Ez da erraza egin zutenari neurria jartzea. 1913an hasi eta 1980an bukatu, bete zituzten frontoiak, eta apurtu zituzten markak. Jokatu zuten Kuban, Brasilen, Mexikon, Madrilen, Bartzelonan... Izan ziren aurreneko emakumezko profesionalak kirolean. Izarrak. Legendak. Eta Gloria Agirre Aizarnako Txikita da (Aizarna, Zestoa, Gipuzkoa, 1945) garai haien azken lekuko eta protagonistetako bat. Erraketisten arteko izar haietako bat. Zestoako San Juan egoitzako haren apartamentuaren goxoan egindakoa da nostalgia ariketa eder hau.
Aizarnako zer etxetakoa zara?
Puertekoa. Etxea zen, taberna zen, denda zen, denetik zegoen han: alpargatak, pentsua, kandelak… Gogoan dut oraindik nola bidaltzen ninduten txikitan: «Joan zaitez halako baserritara eta esaiezu iritsiko dela lastoa, iritsiko dela pentsua…».
Eskola bertan zenuten?
Aizarnan. Ezagutu nituen bertan aritutako maistrak. Kanpokoak izan ziren bi-edo, eta Aizarnakoa bertakoa ezagutu nuen azkena.
Oroitzapen onak dituzu?
Bai, oso onak. Maistra zorrotza zen, baina ni ongi portatzen nintzen, eta notak ere onak ateratzen nituen. Oso oinarri sendoa eman zigun. Faustina zuen izena. Madrilera joan nintzenean, espedientea eskatu nion han ikasketekin hasteko berriro, eta bidali zidan. Oso ongi portatu zen.
Eskolan ongi; pilotan hobeto?
Etxe ondoan neukan frontoia, handik minutu batera. Jendea harrituta egoten zen niri begira. Ez dakit. Ikusiko zuten abilezia berezi bat nuela. Nesken arteko partida guztiak irabazten nituen, eta mutilen kontra jokatzen hasi nintzen.
Aurreneko partida ofiziala: Zestoako santakruzetan.
[Zuri-beltzeko argazki bat atera du mahai gainera] Esango nuke hor 13 urte ditudala, 14 bete gabe. Ni eta Benito, Zestoako beste bi mutilen kontra.
Zer egin zenuten?
Galdu. Uste dut pilota partida batean negar egin nuen lehen aldia izan zela. Izan ere, seguru nengoen irabazi egingo genuela. Uste dut orduan hasi nintzela ikasten bai pilotan eta bai bizitzan galtzen eta irabazten jakin behar dela.
Baina opari bat egin zizuten egun hartan.
Erraketa bat. Oso ederra. Badut pena ez nuelako gorde. Mutrikuko [Gipuzkoa] Zumalabe fabrikan egindakoa zen. Gerora erabili nituenak soilagoak ziren, ez horren politak.
Nork oparitu zizun?
Fidel Lizaso alkateak. Beste garai batzuk ziren. Franco bizi zen. Eta alkateak niri erraketa bat oparitu! Gizon berezia zen. Nola esan? Jakintsua. Garai hartarako oso aurreratua. Aurrezki kutxan egiten zuen lana. Ikusi zuen nola ibiltzen nintzen mutilekin-eta jokatzen, eta detaile bat eduki nahi izan zuen nirekin.
Nondik nora izan zenuen erraketisten aditzea?
Gizon bat dut gogoan: Florentino. Zestoarra zen, baina Madrilen egondakoa, frontoiko epaile, kantxako arduradun… Esaten zidan: «Zuk Madrilera joan behar duzu! Han diru pila bat irabaziko duzu!». La Voz de España egunkarian ere irteten zen albisteren bat. Eta aldizkariren bat ere iristen zen gure eskuetara, eta haietako batean ikusi nuen behin erraketisten argazki bat. Garrantzitsua zen hura ikustea, amets egiten zenuen eta, eta zeuk ere egin zenezakeela pentsatu.
Tematu egin zinen?
Irakurri nuen erraketisten enpresaria euskal herritarra zela: Alfonso Anabitarte, Eibarkoa [Gipuzkoa]. Eta pentsatu nuen: «Idatzi egingo diot». Akordatzen naiz, etxeko dendako mostradorean nola idatzi nuen eskutitza, marradun folio batean, eta neure kulturatxoarekin: «Muy señor mío…». Ez neukan letra txarra. Bolaluma batekin idatzi nuen folio eta erdiko eskutitza, eta Madrid frontoira bidali.
Eta zurekin elkartu zen?
Erantzuna iritsi zen etxera. Hartan zioen Hondarribira [Gipuzkoa] etortzen zela uda igarotzera eta gustatuko litzaiokeela aitarekin hitz egitea. Iritsi zen garaia. Aitari Hondarribiko helbidea eman zioten. Furgoneta berde bat zeukan ekarri berria, eta han joan zen furgonetan Hondarribira, Alfonso Anabitarterekin hitz egitera.
Zu ez zinen joan?
Ez, ni ez.
Eta zer adostu zuten bertan?
Ez zidan xehetasun handirik eman. Aitaren kezka handiena zen Madrilen non eta norekin egongo nintzen. Gainera, egia da ordurako erraketisten aroa ere hasita zegoela apur bat behera egiten, ez zegoela puri-purian, baina aita prest zegoen niri joaten uzteko. Garai hartan, mutilak eta neskak egoten ziren pentsioetan ostatu hartuta. Aitari esan zioten halako batean egongo nintzela, neska gehiagorekin, eta oso jatorrak zirela, oso ongi egongo nintzela. Hala egin zuen tratua, nolabait.
18 urte, eta mundu bat irekitzear.
Ilusioa, beldurra, urduritasuna… Baina nik uste gehiena ilusioa zela. Izan ere, hainbesteko afizioa neukan… Gainera, hemen jokatzen nuen moduan mutilei-eta irabazten niela ikusita, pentsatzen nuen maila ona neukala eta hango erraketistei-eta irabazi egingo niela.
Joan aurretik, gainera, Tolosan aritu zinen?
Bai, bazen han talde bat Elizondo puntistarekin aritzen zena. Gogoan dut Anabitarte bera ere joan zela Beotibarrera eta ikusi ninduela entrenatzen: «Harrituta gelditu naiz. Lehen erraketa kolpea eman, eta atzeko koadroetaraino bidali du pilota». Tolosan bertan hartu nuen Madrilera joateko trena, gauez.
Zerekin egin zenuen topo? Zer-nolako giroa zenuten zuen artean?
Oso giro goxoa geneukan, baina egia da lehia ere bazegoela. Bazeuden batzuk goiko mailan zeudenak, eta beste batzuk maila horretara igotzeko borrokatzera joan ginenak. Egia da nire nortasuna agian ez zela oso fuertea, baina partidak irabazteko sekulako ahaleginak egiten nituen. Sumatzen nuen jendearen beroa, eta ikusten eta saritzen zutela ahalegin hori txaloekin. Ez zen batere erraza mailaketa horretan gora egitea.
Eta zeintzuk zeuden gorengo mailan?
Orduan ezagutu nuen, eta nire uste inoizko onena izan da: Anoetako Txikita. Atzelaria zen, eta ia beti maila apalagoko aurrelari batekin jokatzen zuen, beste bi onenen kontra: Agustina aurrelaria eta Irura atzelaria. Garaiko kronikak irakur daitezke, baina sekulako pena da ez izatea garai hartako irudirik, grabaziorik, eta erraketisten jokoaren benetako historia bat. Egin genuenari balioa emango dion kontaketa oso baten falta sumatzen dut.
Norbaitek esango du jendetza hura zuek gona motzekin ikustera joaten zela…
[Barrez] Batzuk bai, seguru. Baina jendea gu ikustera etortzen zen gure jokoa ikusgarria zelako, bizia, sekulako abiaduran jokatzen genuelako.
Eta bukatu egin zen hura.
1980an jokatu zen azken partida, eta ni han nengoen. Izarrak jada adinean gora zihoazen, eta neska berririk ez zen iristen jada. Iristen ziren guztiek ere ez zuten asmatu egokitzen. Madrilera iritsi, eta iruditzen zitzaien dena izan behar zuela pagotxa. Eta ez zen hala.
Artekariekin jokatzen zenuten. Apustuak zeuden tartean. Dirua. Epelak entzun behar izaten zenituzten?
«Hartu trapua, eta joan etxera!». Halakoren bat esan izan ziguten, bai. Baina ohitu egiten zinen halakoetara.
Enpresariek ongi tratatzen zintuzteten?
Ez dut uste emakume izateagatik gutxiesten gintuztenik. Erraketistok jendearen miresmena eta errespetua irabaztea lortu genuen.
Miresle asko izango zenituzten…
Ez dakit nostalgia izango den edo zer izango den, baina egia da noizbehinka gauza batzuk gogora etortzen zaizkidala. Errepublikako ministro izandako bat hasi zen partidetara etortzen: Mariano Anso nafarra, Juan Negrinen gobernuko Justizia ministro izandakoa. Egun batean, frontoiko nagusiak esan zidan: «Mariano Anso zure miresle handia da, eta galdetu digute ea egun batean joango ote zinatekeen harekin bazkaltzera».
Eta joan zinen?
Joan egin nintzen! Oso atsegina izan zen, eta lore politak bota zizkidan. Uste dut pixka bat pasatu egin zela, zeren esan zidan Anoetako Txikitaren pare ikusten ninduela.
Frontoitik kanpora zer egiten zenuten garai hartako Madrilen?
Madril gozamena zen. Nik beti esan izan dut: «Madrildik zerura». Irteteko mila aukera zeuden. Oso mundu erakargarria zen. Baina nik nire bizitza ikasketei begira jarri nuen.
Etxean hori adostu zenuten.
Pilotan jokatzeko baimena eman zidaten, baina esan zidaten behin Madrilera joanda beste zerbait ere egin behar nuela. Farmazia ikasketak egin nituen unibertsitatean. Madrid frontoian jokatzen nuen, eta, aldi berean, ikasi. Gu bezalako jende xumeak garai hartan ez zeukan unibertsitateko ikasketarik. Baina bizitza zer den. Neska koskorra nintzela, eta astoarekin Aizarnako galtzadan nindoala, beti pentsatzen nuen: «Gustura joango nintzateke nonbait zerbait ikastera». Eta pentsa: orduan amesten nituen gauza asko gerora etorri egin ziren.
Hutsetik hasi zinen ikasketetan?
Oinarri nahiko ona neukan, Aizarnako Faustina maistrarekin lortua. Batxilergoa atera nuen lehenengo, eta karrera ondoren. Jende on askorekin topo egin nuen, eta lagundu zidaten akademia batean tokia egiten. Batxilergoko azterketa aprobatu nuenean, gogoan dut oraindik irakasle hark zer esan zidan: «Orain, doña bat zara jada». Doña Gloria. Batxilergoa ateratzen zutenei hala esaten zitzaien orduan. Karrera atera nuen gero.
Eta han bertan hasi zinen lanean?
Lasai hartu nuen. Ni erraketista nintzen, frontoian irabazten nuen dirua. Bizitzeko eta ikasketak ordaintzeko adina ateratzen nuen, ondo. Frontoia itxi zutenean, lagun bat neukan farmazia bat zeukana, eta han hasi nintzen praktikak egiten. Emakumezko askok ikasten zuen garai hartan farmazia, eta argi ikusi nuen ez zela erraza izango han lanean segitzea. Euskal Herrira begira jarri nintzen. Ama osasun arazoekin hasi zen, eta bueltatu egin nintzen. Lau edo bost urtez zaindu nuen ama, etxean. Erabaki ona izan zen. Ama pozik bizi izan zen urte horietan, gustura. Erraketista izan nintzen Madrilen. Nik sentitu izan dut hutsune bat, kasu gutxi egin digutela, ez gaituztela kontuan asko hartu. Itzuli nintzenean, banuen halako itxaropen bat pilotarekin lotutako zerbaitetan segitzeko, baina inork ez zidan aurrerabiderik eman. Baina ama gustura bizi izanaren poztasun hori badaukat. Etorri nintzenean, beste era batera bizi izan zen. Zazpi umeren ama izan zen, eta bizitza osoa pasatu zuen dendan eta tabernan lanean.
Baina farmazia batean hasi zinen lanean.
Amak nahi zuen etxean gelditzea: «Hemen lana badago. Gelditu zaitez etxean». Eta halaxe egon nintzen hura hil zen arte. Ondoren, farmazietan ordezkapenak egiten hasi nintzen. Adibidez, Goizuetan egon nintzen. Olaizolatarren herrian! Pentsatzen nuen: «Horiek ezagutzera joango naiz». Herri gehiagotan ere bai, Zestoan ere bai… eta lan finkoa Azpeitian irten zitzaidan. Urte dezente egin nituen Enparan kaleko farmazian. Oso gustura egon nintzen. Osasun arazo bat eduki nuen, ebakuntza bat egin zidaten, eta laga egin nuen. Erretiroa hartzea erabaki nuen. Egia da erraketisten bukaera ez zela egokia izan, baina aurrera begiratu nuen, eta segi. Beti egin izan dut hori. Ebakuntza ere ongi joan zen, eta zer nahi duzu esatea? Otsailean 80 urte egingo ditut, jada ezin dizut gezurrik esan [barrez].
Erreparatzen diozu pilotari? Baduzu norbait gustukoa?
Beti gustatu izan zait, eta gertutik erreparatu diot Peio Etxeberriaren ibilbideari. Gustatuko litzaidake txapeldun irtetea [lau eta erdiko finala baino lehen egindakoa da elkarrizketa]. Unai Lasok irabazten badu ere, poztuko naiz. Ez du bide erraza izan, lesioa dela eta beste. Badakigu Jokin Altuna onenetako dela. Baina sinpatiarik handiena Jon Mariezkurrenari diot. Sari banaketa batean ezagutu nuen, eta hain izan zen sinpatikoa, jatorra. Mutil flako-flakoa eta luze-luzea zen, baina gorputza egin zaio.
Eta emakumezkoenari?
Lotsatu egin beharko nuke, baina gutxiago. Orain hasi naiz gehiago kasu egiten: nortzuk diren, nongoak diren. Nabaritu dut sekulako diferentzia egin dutela. Pilota goxoarekin hasi ziren, makalagoekin… eta jokoa ere halakoxea zen. Orain, pilota serioagoekin aritzen dira, eta jokoak ere beste abiadura bat hartu du, eta beste ikusgarritasun bat.