Jokin Apalategi. Psikologo soziala

«Errealitateari iruzur egiten diote Euskal Estatuari muzin egiten diotenek»

'Herria, nazioa, estatua... zer nahi dugu eta nola lor dezakegu?' hitzaldia emango du EHUko ohorezko irakasleak, bihar, Lazkaon. Independentziatik uste baino hurbilago gaudela deritzo Apalategik.

GAIZKA IROZ.
Edu Lartzanguren.
2013ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Psikologia Soziala irakatsi du urte luzez EHUn Jokin Apalategik (Ataun, Gipuzkoa, 1943). Euskal Herriaren emantzipazioaz saiakera argitaratu du aurten. Herria, nazioa, estatua... zer nahi dugu eta nola lor dezakegu? hitzaldia emango du bihar, 18:30ean, Lazkaoko Gerriko txokoan (Gipuzkoa).

Azken saiakera aurkeztu zenuenean, adierazi zenuen herri nazioa soilik estatua lortzean garatzen dela. Non dago Euskal Herria prozesu horretan?

Esaten dute populazio aldetik herri hau dela Europan zaharrena, baina nik esango nuke gaur daukagun egitasmotik oso gazte garela. Hau da, herri zaharra garela baina heldutasunera oso gazte heldu garela, oso poliki.

Ostegunean Bartzelonara joan zen Andoni Ortuzar EAJko presidentea, katalanei esateko estatu propioa aldarrikatzea «iraungitako eredua» dela. Zer deritzozu?

Heldutasunera iritsi nahi duen guztiak nahitaez behar du estatua, gaurko nazioarteko panoraman. Ez dago independentziarik estaturik gabe. Guk geure gizarteari heldutasuna onartzen badiogu, hau da, emantzipatzeko baldintzak betetzeko lain dela aitortzen badiogu, estatua edukitzeko gauza dela esan nahi du. Estatua izatea nahitaezkoa du, eta, gainera, horrek lagundu egingo dio heldutasun hori garatzen. Oso garrantzitsua da gai honetan gauzak argi edukitzea.

EAJren planteamenduaren arabera, estatua gaur Europako Batasunean legoke, eta hori nazioz osaturik, hor luke Euskal Herriak bere lekua.

Errealitateari iruzur egiten diote Euskal Estatuari muzin egiten diotenek. Gaur egun, Europa estatuen gainean eraikita dago. Gaur dauden estatuek bakarrik ematen dute nazionalitatea. Betiko nazio naturalek, geurea bezalakoek, ez dute nazionalitaterik, gaur dauden estatuek lapurtu egin dietelako. Nazionalitatea edukitzea gaur, estatua edukitzetik pasatzen da. Ez dago beste biderik. Eta oso garrantzitsua da nazionalitatea noren esku dagoen, nazionalitateak baldintzatzen baitizkie herritarrei zein eskubide izango dituzten. Nazioa bagara, gatazkaren funtsa da utziko ote diguten nazionalitatea kudeatzen.

Europaren batasuna ez da, hain zuzen ere, estatuei boterea kentzeko prozesu bat?

Europak muga batzuk malguago egin ditu, baina mugak ez dira oraindik galdu, eta estatuek zentimetroka zaintzen dituzte. Ez da arazoa faltsutu behar: Europak ez die oraindik itzultzen boterea nazioei, eta ez du egingo herritarrek bide hori urratu arte.

«Nola lor dezakegu estatua?». Galdetzen diozu zeure buruari.

Gaur, gure herrian, protagonismoa alderdiek dute, askotan geure onarpenarekin. Alderdiek ez dute egingo herri zabalago batek egingo ez duena. Herria dinamizatu behar da, beraz. Alderdiei kasu gutxi egin behar diegu. Gure herrian elkarteen tradizio handia dago, baita auzo bizitzarena ere. Horiek bizitu behar ditugu, horiek ekarriko dutelako alderdiak gero mugitzea, botoak jokoan izango dituztelako. Baina, horretarako, gauzak argi izan behar ditugu buruan. Jendeak argi duenean, ez du beldurrik, eta aurre egiten du.

Urteak baharko ditugu?

Gure herrian lan asko egina dago, zorionez. Azken 50 urteotan eginiko lan guztiak hor daude. Eta jendea zain dago: norbaitek ate bat jotzeko, edo argi bat pizteko. Eta baliteke laster etortzea. Uste baino helduago eta hurbilago gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.