Festak Lizarran

Eromen zuri-gorria astebetez

La Bota eta San Andres elkarteek gaur eguerdian emango diote hasiera festei. Euskal giroa Santiago plazan dago

Gaur jaitsiko dira Ega ibaian behera. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
2016ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Udak aurrera egin ahala, Nafarroako herri handietan zein txikietan festak aurrera doaz, eta, gaurtik aurrera, Lizarrari zuri-gorriz janzteko txanda heldu zaio.Eguerdian, Karlos Solak eta Javier Nikuesak, La Bota eta San Andres peñetako presidenteek, hurrenez hurren, suziria botako dute udaletxeko balkoitik elkarrekin, eta, hala, astebeteko eromenari hasiera emango diote. Bi elkarteetako kideak pozik daude euren lana aitortu nahi izan duelako Lizarrako Udalak aurten.Txupinazoarekin batera, udaleko tinbal eta turuta jotzaileek Hiriari Agurra joko dute, eta Ibai Ega eta Larraiza dantza taldeek larrain dantzako jota zaharra interpretatuko dute.

Behin festak hasita, ekitaldiz betea dator arratsaldea. Lehenik, erraldoi eta buruhandien konpartsa udaletik aterako da, alde zaharrean barna. Ohi legez, txikienek lehen algarak eta negarrak botako dituzte erraldoien dantzekin, eta, batez ere, buruhandien kolpeekin. Aurten, berritasun bat dakar konpartsak. Belmecher gazteluari aipamen eginez, izen bereko bost zatiko dantza bat estreinatuko dute.

Era berean, udalbatzak Puyko Andre Mariaren basilikarantz joango da, 17:45ean, eta, han, ohiko bezpera agurgarriak eta Ugarteren salbea kantatuko ditu Lizarrako abesbatza batek. Ondoren, bonba japoniar delakoak erreko dira basilika aurreko orubean. Jarraian, Puyko jaitsiera tradizionala egingo da.

Manu Chao, asteazkenean

Festetako ekitaldi nagusietakoa Manu Chaoren kontzertua izango da. La ventura izeneko musika biraren barruan, doako kontzertua eskainiko du Chaok. «Historikotzat» jo du Koldo Leoz alkateak. Aurretik, Lizarraldeko Bolbora taldeak joko du. Festetako aurrekontuaren zati handi bat hartuko du kontzertuak, baina txosnetan irabaziko den diruaren %75arekin diruaren zati bat berreskuratzea espero du udalak.

Azken urteetan bezala, Ega ibaian behera jaitsiko dira, baina aurten ez da izango masta puntakorik edo kukañarik. Udalak dioenez, gero eta jende gutxiagok parte hartzen zuen, eta, haren ordez, nahiago izan dute ibaiaren jaitsiera antolatu. Gaur egingo da.

Azken 45 urteetan bezala, Santiago plazan izango da giro euskalduna. Lizarrako ikastolak eta Garean elkarteak antolatu dute plazako egitaraua, eta, iaz bezala, La Bota elkartearen partaidetza izango du. Adin guztientzako gune izatea nahi dute antolatzaileek. Egunero prestatu dituzte ekitaldiak. Gaur, adibidez, La Bota peñak herri bazkaria egingo du eta Trikidantzek dantzaldia eskainiko du.

Esku pilotak ere izango du bere txokoa festetan. Asteartean, profesionalen jaialdia egingo da. Irribarria eta Merino II.ak Bengoetxea VI.aren eta Beroizen aurka jokatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.