Baionako biztanlea

Marga Berra Zubieta: «Erranen nuke Baionako bestak lasaigarriaren alderantzizkoak izaten ahal direla»

Urteroko ekitaldi garrantzitsua du Baionako besten astea Berra Zubietak. Aurtengo egoera politikoa «kezkagarria» iruditzen bazaio ere, baionarrak erabaki du lepoko gorria jantziko duela.

Marga Berra Zubieta, Baionako Patxa plazan, aste honetan. PATXI BELTZAIZ
Marga Berra Zubieta, Baionako Patxa plazan, aste honetan. PATXI BELTZAIZ
Baiona
2024ko uztailaren 11
05:00
Entzun

Nerabe zenetik, tixerta zuria eta zapi gorria jantzi eta Baionako bestetara joateko ohitura izan du Marga Berra Zubietak (Baiona, 1990). Gogoan ditu luzaz hurbilekoen etxean egindako loak edo gauean egin joan-jinak, baina gaur, Baionan bizi dela eta, Baionako bestak desberdin bizitzen ditu. Aurtengo egoera politiko «beldurgarria» ere azpimarratu du.

Egun baionesa zara, baina ez da beti hala izan. Nola oroitzen dituzu nerabezaroko Baionako bestak?

Gaztetatik besta garrantzitsuak izan dira. Hitzordu nagusi bat dira nire egutegi kultural-alkoholikoan [barrez]. Biziki oroitzapen onak ditut. Oroitzen dut lagunen etxean lo egiten nuela aste guzian, edozein lekutan: sofan edo lurrean... Trenez egiten nituen joan-jinak ere oroitzen ditut, Baionatik burasoen etxeraino, Hendaiara [Lapurdi]; goizeko bostetan nire bila etortzen ziren. Gogoan dut, era berean, tren geltokitik Baiona erdialderainoko bidea.

Egun, baionesa zarela eta, nola bizitzen dituzu? Desberdintasunik ba ote da?

Egia da desberdinki bizitzen ditudala; baiones gisa, atzematen dut bestek beste gustu bat dutela. Adibidez, iaz espresuki oporretara joan nintzen, bestak saihesteko. Bestek ekartzen duten jendetzak ez nau gehiegi erakartzen. San Izpiritun bizi naiz; beraz, bestatik aski bereiz naiz, baina, halere, giroa anitz sentitzen da. Muntaketa egunetan ere bada giro estresagarri bat.

Nola definituko zenituzke besta horiek?

Heldu zaidan lehen hitza jendetza da, edo desmasia. Ez zaizkit gehiago hain erakargarriak egiten. Iruditzen zait COVID-19ak eragindako pandemiaz geroztik aldaketa bat izan dela. Joan den urteko aldia oso adierazgarria izan da; iaz bortizkeriaz beteriko bestak izan dira: bortxaketak, erailketa bat... Egun, erranen nuke Baionako bestak lasaigarriaren alderantzizkoak izaten ahal direla. Baina, noski, horri aurre egiteko guneak proposatuak dira: Patxa plaza, adibidez. Baina, halere, arnasgune horretara iristeko besta giro bitxia zeharkatu behar da.

Justuki, iazko aldia aipatu duzu. Bilan katastrofikoa ukan zuen: erail bat, bost bortxaketa kontaketa ofizialaren arabera, edozein motatako bortizkeria... Nola hartuko dituzu aurtengo bestak?

Bitxiki, aurten gogotsu naiz. Hala ere, erran behar dut beldur naizela, edo kezkatua, hobeki erranda. Badakigu alkoholaren eraginez edo besta giroaren eraginez jendea erotzen dela, eta badakigu indarkeriara jotzeko gaitasun handiagoa duela.

Horrez gain, aurten, egoera berezia da: bereziki azkenaldian, Ipar Euskal Herrian goiti egin du eskuin muturrak eta, orokorrean, jendea laxatu da.

Bai, aurten oraino bitxiagoa izanen da. Testuinguru politikoa ikusita, beldur naiz indarkeria hori areagotuko ote den. Gaia pil-pilean da. Frantziako Asanblearako hauteskundeak pasatu berri dira, eta Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Errepublikan eskuin muturra gailendu da lehen itzulian. Eskuin muturreko ideiak dituztenen artean bada inpunitate sentsazio bat: matxismoa, LGTBIQ+fobia, arrazismoa eta abar. Horrek pixka bat kezkatzen nau; ez dakigu zer proportzio hartzen ahal duen. Jakinez giro berezi hori gabe ere Baionako bestak indarkeriaren erakusgarri direla.

Iazko aldiaren bilana ikusita, Baionako hainbat eragile elkartu dira indarkeriaren aurkako protokolo bat lantzeko.

Lanketa bat izan da, eta 2032 kolektiboa sortu dute, adibidez. Hausnarketa puntu zenbait partekatu zituzten herriko etxearekin. Iruditzen zait zerbait egiten ari dela, gauzak aldatzen saiatzen ari direla; behintzat, bidean dela aldaketa. Talde feministek ere gutunak eta oharrak idatzi zizkioten udalari, erranez indarkerien inguruan duen jarrera ez dela onargarria eta ez dela aski. Orokorrean, bada indarkeriaren kudeaketa eskasa, emazteekiko, indarkeria LGBTIQ+ kideekiko, indarkeria arrazista ere bada... Azpimarratzekoa da gauzak aldatzeko gogoa badela.

Zuk nola lortzen duzu bestak giro onean pasatzea eta giro txarra saihestea? Zein dira zure gomendioak?

Nire Baionako bestak beti kontzentratuak izan dira Patxa plazan, Epaiskan, Kalostrapen, garaian Sankaran eta Xinan. Ni leku horietatik ez naiz sekula mugitzen. Eskerrak baditugula, euskaldun gisa, horrelako arnasguneak. Nik eskertzen dut besta alternatiboak proposatu izana, nonbait besta beste modu batera egin ahal izateko.

Zer aldatuko zenuke bestak giro hobean pasatzeko?

Zaila da. Nik ez dut aterabiderik. Lehenik, bestarekiko dugun harremana errotik aldatu beharko genuke. Iduri du bestak edozer baimentzen ahal duela, bereziki alkoholaren aitzakian; beti entzuten dira honelako esaldiak: «Ez da bere errua, mozkorra zen eta!». Mentalitateak aldatu behar dira.

LOTSABAKO

Baionako besten egun bat?
Igandea. Bukaera hastapena baino gehiago maite dut.

Kantatzeko kantu bat?
Iduzki denean.

Besta egiteko zure leku kuttunena?
Epaiska.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.