Gregorio Monreal. 2013ko Euskadi ikerkuntza sariduna

«Errealitatearen gainetik jauziak egitea zorigaiztokoa izan daiteke»

Eusko Jaurlaritzak ematen duen 2013ko Euskadi ikerkuntza saria jaso berri du Gregorio Monreal Zuzenbidearen eta Erakundeen Historian katedradunak. Ikertu ez eze, besterik egiten ere jarraitu nahi du.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2014ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Gregorio Monreal (Etaiu, Nafarroa, 1942) Zuzenbidearen eta Erakundeen Historian katedradun emeritua da NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan.Irakasle lanak, batik bat, unibertsitate horretan eta EHU Euskal Herriko Unibertsitatean egin ditu. Mila borroketan aritua, izaeraz nafarra dela dio, aurrez aurre doan laguna. Erretiroa hartua duen arren, ikertzen jarraitzen du. NUPen duen bulegoan harrapatu dugu lanean, eta hitz egiteko prest.

Joan den asteartean jaso zenuen Lehendakaritzan 2013ko Euskadi ikerkuntza saria. Hunkitu zinen?

Familiaren maitasuna sentitzea eta EHUko eta NUPeko adiskideena edo politikan ibili nintzeneko garaietako jendearena ere polita izan zen. Han ziren denak. Bizitzan lagunak egitea lortu duzula eta horretan huts egin ez duzula ikustea polita da. Gurasoekin gogoratu nintzen, Estellerriko nekazariak ziren. Aita nekazari txiroa baina azkarra zen eta nitaz harro egonen zela uste dut.

Saria norbaiti eskainiko zenion.

Saria bilobari eskaini nion. Bi urteko haur zoragarria da. Belaunaldi berri-berria da. Desiratzen duzu herri honetako jende askok izan duen ideiarekin iraun behar dugula; gutxienez, beste belaunaldi bat iraun behar dugula herri gisa.

Euskal Herriko ikasketa historiko eta juridikoen berrikuntzan egindako ekarpena aitortu du epaimahaiak. Nola hasi zinen ikertzen?

Deustuko Unibertsitatean ikasten nengoenean irakasle jakintsu bat nuen: Andres de Mañarikua. Haren lana ezinbestekoa da. Hura Bizkaiko erakundeetan espezialista izanik, nik ere gai hura hartu nuen. Berehala Alfonso Garcia Gallo Madrilgo katedradunarekin jarri nintzen harremanetan. Zuzenbidearen Historian penintsulan eta Latinoamerikan zegoen aditurik hoberena zen. Bere zuzendaritzapean egin nuen Bizkaiko Jaurerriko erakunde publikoak, XVIII. mendera arte tesia. Nire lehen ikerketa doktorego tesia izan zen.

Herri baten nortasunaren adierazle diren Euskal Herriko erakunde publikoak ezagutarazten egin duzun ekarpena ere azpimarratu du epaimahaiak. Zer gelditzen da erakunde horietaz?

Kontzertu ekonomikoa eta itun ekonomikoak gelditu zaizkigu, eta oso garrantzitsuak dira. Ogasun propioa edukitzea eta erabiltzea oso inportantea da. Estatu baten sinbolo gisa lehen armada, txanpona, diplomazia eta mugak zeuden. Ogasuna, baina, estatu nortasunaren ezaugarri oso inportantea zen. Egun, ogasunaren ikuspuntutik, foru hondar horrek estatuarekin konfederazio batean gaudela adierazten du.

Foraltasunaren XIX. mendekokrisia aztertu duzu zure lanean. Egun Europako Batasunak agintzen du nola jokatu. Egitura berri horiek ikusirik, nola egitura daitezke gure erakundeak?

Ezin da konparatu XIX. mendean gertatutakoa eta gaur egungo egoera. Foruen galera dela eta, XIX. mendea sekulako trauma izan zen. Nafarroan sentimendu foral eta autonomikoa beste hiru probintzietan baino askoz ere txikiagoa zen. Pentsamolde aldaketa bat egon zelako XIX. mendearen hasieran. Besteak beste, funtsezkoa izan zen frantsesen kontrako gerra. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan izpiritu forala askoz ere handiagoa zen eta, batez ere, Bizkaian. Nafarroak bere bidea jarraitu zuen, Gamazadako atzaparkada kenduta.

Zerbait gelditzen da izpiritu horretatik?

Bai, bada sentimendu lauso eta inportante bat kontzientzia baldintzatzen duena. Izpiritu horren adierazle da Manuel Irujok diputatu gazte bat zenean kontatzen zuen gertakari bat. Ziraukira joan zen, eta foruen inguruan ari zirela Irujok foruak zer ziren galdetu zien zinegotziei. Foruak Nafarroako barrabilak zirela erantzun zioten. Ideia oso lausotuta zegoen. Nafarroako nortasunaren ezaugarri bat ziren ideia nahasia zen.

Egun, foraltasunaren hondar hori gordetzen duten bi estatutu daude, Gernikakoa eta Foru Hobekuntza. Berezko ezaugarriak dituzte, baina Espainiarekin egindako akordioetan bateratuz joan dira. Zein toki dute EB Europako Batasunean. Non gelditzen da testu horietan aipatzen den autogobernua?

Ez dakigu nora doan EB. Gertatu diren bateratze kuotak EBren federalizazioa eta bateratzea indartsuagoa egin beharko lukete. Europak inposatzen dituen zerga sistemen homologazioak guri zein daniarrei eta finlandiarrei berdin eraginen digu. Europa guretzako kaltea baino gehiago bermea izanen da beti. Kontzertua eta itun ekonomikoa onartu dira EBn. Europak egiten du, eta pentsatu behar dugu zer komeni zaigun: gelditzea, negoziatzea... Gainontzean, autogobernua gure afera da. Espainiako Estatuarekin konpondu beharreko zerbait eta ez hainbeste erabakitzeko eskubidea. Gainera, erabakitzeko eskubidea baliatzen duzu hori egiteko baldintza politikoak dituzunean. Komeni bazaizu eta hori egiteko beharrezkoak dituzun gehiengoak badituzu. Hori bakarrik ez, baliatzean, moldatzen dituzun baino arazo gehiago sortzen ez badituzu.

Nola egin daiteke hori?

Gure herrialdea oso ornogabea da. Sentimendu askotarikoak daude, eta gehiengo zabalak izatea oso zaila da. Sentimendu eta helburu antzekoak dituztenak ere ez datoz bat oinarrizkoak diren gai batzuetan. Euskal Herriaz ari garenean gelditu egin behar dugu. Guardiakoak euskaldunak dira? Nafarroako Erribera Euskal Herria da? Badugu aurretik denbora bat ez dena autodeterminismoez ez eta erabakitzeko eskubideaz aritzeko, herria eraikitzeko baizik.

Nola?

Erakundeak sortuz, bide motela eta luzea da, eta printzipio eta adierazpen politiko askok ez dute aurrera egiten laguntzen. Bi bide daude herri honetan. Batetik, oinarrien bidea, bide boluntarista dena, Euskal Herria gara eta eskubideak ditugu. Eta bada beste bide bat, eraikuntzarena, Euskal Herria gara, bai, baina oso ornogabea. Ez gara homogeneoak, ikuspegi geografikotik ere, homogeneizazioan aurrera egin behar dugu. Hoberena onaren etsaia izan daiteke, eta herriaren errealitatearen gainetik jauziak egin nahi izatea zorigaiztokoa izan daiteke.

Ibilbide akademiko luzea ere egin duzu. EHUko errektore izan zinen 80ko hamarkadan, unibertsitatea bere lehen pausoak ematen hasi zenean. Nola gogoratzen duzu garai hura?

Gogorra izan zen. Besteak beste, Mitxelenarekin partekatu nuen errektoretza. Hark esan zuen gehiago sufritu zuela unibertsitateko troika hartan espetxean heriotza zigorrera zigortuta egon zenean baino. Hark ez zuen oso gozoa izan behar, baina, halere, gehiago sufritu zuen Leioan. Garai oso zaila izan zen, unibertsitatea hutsetik sortu zelako eta bat-batean asko hazi zelako. Beste toki batzuetan bezala gertatu zen;masifikazioari erantzun behar zitzaion. Diru sailak ez ziren iraunkorrak, eta ikasleen kopurua urtero %20 hazten zen eta irakasle gehienak ez ziren doktore. Euskal Herria irakiten ari zen eltzea zen, eta egoera horretan etortzen ziren katedradunak postua hartzen zuten une berean alde egiten zuten. Ezin genuen irakasleria sortu, ez eta genuen irakasleria gaitua mantendu ere. Dirurik ez zegoenez, gelarik ere ez zen, eta ikasleak oso haserre zeuden. Arazo asko zeuden, eta moldatzeko oso baliabide gutxi.

Nola ikusten duzu egin duen bidea?

Dituen arazo guztiak ahaztu gabe, artean horrela izan behar zuela esan izan balidate ez nukeen sinetsiko. Elebitasunaren arloan, 80ko urteetan euskaraz zekiten oso irakasle gutxi zeuden, eta are gutxiago alfabetatuak. Aldaketa ikusgarria izan da, errektore ezberdinak arrakasta izan dute egin dituzten hizkuntza politiketan. Higiezinetan oso ongi hornitua dago, eta finantzaketa estatuko beste unibertsitate batzuen inbidia da. Eusko Jaurlaritzako gobernuek ahalegin handia egin dute. Baina, orain, krisiarekin administrazio publikoak gerrikoa estutu du, eta gauza bera gertatu zaio unibertsitateari.

NUP jaiotzen eta hazten ere ikusi duzu. Nola ikusten duzu egin duen ibilbidea?

Nafarroako Foru Erkidegoa ez da gaizki portatu unibertsitatearekin. Baliabideak eman dizkio, baina murrizketen politika oso gogorra izan da, azken hiru-lau urteetan. Finantzaketaren jaitsiera oso handia izan da, eta hizkuntza politikan ezin da inolaz ere EHUk egin duenarekin konparatu. Oraingo errektoretzak ahalegina egin du. Egoera soziolinguistiko ezberdinak direla onartuta ere, bi-hiru errektoretzatan ez da borondaterik izan, kontrakoa baizik, blokeo bat egon da.

Unibertsitateak zuk imajinatu zenuenaren antzik badu?

Europa iparraldeko herrialdeen eredua dut gustuko, eredu anglosaxoia, alemaniarra edosuitzarra. Irakasteko eta ikasteko beste kultura bat dute, ikasleak sorkuntza lanean nola txertatu badakite, eta ez bakarrik memorizazioan. Ez da Italia edo Frantzia, unibertsitate hobeak direlako baina ez dut iritzi onik Espainiako unibertsitateari buruz. Ez dut uste gure erreferentzia izan behar duenik.

Zergatik?

Irakasleriaren trebakuntza politika, irakasten dugun modua ez dira egokiak. Eredu anglosaxoira, Europara, hurbiltzea izan beharko luke politikariek eta unibertsitateko zuzendaritzek bultzatu beharreko bidea.

Ibilia zara AEBetako unibertsitateetan, Renon eta Berkeleyn, eta Parisen ere. Aldeak handiak dira?

Bi kultura ezberdin dira. Ameriketan diru asko dago. Irakasleak ongi ordainduak dira, eta ikasleek astakeria bat ordaintzen dute. Parisera joan nintzenean klaseak ematera, klasean ikasleek itsu- itsuan oharrak hartzeari ekiten zioten. Estatu Batuetan, aldiz, ikaslea bezero bat da. Horrek esan nahi du lehen egunetik irakaslea galderez bonbardatzen dutela. Irakaslearen jakinduria proban jartzen dute. Hemengoa ikasle hartzaile-memorizatzailea da, liburutegira doana oharrak irakurtzera. Bi sistema ezberdin dira. Alde horretatik, Europa iparraldeko sistemak antza gehiago du harekin. Izpiritu kritikoa lantzen du.

Krisiarekin unibertsitate publikoei ezarritako murrizketak lortutakoan atzerapausoa izan daitezke?

Krisiak, lehenik, ikerketari eragiten dio. Ikerketa lan gutxiago eskatzen dira, eta jakinduria gutxiago sortzen da. Bigarrenik, ikasketa akademikoak geldirik daude, ez dira toki gehiago ateratzen. Irakasle titular edo katedradun izateko gaitu dituztenentzat ez dute tokirik ateratzen. Irakasle asko daude horrela. Unibertsitateak ateratzen baditu toki horiek estatuak helegitea jartzen die. Horrek esan nahi du karrera akademikoa geldirik dagoela. 70eko eta 80ko hamarkadan ehunka irakasle sartu ziren, baina orain erretiroa hartzen hasiak dira. Toki asko uzten ari dira, baina ez ditu inork hartzen irakasleak kontratatzea galarazten delako. Ez dago belaunaldi aldaketarik.

Eta humanitateen arloan egoera antzekoa da?

Botere publikoak izan du joera pentsatzeko garapen ekonomikorako ikasketa teknikoak eta teknologikoak direla baliagarriak. Humanitateak apaindura bat izan dira, eta pentsatu da ez direla hain beharrezkoak garapen ekonomikorako. Hori oso arriskutsua da. Heziketa humanistikorik gabe agintari batek zailtasun handiagoa du agintzeko. Ez baduzu autogobernuaren sistema historikoa ezagutzen, hura berritzeko garaia datorrenean baldintza okerragoetan eginen duzu. Izaera kritikoa eta herritar kritikoak sortzeko ezinbestekoa da.

Zer da gehien gustatu zaizuna unibertsitatean?

Ikasleekin harreman zuzena izan dut, baina ez naiz sinpatikoa izan. Klasean isiltasuna izatea gustatzen zitzaidan, baina hori gertatu zen gelara teknologia berriak sartu ziren arte. Interneten tentazio asko daude nire klaseak baino askoz ere interesgarriagoak direnak. Teknologia berriekin arreta asko galdu da gelan, eta gure kasuan ez laguntzeko edo gure lana indartzeko, denbora-pasa gisa baizik.

Zer da gutxien gustatu zaizuna?

Ez dagoela irakasleen artean harreman handirik. Bakoitza bere klaseak ematera eta bere ikerketa egitera doa. Ameriketan, adibidez, unibertsitateetan irakasleek badute toki bat egunkariak irakurtzeko, eta harremanak egiten dituzu. Hori oso emankorra da, eta hemen ez dago.

Politikan ere ibili zinen; orain, Zabaltzen-en zaude. Itzuliko zinateke politikara?

Ez. Politika erantzukizunez egiten baduzu oso gogorra da. Errespetu handia diot politikari, eta ez dut uste edonork balio duenik politika egiteko. Gizartea nola dagoen neurtzen jakin behar du, eta entzuten jakin.

Zer gelditzen zaizu egiteko?

72 urte ditut, eta erretiroa hartuta nago. Ikertzen jarraitzen dut, baina gustatuko litzaidake herrira, Etaiura (Nafarroa), gehiago joan ahal izatea, haraneko bideetan gehiago ibiltzea, bidaiatzea eta biloba Malen handitzen ikustea. Horrez gain, urteak eman ditut oporrik gabe, eta asteburutan ere lanean. Bakartze hori ez da ona, baina beharrezkoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.