Errealitatearen jaialdia

Lupa Dokumentalen Mostran, filmak eta haien egileekin elkarrizketa, Donostian eta Errenterian, gaurtik

Autopista berriek bazterrean utzitako errepideen inguruko hausnarketa egiten du N VI filmak. BERRIA.
Erredakzioa
2014ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Errealitatea ikusteko moduen inguruko film jaialdia egingo dute gaurtik igandera Donostian eta Errenterian (Gipuzkoa). Lupa Dokumentalen Mostran, filmak erakusteaz gain, egileekin mintzatzeko aukera dute ikusleek. Emanaldi guztiak doan dira.

Denera, 14 film emango dituzte aurten. Normalean, zinema aretotara heltzen ez diren bestelako dokumentalak programatzen dituzte. Donostiako Banda Bat taldeak eta Errenteriako Mikelazulo Kultur Elkarteak antolatzen dute jaialdia. Egitaraua: www.mikelazulo.com gunean.

Gaur hasiko da jaialdia, Donostiako Guardetxean. Ciutat Morta emango dute. Xavier Artigasek eta Xapo Ortegak sortu zuten filma, iaz. 2013ko ekainean, 800 pertsonako talde batek Bartzelona erdiguneko zinema areto huts bat okupatu zuen. Eraikinari, Patricia Heras Cinema izena jarri zioten, bi urte lehenago bere buruaz beste egin zuen neska baten omenez. «Nor zen Patricia Heras? Zergatik egin zuen bere buruaz beste, eta zer lotura dauka poliziaren ustelkeriak haren heriotzarekin?», galderei erantzuna eman nahi die filmak, sortzaileen arabera. Proiekzioez gain, hitzaldiak egingo dituzte. Esaterako, soinua zineman nola landu azalduko du bihar Xabier Erkiziak.

DOKUMENTAL JAIALDIA

Noiz. Gaurtik igandera.

Non. Guardetxean (Donostia) eta Mikelazulo Kultur Elkartean (Errenterian).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.