi orduko lanaldia ere zain izaten du.

Maite Alustiza.
2011ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Gaurkoa maratoi bat jarraian egin duen 409. eguna du Ricardo Abadek (Tafalla, Nafarroa, 1971). Otsailaren 12an da amaitzekoa 500 maratoien erronka.

500 maratoi, 500 egunean. Hori osasuntsua al da?

Gorputzari mugak bilatzea da kontua, eta nik oso ondo ikusten dut neure burua. Egunero korri egiteak badu bere koska, eta, gainera, beste edonork eramango lukeen bizi-erritmoa daramat, lanean eta abar. Tarteka ezin gehiagoan nabil, baina ilusioz.

Askotan esango zizuten erotuta zaudela.

Kirola egiten ez duen jendeak, beharbada, ez du ulertuko; esango dute masokistak garela. Baina kirola egiten duen jendeak ulertzen du, bizi duelako. Zeure buruari aurre egin izanaren sentimendu hori ez da ezerekin ordaintzen. Polita eta pozgarria da, betetzen zaituen erronka bat izateaz gain, ANFAS Nafarroako adimen urritasuna duten lagunen aldeko elkarteari laguntzea.

Amore ematea pentsatu al duzu inoiz?

Amore ematea ez, baina zalantza asko izan ditut: bukatuko dut, norbaiti deitu beharko diot bila etor dadin... Baina gero gogorrenak dira gehien betetzen zaituzten egunak; horiek ematen diote balioa egiten ari zarenari. Gogoz edonork egiten du korrika.

Hondamendi bat beharko litzateke zuk korrika egiteari uzteko.

Atera, beti aterako naiz. Borrokalaritzat daukat neure burua, eta, behintzat, saiatu egingo naiz. Oso muturreko baldintzak izanda ere, pneumonia bat, birikeria bat edo 43ko sukarra, beti saiatuko naiz.

Hori entzunda, ziur egin duzula halakorik.

Bai, egun batzuetan oso gaizki atera naiz errepidera. Sukarra, gastroenteritisa edo beherakoa izan ditut, baina erronka baten barruan zaudenean duzun motibazio itzel horrek bultzatzen zaitu.

Jabetzen zara horrek dituen arriskuez?

Erronka hau pasatzen denean ziur esango dudala: nola nintzen gai? Egun batzuetan, 40 gradu edo 0 azpitik 4 gradu izan, eta esango duzu: 40 minutu egin eta etxera noa. Horrelakoetan motibazioa funtsezkoa da, indarrak atera eta datorrenari aurre egitea.

Aukeratzea izango bazenu, korrika egitea edo lana?

Egun batzuetan, emazteari esaten diot: gaur nahiago nuke hamasei orduz lan egin korrika aritu beharrean. Azkenean, lana esfortzu fisikoa da, baina ez dio gorputzari halako ahaleginik eskatzen. Korrika egitea zer den dakien guztiak badaki gainean daramazun harlauza bat dela.

Guinness errekorra lortzeak balio al du ezertarako?

Nik gogotsu itxaron nuen urriaren 1a; urtea gehi egun bat egin nuen eguna. Jende guztiak esaten zidan erronka honetan irabazteko gutxi eta galtzeko asko nuela. Orain, beste askatasun batekin egiten dut korrika, eta hemendik aurrera errekor berri bat da. Ez naiz erlaxatuko.

Behobia-Donostia lasterketa dute gaur. Txikikeria al da zuretzat?

Lauzpabost aldiz korritu dut, eta festa izugarria da. Egin dudan proba politenetakoa da, mitikoa; publikoak dena ematen du. Herri mailako atletismoa gorantz doa, eta ikusten duzu hor ez dagoela irabazlerik. Helmugara iristen den guztiak irabazten du.

100 urterekin maratoi bat amaitu duen lehena da Fauja Singh. Hari jarraitzeko asmorik bai?

Kide batek hala esan zidan: «Badaukazu erronka hemendik hirurogei urterako!». Erretiratzean ere korrika egitea gustatuko litzaidake. 100 urtera heltzea oso zaila da, baina urte askoan erreferentzia izaten eta mugak hausten jarraitu nahi dut.

Lasterketa horretan bertan 27 urteko gazte bat hil zen.

Nik ez diot beldurrik horri. Beti egiten ditut osasun azterketak, bihotzarenak... Egia da geroz eta gehiago entzuten direla horrelako kasuak. Behobia-Donostian ere hil zen lagun bat iaz, baina 16.000 lagun dira... Prestatuta dagoenari edo ez dagoenari gerta dakioke. Inoiz ez dakizu noiz izango den, eta bitartean, bizitzaz gozatzea besterik ez dago.

Zuretzat bai, baina gustatuko litzaizuke alabak zuk jarraitutako bidea aukeratuko balu?

Gustatuko litzaidake nire alabak kirola egitea, balioak izatea; esfortzua eta sakrifizioa zer diren jakitea. Gustatuko litzaidake, baina ez naiz obsesionatuko guraso batzuk obsesionatzen diren bezala. Niri beti erakutsi didate txikitatik gozatzera, eta orain haurrek askoz presio handiagoa dutela iruditzen zait. Lehen joko bat zen kirola, eta orain seme-alabei gaitasun batzuk ikusten badizkiete, segituan hasten dira medikuetara eta abarrera eramaten. Obsesio gehiegi ikusten dut gurasoen aldetik, eta niri ez litzaidake gustatuko halakoetan erortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.