ATZEKOZ AURRERA. Andrea Bartolo. Etxebizitza eskubidearen aldeko ekintzailea

«Erosi behar baduzu, ez da eskubide bat»

Jabetza pribatua eta etxebizitza eskubidea uztarrezinak direla uste du Bartolok, eta bigarrenaren alde ari da borrokan, etxebizitza sindikatuen bidez. Ez du nahi etxea «langileen kartzela» izatea.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2023ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Tokian toki aritzen dira etxebizitza sindikatuak, auzoetan lanean, baina sare zabalak ehundu dituzte haien artean. Bilboko AZET taldeko Andrea Bartolo (Messina, Italia, 1987) Iruñean izan zen herenegun, Hariturekin batera etxebizitzaren arazoari buruz hausnartzen, Katakrak gunean.

Haur batek, etxe bat marraztean, ziurrenik ez luke berea irudikatuko. Helduetan ere ez datoz bat etxearen irudia eta errealitatea?

Ez dute ezer ikustekorik. Etxebizitzaren arazoa ez da soilik alokairua: etxebizitzaren baldintzak ere bai. Langile klasekoon etxebizitzak zuloak dira. Ezin dugunez ordaindu, etxea beste familia batekin edo batzuekin partekatu behar dugu, eta hori guaia da: cohousing delakoa.

Zer da gaur egun etxebizitza?

Ehun urte daramagu burges txikien etxebizitza ereduarekin. Eredu horretan, Iñaki Gil de San Vicentek esaten zuen bezala, etxea proletarioen kartzela da, eta emakume langileentzat, kartzela bikoitza. Generoaren edo arrazaren ikuspegitik, indarkeria guztien lekua ere bada.

Albiste ona da Madrilen onartu duten etxebizitza legea?

Ezetz esango nuke. Zabaldu dute aurrerantzean etxebizitza ez dela negozio bat izango, baina ogi apurrak baino ez dira. Gauza pare bat positiboak dira: etxe agentzien gastuak jabeek ordaintzea eta datarik gabeko kaleratzeak debekatzea. Baina ez diote etxebizitzen prezioari mugarik jarri, prezioen igoerari baizik, eta eraikuntza enpresen eta kapitalisten etekinak bermatuko dira.

PAH mugimenduak oso ikusgarri egin zuen etxegabetzeen auzia. Orain, ez da askorik aditzenhorri buruz. Ez da kaleratzerik?

Badaude, noski. Moratoria dagoela esaten dute, baina arazoa atzeratu da. Jende pila bat dago sekulako zorra metatzen, erabat lur jota. Gainera, isilpeko kaleratzeak daude: jabeen indarkeria edo mehatxua, sarraila aldatzea... Horiek ez dira agertzen estatistiketan. Normalean etorkinak eta paperik gabekoak direnez, kalean bukatzen dute.

Nork jotzen du AZET taldera?

Askotariko jendeak, baina gehienak emakumeak eta migranteak dira. Orain, gehienek alokairuarekin dute arazoa. Hala ere, tasen igoerekin eta bankuen iruzurrarekin, seguruenik beste burbuila bat etorriko da, eta beste borroka ziklo bat.

AZET Bilbon, Haritu Iruñean, Herrian Bizi Baionan... Zergatik ari da hauspotzen borroka hau?

Etxebizitzaren arazoa larritu baita. Hala ere, borroka hau ez da berria Euskal Herrian; forma, bai. Aurreko bidea berritzen ari gara: okupazio mugimendua, askapen mugimenduaren barnean zegoena...

Zer egiten du etxebizitza sindikatu batek?

Lan sindikala, baina zentzurik puruenean, langile klasearen antolakuntzatik sortutako tresna gisa. Esperientzia hori lan ordaindutik atera dugu. Gatazken bidez, jabeen eta instituzioen kontra mobilizatu, eta presio soziala egiten dugu. Bestalde, lan politikoagoa ere egiten dugu: formakuntzen bitartez subjektu politiko bat sortuz.

Etxebizitza erosi duenak ere badu tokia horrelako sindikatu batean?

Noski. Langile klasea izan daiteke okupa, alokairuan dagoena edo iraupenerako jabetza bat duena.

Jabetza pribatua eta etxebizitza eskubidea ez dira bateragarriak?

Ez, noski. Eskubide bat erosi behar baduzu, ez da eskubidea, pribilegioa baizik. Etxebizitzaren arazoa ez da prezio handiegia izatea, baizik eta prezioa izatea bera. Eskubideen arteko talka bat dago: kapitalismoan, eskubidea dugu etxebizitza izateko, baina sustatzaileek edo putre funtsek ere eskubidea dute jabetza pribatua eta kapitala metatzeko. Aldaketa balioa erabilera balioaren gainetik dago, eta hori aldatzeko antolatu behar du langile klaseak.

Jabetzaren abolizioa entzun, eta baten batek esanen dizu: «Nik nire etxea eduki nahi dut, aizu!».

Jabetza pribatuaren abolizioaz ari garenean, espekulazioa abolitzeaz ari gara. Pentsarazi digute zure jabetza bakar eta hipotekatua jabetza pribatu kapitalista dela, eta zu jabeduna zarela. Ez da horrela. Jabetza kapitalista da apropiaziorako aukera ematen dizuna. Auzi honetan putre funts, banku eta errentadun oso handiak dira benetako jabetza pribatu kapitalistak. Gainera, lan ideologiko bat egin dute, hala nola okupazioaren kontrako kanpainen bidez, jabetza pribatuaren ideologia indartzeko eta langileek enpatia handiagoa izateko jabearekin kaleratutakoarekin baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.