Erredakzio kontseiluak eskatu du ETBk ez dezala Baiona alboratu

urtzi urkizu
2021eko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
«Euskal Herriaren erreferentzia galtzen ari da ETBko albistegietan». Hala dio ETBko erredakzio kontseiluak plazaratu duen ohar batek. Beste zenbait kritikaren artean, langileak ordezkatzen dituen kontseiluak honako hausnarketa hau egin du: «EITB Euskal Herri mailan hedabide nagusia eta bakanetarikoa izanda, lurralde guztietako euskaldunen erreferentea izan behar duela uste dugu». Erredakzio kontseiluaren iritziz, ETBk ezin ditu Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko euskaldunak tratatu inguruko beste erkidego batzuetako herritarrak izango balira bezala. Eginkizun horretan «aparteko garrantzia» du Baionako egoitzak. «Baionako korrespontsalia ez alboratzeko eta zaintzeko eskaria egin dugu».

Lapurdiko hiriburuko egoitzatik egiten dituzte ETBko Iparraldearen orena saioa eta albistegietarako albisteak. Langileak ez dira EITBkoak, ekoiztetxe pribatu batek kontratatuak baizik.

Beste alde batetik, erredakzio kontseiluan langileen kexuak jaso dituzte taldeko bileretan euskara «gero eta gutxiago» erabiltzen delako. Kezka hori zuzendaritzari helarazi dio kontseiluak. «Halaber, erakunde publiko askotan ere euskarak presentzia galdu du. Erakundeei hori zaintzeko eskaria egiteko galdegin dugu», gaineratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.