Errealitate gordinez mozorrotua

Astelenita egunik (ere) ez dute ospatu Tolosan. Mozorrotuta apenas ibili den inor kalean. Udalak egindako deiari erantzun dio jendeak, eta zorrotz bete ditu neurriak. Etsiak jotako aldartea, eta «tristura» eta «pena» nagusitu dira herritarren artean. Aurrera begira ere jarrita daude: «2022an, doblea!».

Mozorroak. Ia ez zen inor mozorrotu atzo Tolosan. Argazkian, horietako hiru. MAIALEN ANDRES / @FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Tolosa
2021eko otsailaren 16a
00:00
Entzun

Zeinen gaizki ezkontzen diren inauteria eta errealitatea. Zeinen bikote arraroa egiten duten mozorroak eta normaltasunak. Batak besteari ihes egiteko behar izaten dira, eta elkarren ondoan aritzea tokatu zaie oraingoan. Errealitea gailendu zaio inauteriari, eta normaltasuna mozorroari. Ez kaosik ordenan, eta ez transgresiorik legean. Edo beste era batera esanda: pandemia garaiko astelenita egun bat Tolosako (Gipuzkoa) kaleetan.

Trenean ez dago inor mozorrotuta, eta inguruko herrietako geltokiak hutsik daude mukuru behar zutenean. Erdiguneko geltokian bost ertzain dituzte zain iristen diren apurrek. Nork esan behar zuen zeregin ezin nekezagoa bihurtuko zela jende mozorrotua topatzea astelenita egun batean Tolosan. Bada, halaxe da. Iritsi eta ordu erdira agertu da aurrenekoa: Batmanen maskara darama jantzita Jon txikiak. Zerkausia merkatuaren estalpean ari da jolasean. Ez du hizketarako gogorik. Abailan egin du ihes bere Batmobilean (patinetean).

Zerkausia merkatua, hutsik, atzo eguerdian. MAIALEN ANDRES / FOKU

Alde zaharrera iritsi arte ez da apaingarri asko ageri balkoietan. Haizea eta eguzkia. Beharginak andamioetan lanean. Erosketak egiten ari da jendea; merkealdien azken txanpa. Aitona-amonak bilobekin, eta jendea terrazen epelean. Beotibar frontoia eta ingurua. Partidarik ez inauterietako astelehenean, eta kolorerik ez harmailetan. Justizia Jauregiaren paretik bi ertzain emakumezko hizketarako prest. «Oso lasai dago dena. Ez da inolako arazorik egon. Kanpotik ere ez da jenderik etorri, eta asteburua ere halaxe joan da», nabarmendu dute biek.

Inauteriak hasterako egin zuen ohar udalak, eta inguruko herrietako ikastetxeetara ere bidali zituen eskutitzak DBHko eta Batxilergoko ikasleen gurasoei helarazteko. Bertan zioten ez zela aurten inauteririk ospatuko Tolosan, eta gogorarazi egiten zituzten pandemia garaiko betebeharrak eta gomendioak.

San Frantzisko elizako arkupean ez da mozorrodunik zintzilikatuta ageri, eta ia hutsik dago Trianguloa plaza. Ez desfile eta ez karroza. Ez parodia eta ez ironia. Errealitate gordina: Rondilla kaleko Juguettos dendan mozorro guztiak jarri dituzte salgai merkealdian (9,90 euro).

Bakero kapela jantzita neska bat Coviran supermerkatuko ilaran, Superman txiki bat Plaza Berriko parkean, sorgin ile moredun bat Euskal Herria plazan. Topic Nazioarteko Txotxongilo Zentroak eta arkupeetako apaingarriek ematen diote kolore apur bat aldarte etsiari.

Bi lagun bata zuriekin

Izan zitezkeen mozorrotutako bi lagun, baina ez dira. Ai Laket elkarteko bi kide dira. Bata zuriak dituzte soinean, eta txartel bana ere bai, nortzuk diren identifikatzeko. Udalak kontratatu ditu. «Elkartzen diren gazteei eta jendeari, oro har, gogorarazten diegu zeintzuk diren arauak pandemia egoeran, eta gomendioak ematen dizkiegu», azaldu du haietako batek. «Ostegunean ere hemen izan ginen. Izan zen uneren batean pilaketaren bat, baina apenas egon zen arazorik. Tabernak garaiz ixten dituzte, gazte asko gurasoekin bizi dira, polizia asko dabil, eta ez dute aukerarik festa luzatzeko», nabarmendu du besteak.

Berdura plazan pirata gazte bat amarekin jolasean, eta transgresio keinu txiki bat parean: Ramos Azkarateren bustoari aurpegia estali diote zapi gorri batekin. Adineko gizonezkoak eserita taldean. Lau baino gehiago dira, baina ez die inork kargu hartu. Egun hauetan behin eta berriz entzundako esaldia errepikatzen dute: «Francok ere ez zituen inauteriak geldiarazi, baina...».

Berdura plaza, atzo eguerdian. MAIALEN ANDRES / FOKU

Ramos Azkarateren bustoa, zapi gorri batekin. MAIALEN ANDRES / FOKU

Kale Nagusiko atari batean paperezko horma handi bat paratu dute. «Zer-nolako emozioak sortzen dizkizu inauteririk ezak? Idatzi hemen». Lana eginda jarri diote inkestatzaileari. Errotuladorez daude erantzunak emanak. Entresaka serioa: «Ilusiorik eza», «Pena», «Tristura: dantzatzeko gogoa». Entresaka umorezkoa: «Aurten ondo etorri zait, dietan jarraitzeko». Entresaka kritiko gazteleraduna: «Mucha policía, poca diversión». Entresaka iragarlea: «2022an, doblea!».

Zezen plazaren albotik igaro eta oihartzun berezi bat dakar belarrietara: isiltasun bortitz bat. Kantabriko tabernan apenas dabilen jenderik, baina eguneko menua ematen dute. Eta ez da oso ongi entzuten, irudipena da gehiago, baina apustu konturen bat ere badabil han urrunean: «Hurrengo urtean baietz!».

Astelenita egunez mozorrotutako hiru lagun, atzo. MAIALEN ANDRES / FOKU

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.