Irudikatu honako egoera: familiako kide edo lagun bati albiste txar edo desatsegin bat emateko zorian zaude, baina ez duzu zeure burua prest ikusten. Urduri zaude, eta zalantzati; elkarrizketa horren ondorioak ezin iragarrizkoak dira, eta ez dakizu nola erreakzionatuko duen. The Rehearsal telesailak (Entseguak) erabat lausotzen ditu errealitatearen eta fikzioaren arteko mugak, eta mota horretako egoerei aurre egin behar dieten benetako pertsonak ditu protagonista.
Nathan Fielder komediante, gidoilari, ekoizle eta zuzendari kanadarra ezaguna da bere umore berezi eta deserosoagatik; The Rehearsal ekoizpenarekin beste maila batera eraman du bere obra. Fielderrek elkarrizketak edo bizitza errealeko egoera zailak entseatzen laguntzen dio jende arruntari. Horretarako, agertokiak xehetasunez birsortu, eta elkarrizketa horietan sor daitezkeen egoera posible guztiak entseatuko ditu. Aurretik idatzitako gidoi baten bidez, egoera bakoitzerako askotariko irtenbideak planteatuko dizkie gonbidatuei, eguneroko bizitzan zama handikoak bihur daitezkeen egoerei aurre egiteko. Docureality-aren kontzeptua beste maila batera eramango du telesail bitxi honek.
Telesailaren alderdirik liluragarriena ez da gertatzen den hori, baizik eta gertatzen den horrek nola behartuko duen ikuslea saiakeraren beraren helburua ezbaian jartzera. Zenbateraino kontrolatu daitezke erabaki edota ekintza jakin batzuen ondorioak? Zertarako balio du aldagai bakoitza planifikatzeak gizatasuna, berez, aurresanezina baldin bada?
Bisualki, telesaila hotza da, eta, hizkuntza zinematografikoaren ikuspuntutik, ezin sinpleagoa, baina beste forma bat erabiltzea zentzugabea izango zatekeen. Tonua oso bitxia da, planteatzen diren egoerak maiz serioak diren arren umore oso deserosoa baitu helduleku nagusia.
Telebistako produktu arrunt baten itxura du, baina dirudien baino askoz sakonagoa da obra berdingabe hau, deseroso sentiarazteko beldurrik ez duen esperimentu bat; reality-aren, dramaren eta komediaren egiturekin jolastu, eta zerbait guztiz berritzailea eraiki du Fielderrek.
Ez da ikusle guztientzako moduko edukia, baina telesaileko jokoan sartzen diren ikusleak ohartuko dira pantaila txikiko gaur egungo eskaintza zabaleko esperientzia probokatzaile eta ahaztezinenetako bat dela. Liluragarria bezain zentzugabea da.
FITXA
- Sortzailea. Nathan Fielder.
- Herrialdea. AEBak.
- Urtea. 2022-gaur egun.
- Non ikusi. Max.
- Atal bakoitzaren iraupena. 25 minutu.
- Generoa.Reality-a, drama eta komedia.