Esperientzia psikiatrikoak izandako hiru emakumeren esperientziak entzun ondoren, hiru dantzarik J-Aho! ikuskizuna nola sortzen duten kontatzen du Bailar la locura (Eromena dantzatzea) dokumentalak. Dantzari horietako bat da Amaiur Luluaga (Anoeta, Gipuzkoa, 1992). Tabuak albo batera utzi, eta ikusleak eromenaz hausnartzea du xede.
Nola dantzatzen da eromena?
Hori da dokumentalean agertzen diren galderetako bat. Nola dantzatzen den eromena? Bada, oraindik ez dakit erantzuten. Nik uste normaltasunarekin lotua dagoela, bakoitzaren normaltasunaren eta erotasunaren dikotomia horrekin.
Izan ere, zer da eromena?
Erantzun horren bila hasi ginen dokumentalean. Non dago erotasunaren eta normaltasunaren arteko muga? Dokumentala grabatu eta hiru neska horiekin batera esperientzia bizi eta gero, konturatu ginen muga hori ez dela existitzen; besterik gabe, eraikuntza sozial bat dela, gizartea sailkatzeko egin den etiketa bat.
Nondik sortu zen dokumentala egiteko ideia?
Hiru dantzariok [Montse Alvarez, Claudia Gomez eta Luluga] ideia horrekin genbiltzan, J-Aho! proiektuarekin. Claudiaren lehengusina, Marta Espar, dokumentaleko zuzendarietako bat da. Aipatu zionean zertan genbiltzan, Martak proposatu zion dokumental bat egitea. Izan ere, Marta oso zuzendari ezaguna da Katalunian, eta, lehenago ere, Venus contra l'estigma (Venus estigmaren kontra) dokumentala grabatu zuen, gaixotasun mentalak ikuspuntu sozialetik landuz: estereotipoa, tabua...
Eromena gaitzat hartuta, dantza garaikideko pieza bat sortzeko bidea ikusten da, ezta?
Dantza aitzakia bat da, hain zuzen, lantzeko gaixotasun mentalak pairatzen dituztenek zenbateko estigma duten sozialki. Baina, era berean, ikus daiteke dantza garaikideko sorkuntza baten prozesua nolakoa den; nola hasten zaren zure koreografiaren nolabaiteko estruktura bat osatzen, eta gero nola behar duzun esperientziak jasotzea. Gure kasuan, behar genuen norbaitek testigantza errealak kontatzea. Ez zedila geratu gure ideiagintzan: gehiago sakondu nahi genuen.
Naturaltasunez hitz egiten duzue delirioaz, farmakoez, suizidioaz, bakardadeaz...
Gai oso zabalak dira, eta beraientzat oso gogorrak izan diren bizitzako etapak aipatzen dituzte. Era berean, dantza piezarentzat inspirazio bat izan zen, nolabait esanda, hori dena lantzea. Ez da esplizituki azaltzen edo teatralizatzen pertsona ero bat. Baina haien ahotsak sartzen ditugu, edo haietako batek deskribatu zigun beretzat krisi bat bizitzea nolakoa zen, korporalki. Eta hori, adibidez, dantza piezan txertatuta dago, berak azaldu bezala. Krisiak esplikatuta, nik antsietatea ere sentitu nuen. Gorputzetik abiatu, eta emoziora iritsi.
Garrantzitsua da elkar entzutea?
Niretzat, dokumentala enpatia ariketa bat da. Behin eta berriz esaten ziguten zerbait da: momenturik gogorrenetan agian ez zutela behar erietxe psikiatriko batean ospitaleratuta egotea —nahiz eta kasu askotan beharrezkoa den—. Behar zutela norbait entzuteko, nahiz eta akaso ulertu ez. Ez sentitzeko bakardade eta baztertze hori. Hori da falta zaiguna: tolerantzia handiagoa, eta norberak auzitan jartzea bere eromena. Begira zer gizartetan bizi garen: ez dut uste inor eromenetik salbu dagoenik.
Hortaz, mundu guztia dago «erotuta»?
Gure eguneroko jokaerak begiratzen hasten baldin bagara, zein da koherentea? Badago jende bat sentsibilitate oso handia daukana, edo beste abstrakzio maila bat daukana, eta ez du bat egiten gizartean dauden legeekin. Eta, horrelakoa baldin bazara, arau jakin batzuk betetzen ez badituzu, kanpoan geratzen zara.
Aurreiritzi asko daude oraindik eromenari lotuta?
Ezin du ukatu inork, ezta nik ere, norbaitek esaten duenean gaixotasun mental bat daukala (nahasmendu bipolarra, edo nortasun anizkoitzaren nahasmendua, adibidez), aurreneko susto hori badagoela. Iruditzen zait pertsona horienganako beldurra behar baino askoz ere handiagoa dela.
Arriskutsutzat jotzen dira.
Beti imajinatzen dugu: «Ahotsak imajinatzen baditu, labankada bat sartuko dio norbaiti». Aldiz, Donald Trumpen gisako psikopata bat oso onartua dago gizartean. Edo atzo [duela astebete] Orion [Gipuzkoa] bikotekide ohia hil zuen gizona, berdin.
Dantzak balio du begirada zabaltzeko?
Bai, eta nik uste dut nik hala bizi dudala. Niretzat, dantzak badauka funtzio hori. Piezak oso politak izan daitezke, exekutatu ditzakezu koreografia oso politak, baina, mezu bat ez badago, edo jendea ez baldin baduzu zerbaitekin uzten...
ATZEKOZ AURRERA. Amaiur Luluaga. Dantzaria
«Eromena eraikuntza sozial bat da»
Eromenaren eta normaltasunaren arteko muga ez da existitzen, Luluagaren ustez. Dikotomia horren gainean hausnartzen eta dantzatzen du 'Bailar la locura' izeneko dokumentalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu