ATZEKOZ AURRERA. Nathalie Riobe Gorostiaga. Zetkin taldeko baxu jolea

«Errabia adierazteko egokia da punka»

Riobe Gorostiagak berantetsia du Patxa plazako eszenatoki gainera igotzea. Diskurtso feminista oholtza gainera eramatearen garrantziaz aritu da, eta eremu seguruak sortzeko premiaz.

GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2023ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Bestazale gisa ezagutzen ditu bestak Nathalie Riobe Gorostiagak (1980, Baiona), gazte denetik: 2000. urtean izan zituen lehenak. 23 urte pasatu dira, eta, aurten, oholtza gainera igoko da, baxua eskuetan eta mikrofonoa aho aitzinean. Zetkin punk talde feministak kontzertua emanen du arrats honetan Patxa plazan, besta alternatiboen barnean.

Zer moduz zara Baionako bestetan jotzeko atarian?

Pozik! Eguna eta tokia biziki interesgarriak dira guretzat, besta alternatiboen barnean ariko baikara. Hori da inportantea guretzat. Zezen plazako kontzertuen programazio ofiziala maskulinoa da arrunt, eta, beraz, Patxa plazan besta alternatiboak izatea garrantzitsua da. Gure mezuak pasarazi nahi ditugu, eta emazteen presentzia bermatuoholtzan. Pozik gara: besta giroan ariko gara, baina politikoki garrantzia duen leku batean.

Hain zuzen, zer mezu plazaratu nahi duzue?

Argiki, mezu feminista: usaian baino are gehiago, gure kontzertua diskurtso feministez jantziko dugu. Normalean, gure kontzertua musikalagoa izaten da, baina, Baionako bestetan, toki gehiago emanen diogu diskurtso politikoari. Bestalde, More Women on Stage mugimenduan sartzen dugu guhauren burua, eta mugimendu hori euskal mundura ekarri nahi dugu.

Nola sortu zenuten Zetkin taldea?

Alderantzizko prozesua egin dugu. Amaturrak ginen, eta Mari [Lagan, kantaria] eta nik gogoa genuen gure mezuak musikaren bidez plazaratzeko, plazera hartuz. Lehenik taldea osatu genuen, eta gero hasi ginen tresnak jotzen eta musika ikasten.

Eta zergatik hautatu zenuten punka egitea?

Nahiko logikoa iruditzen zitzaigun: gure errabia adierazteko estilo egokia da, sinplea, erradikala eta eraginkorra. Eta aitortu behar dut: musikalki ere errazagoa da [barrez].

Erran duzu emazteak oholtza gainean egotea garrantzitsutzat daukazuela. Alta, zuen taldean gizonak ere badira.

Hasieran, taldea emakumeekin bakarrik osatu nahi genuen. Baina, bilatzen hasita, ohartu ginen zinez zaila zela atzematea. Horregatik ere hasi nintzen baxua jotzen. Izanen dira emakumezko baxu joleak, bateria joleak... Baina ez da bakarrik hori: gure ildo ideologikoarekin bat egiten dutenak atzeman nahi genituen. Azkenean, lehenetsi dugu talde feminista bat osatzea aliatuak izan daitezkeen gizonezko batzuekin. Galdera zen talde femenino bat nahi ote genuen ala feminista. Uste dut lortu dugula: ez dute gure tokia hartzen. Alde horretatik diot aliatu egokiak direla; ez ditugu kode patriarkalak errepikatzen taldean.

Zein dira zuen erreferentziak?

Guk 70eko hamarkadako punka maite dugu; adibidez, La Polla etaLas Vulpes. Hori da guk maite dugun punka, eraginkorra dena. Hortik edaten dugu, eta, adibidez, Las Vulpes taldearen Me gusta ser una zorra kantua arra hartzen dugu. Baditugu sorkuntzak ere. Marik eta nik idazten ditugu hitzak, batez ere. Marik euskaraz, eta nik gazteleraz. Gure gogoaren arabera, ateratzen den bezala! Bi oinarri ditugu: gure gogoaren arabera aritzea, eta feminismo queer ezkertiarra.

Besten gaira itzulirik, erran duzu programazio ofiziala biziki maskulinoa dela. Alde horretatik, besta alternatiboak oasi gisa ikusten dituzu?

Bai, eta emakumezko bestazale gisa ere hala dira. Ez dakit nola erran bestela, baina segurtasun arloan, toki horretan baizik ez naiz eroso sentitzen. Baionarra naiz, baina leku anitzetan ez naiz ibiltzen. Badira beste toki batzuk ere, baina, oro har, Patxa plazan goxoki egoten ahal naiz. Musikalki ere alternatiboa da proposatzen dutena, desmartxa biziki interesgarria da, eta, politikoki ere, beste besta eredu bat proposatzen dute. Gu harro gaude horrelako toki batean jotzeaz.

Zuen kontzertuetan, ohikoa da emazteak aitzin-aitzinean egotea. Ez da askotan gertatzen.

Oholtzaren eta ikusleen artean sortzen da giro hori, elkarrekin. Uste dut, hitzez errana ez bazen ere, igurikatzen zela neskak lehen lerroan egotea. Hori egiteko, arrunt aske sentitzeko leku baten beharra bazen. Gure taldeak hori egiteko aukera sortzen du, eta ikusleen gogoarekin bat egiten du. Zaila da azaltzea zergatik gertatzen den, baina hala da, eta biziki garrantzitsua da guretzat.

Eta azkenik... Zergatik Zetkin izena?

Clara Zetkini lapurtu diogu, noski. Sinbolo indartsua da, eta, gure kontzertuan, haren diskurtsoaren pasarte batzuk tartekatzen ditugu. 1932an, Hitler boterera heldu berri zela, Alemaniako Reichtagean diskurtsoa egin zuen emazte zahar horrek; harrigarria da, sinestezina. Pertsonaia historiko bat da, eta miresten dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.