Erosketa egitea ez da beti erraza. Argi eduki behar da erosi behar duguna, betiere dieta osasuntsu, orekatu eta askotarikoaren irizpideak kontuan izanda. Hautaketa osasuntsu bat egiteko, ezinbestekoa da nutrizio ezagutza gutxieneko batzuk edukitzea eta denbora apur bat eskaintzea.
Funtsezkoak eta osasuntsuak ez diren janari erakargarri eta tentatzaileen eskaintza zabalak, behar dugun janari osasuntsuak soilik erostea eragotz dezake. Hortaz jabetzeak, erosketa osasuntsua egiteko irizpideak sendotu diezazkiguke, eta erostean kritiko izaten lagun diezaguke.
Zer egin gure erosketa saskia osasuntsua izateko?
•Otorduak eta erosketa aurretik planifikatu: Osasuna jaten dugunarekin estuki loturik dagoenez, hobe da gehiegi ez inprobisatzea, ez erosketetan, ez eta prestakuntzan ere. Kontsumo maiztasun eta kantitateak kontuan hartzeak izugarri lagunduko digu astero, hamabostero edo hilero otorduak planifikatu eta horren araberako erosketak antolatzen.
•Elikadura osasuntsuaren oinarrizko elikagaiak: Honako hauek lirateke: zituak (hobe osokoak: arroza, oloa, zekalea…) eta eratorriak (pasta, kuskusa…); lekaleak (babarrun, dilista, garbantzu, baba beltza, soia…); barazki eta fruta freskoak; fruitu lehorrak eta olioak (oliba, ekilore, artoa…). Gure erosketa saskian horiek izan beharko lukete nagusi eta kopuru handiagoan. Horiei gehitu arraina, eta neurri txikiagoan, arrautzak eta haragia.
•Janari fresko eta naturalak edo ontziratuak? Zenbat eta janari fresko eta natural gehiago, orduan eta bitamina eta gatz mineral gehiago eta kaloria gutxiago. Aldiz, gure erosketa poltsan zenbat eta ontziratu, prozesatu eta aurrez prestatutako janari gehiago, energetikoagoak izango dira, eta, oro har, bitamina eta gatz mineral gutxiago izanen dute.
•Garaian garaikoak: Garrantzitsua da, bizi garen tokian, garaian garaikoak diren fruitu, barazki eta arrainak ezagutzea. Garaikoak kontsumituz gero abantailak izango ditugu: nutrizio aldetik aberatsagoa eta ekonomia aldetik eskuragarriagoak izango dira.
Etiketetan ondorengo informazioei erreparatu:
•Osokoa edo zuntz ugarikoa: Osoko janaria kontsumitzea naturak ekoizten duen bezala jatea esan nahi du, bere horretan, manipulaziorik gabe. Naturalki dituen mantenugai guztiak aprobetxatzen dira. Adibidez: zuritu gabe jaten den tomate bat edo osoko irinarekin ekoizten den ogia izan daitezke. Zuntz ugarikoak, berriz, zuntza gehitu dioten produktuak dira. Izan ere, janari anitzen prozesamenduan, zuntza galdu egiten da: zituak fintzean, frutak zuritzean. Osoko janaria nutrizio aldetik aberatsa izan ohi da. Zuntz ugarikoa denak, aldiz, zuntz ugari du, baina gainontzeko mantenugaiak ez ditu zertan ugari izan .
•Koipe motak: Koipe ikuspuntutik, hauek dira elikagai osasuntsuak erosteko irizpideak:
• Ohituraz, egunerokotasunean trans koipe eta partzialki hidrogenatutako gantz azidoak dituzten janariak ez kontsumitzea gomendatzen da. Koipe horiek baitira bihotz eta arterien osasunerako kaltegarrienak.
• Koipe aseak: Gehiegizko kontsumoa odoleko kolesterol eta triglizerido maila handiekin lotzen da. Horregatik, gutxi kontsumitu behar dira haragia, hestebeteak, gurina eta opilak.
• Olioen kalitatea gantz azido motaren araberakoa da. Nutrizio kalitate egokiena duten gantzak monoasegabeak (oliba, fruitu lehorrak —intxaurra, urra…—) eta poliasegabeak (ekilorea, artoa, soia, fruitu lehorrak…) dira. Izan ere, maiz, barazki olioen azpian koko eta palma motako olio aseak egon daitezke.
•Gatz edo sodio kantitatea: Legez, ekoizlea ez dago derrigortua etiketetan gatz edo sodio kopuruari buruzko informazioa ematera, baina, garrantzitsua da kasu egitea. Izan ere, janari prozesatuekin barneratzen dugun sodio kantitatea, naturalekin hartzen duguna baino handiagoa da. Ikerketek erakutsi dute, gainera, batez beste pertsonako egunero kontsumitzen den gatz kopurua, OME Osasunerako Munduko Erakundeak gomendatutako eguneko bost gramorena ia bikoizten duela. Beraz, erositako produktuetan sodio gutxiago dutela aipatzen bada, hobe horiek aukeratzea.
•Erosketa noiz egiten den: Nutricion Center enpresak eginiko ikerketa batean honako hau ikusi zuten: erosketa egitera baraurik edo goserik joaten zirenek osasuntsu eta gomendagarri ez diren janari ez funtsezkoak erosteko joera gehiago erakusten zutela. Aldiz, erosketak egin aurreko lau orduetan otorduren bat egin zuten pertsonek joera hori askoz modu txikiagoan erakusten zuten.
Beraz, komeni da erosketak otorduak behar bezala bete ondoren egitea, aurretik jango duzuna ongi planifikatuta eta hemen aipatu diren irizpideak kontuan hartuta. Osasunea irabaz daiteke, eta dirua aurreztu.
Osasuna. Elikadura
Erosketa osasuntsua
Otorduak ondo planifikatu behar dira, erosketak egiteko orduan osasuntsuago eta merkeago erosteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu