Erori ostean, jaiki

Jendetza izanagatik, entzierroa azkar korritu dute Jose Escolar Gil ganadutegiko zezenek. Eroriko asko izan dira, eta bost korrikalari ospitaleratu dituzte behin-behinean.

Zezen bat, irrist egiten sanferminetako zazpigarren entzierroan. JESUS DIGES / EFE
Zezen bat, irrist egiten sanferminetako zazpigarren entzierroan. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2024ko uztailaren 13a
08:20
Entzun

Bi minutu eta hamazazpi segundo behar izan dituzte Jose Escolar Gil ganadutegiko sei zezenek. Larunbateko jendetzarekin arriskutsua behar zuen zazpigarren entzierroak, eta hala izan da behintzat. Eroriko ugari izan dira. Zezenek hainbat aldiz egin dute estropezu, baina berehala jaiki dira eta aurrerantz egin dute, bakarrik geratzeko arriskuari izkin eginez.

Haien lehen entzierroan, Jose Escolarren zezen pare batek ustekabea eman eta ukuiluetara atzera egin zuen. Pasadizo horrek ospea eman dio ganadutegi horri, eta ezusteetarako atea irekirik utzi dute. Ez da horrela izan. San Domingoko aldapatik Udaletxe plazarako tartean hainbat korrikalari erori dira. Atzetik zihoan zezenetako batek irrist egin, eta lurrean zen korrikalari bati muturrarekin eman dio kolpea.

Mercaderesen ere hainbat korrikalarik irrist egin dute, eta erori egin dira. Haien gainetik pasatu dira zezenak. Bihurgunea ongi hartu dute zezenek, eta haietako bat jarri da aurretik, guztiei erritmo bizia jarriz. Estafetaren hasieratik sakabanatuz joan da taldea, tarte luze horretako lasterkariei hutsuneak utziz adarren aurrean lasterka egiteko. 

Estafetaren erdialdera, zezenaren adarrarekin trabatu da korrikalari bat, eta, erortzean, buruan hankekin jo du zezenak. Kale guztian lasterketa onak ikusi ahal izan dira, tarteak ireki direlako eta, lehia horretan, tokia hartu duenarekin begirunez jokatu delako.

Telefonicako bihurgunean ez da jendea pilatu, nahiz eta asteburua izan. Gainera, zezenek erditik jo dute, eta ez dute hesirantz jo. Hala ere, jende ugari zegoen plazan eta inguruetan. Alboetara zituztenei jaramonik egin gabe egin dute aurrera adardunek.

Jendetzaren ondorioz, erorketa gehiago izan dira kailejoian, eta, pilaketaren bat egon bada ere, ez da aparteko ezer gertatu. Plaza barruan zezenak elkartu eta ukuiluetarantz jo dute, sanferminetako entzierrorik azkarrenetakoa burutuz. 

Bost ospitaleratu

Bost korrikalari ospitaleratu dituzte: hiru besoetan kolpeak jasotzeagatik, horietako bi San Domingo kalean eta bestea Mercaderesen; Telefonicako zatian, kontusioa izan du beste korrikalari batek bizkarrezurrean; zezen plazan ere beste pertsona bat artatzeko eskaera egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.