Euskal herritar batzuekin kopa batzuk hartzen ari zela izan zuen erraketisten berri Marc Cistarek —La víctima número 8—. «Istorioak nire arreta piztu zuen berehala, eta ikertzeari ekin nion». 1940ko eta 1950eko hamarkadetako bigarren belaunaldiko erraketista batzuk elkarrizketatu zituen. Gaia ikertu duten emakume antropologo batzuekin ere mintzatu zen. «Tapiz azpian ezkutatuta dagoen istorio horietako bat da, eta iruditu zitzaidan argia eman behar zaiola».
Fikzioaren hiru protagonistak erraketistak dira: bi Euskal Herrikoak, eta hirugarrena, Mexikokoa. Bi mundu islatzen dira fikzioan: Mexikokoa eta Euskal Herrikoa. «Istorio perfektua da Euskal Herriaren eta Mexikoren artean egiteko. Eta orekatua dago bi tokien arteko trama», esan du Jesus Rodrigo telesailaren zuzendariak.
Izan ere, Cistarek gogorarazi duenez, Euskal Herriko erraketista gehienak «estigmatizatuak» zeuden. «Gazteak ziren, bidaiatzen zuten, gauez ibiltzen ziren, diru asko irabazten zuten. Zenbaitek uste zuten prostituzioan aritzen zirela».
Zuria Vega, Claudia Salas eta Maria de Nati aktoreek jokatzen dituzte rol protagonistak. Beste rol batzuetarako Mexikoko aktore entzutetsuak hautatu dituzte. Salas pozez zoratzen dago proiektuarekin: «Gizonen mundu hartan emakume haiek lortu zutena ez zen makala izan, eta oparitzat hartu nuen pertsonaia eta istorioa». Élite telesaileko lanagatik ezaguna da aktorea, eta Idoiarena egingo du fikzio berrian. «Erraketisten istorioa ikertzen aritu nintzen. Halaber, Maider Mendizabal pilotari txapeldunarekin egin dugu lan, kirolean trebatzeko. Teknika ikasten aritu gara, duela ehun urte nola jokatzen zen azalarazteko».

Lantaldean daude ere Chechu Graf argazki zuzendaria eta Fernando Gonzalez arte zuzendaria, telesail ugaritan aritutakoak biak. Haiekin lan egitera ohituta dago Rodrigo. «Errespetu eta maitasun handiz heldu diogu gaiari. Garai jakin bateko fikzio bat izanik, postprodukzio asko egongo da. Baina uste baino errazagoa izaten ari da».
«Lokalizazio ikusgarriak»
Telesailaren grabaketak maiatzean hasi zituzten, Mexikon. Madrilen eta Guadalajaran (Espainia) pilotaleku batzuetako eszenak ere grabatu dituzte. Euskal Herrian, berriz, kanpoko eszena ugari filmatu dituzte azkeneko hiru asteetan. Artikutzan ibili dira, Miarritzen (Lapurdi), Donostian, Zumaian (Gipuzkoa). Eta azkeneko egunetan, jai herrikoi bat grabatuko dute Pasai Donibanen (Gipuzkoa). «Lokalizazioak ikusgarriak dira», esan du Rodrigok. Beldur handiagoa zuen hiri barnean grabatzeari, baina eszena horiek ere «nahiko erraz» joan dira, zuzendariaren arabera. «Ezusteko polita hartu dut».
Salasek, berriz, nabarmendu du Cistarek joko bat asmatu duela, telesailean akzio asko sartuz. «Telesaila duela mende bateko garaian girotu arren, lizentzia poetiko asko dago». Cistarek aitortu du lizentziak hartu dituztela, esate baterako, emakume protagonisten hizkeran eta jantziekin.

Euskarak presentzia oso txikia du elkarrizketetan. Cistarek arrazoitu egin du: «Agur batzuk eta hitz batzuk badaude euskaraz, baina fikzioa hasieran AEBetako eta Latinoamerikako publikoarentzat da, eta ez zitzaigun inteligentea iruditu elkarrizketa asko euskara hutsean sartzea».
Javier Pons Globomediako zuzendari eta proiektuaren ekoizle eragileak azaldu du negoziazioetan ari direla Espainiako operadore batekin. Hartaz, Amerikako estreinaldiaren ostean, Hego Euskal Herrira iritsiko da telesaila. «Uste dugu emakumeen borrokak eta thrillerrak audientzia harrapatuko duela». Mediaprorentzat urteko proiektu «anbiziotsuenetakoa» dela nabarmendu du Ponsek: «Merkatuan kategoria premium-ekoa da».