Euskal Eskola Publikoaren Jaia ospatu zuten herenegun Bastidan (Araba), Hazitik gora lelopean, eta Lurdes Imaz EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko koordinatzaileak adierazi duenez, «aurreikuspen guztiak gainditu» dituzte. Haren arabera, batetik, bi urteko etenaren ostean jendeak «gogotsu» hartu du berriro ere festa, eta, bestetik, eskola publikoaren aldeko aldarriarekin bat egiten duten zenbait herritar daude. «Giro ona egon zen, lasaia eta errespetuzkoa, eta eguraldiak ere lagundu zuen, baina, batik bat, azpimarratuko nuke jai euskalduna izan zela; horri ematen diogu balioa».
Ez baita kasualitate hutsa izan jaia Arabako Errioxan egitea, helburuetako bat baitzen eremu horretako ikastetxe publikoek «euskarazko kalitatezko hezkuntza eskaintzeko» egiten duten «itzelezko lana» aintzat hartzea, Imazen hitzetan. «Sekulako lana egiten dute, eta uste genuen festak aukera emango zuela jendeak hemengo errealitatea ezagut zezan, eta, aldi berean, baita egindako lana errekonozi zedin ere».
Hain justu, hori izan zuen hizpide Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ere irekiera ekitaldian. 11:00etan egin zen, Bastidako eskolako patioan, eta ikastetxe horrek eginiko «lan eredugarria» nabarmendu zuen, besteak beste. Are, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia ere hor izan zen, eta eskola publikoa Arabako Errioxan «euskara errotzeko» egiten ari den lana goraipatu zuen. «Hamar gaztetik zazpik euskara ulertzen dute, eta gero eta gehiago entzuten da kalean».
Alabaina, datu ofizialetatik harago, Imazek uste du gogoan hartzekoa dela urte hauetan guztietan eskualdeko eskola publikoek «eraldaketa handi bat» izan dutela. «A ereduko ikastetxeak ziren, eta D eredura igaro dira, poliki-poliki, eta lan itzela egin dute». Gainera, nabarmendu du proiektu «oso berritzaileak» egiten ari direla, guraso elkartea eta zuzendaritza taldeak «oso konprometituta» daudela, eta elkarlanean dihardutela. Bastidako eskola ez ezik, hor baitaude Eltziegoko eta Lantziegoko lehen hezkuntzakoak ere, baita Oiongoa eta Guardiakoa, institutu batekin batera. «Horietan 1.100 ikasle inguru daude guztira, eskola txikiak dira, eta ohituta daude elkarrekin aritzera; hazia jarri dute, eta orain ernaltzen ari da, hazten».
Kalejira aldarrikatzailea
Jaiaren programazioari larunbatean ekin zioten. Umeentzako tailerrak egin zituzten arratsaldean, eta baita herriaz eta inguruneaz gehiago jakiteko bisita gidatuak ere. Dena den, Imazek esan du ostiralerako jada jendea bertaratzen hasia zela, eta autokarabanentzako parkinga behintzat bete egin zitzaiela. Herenegun, berriz, festa handiaren egunean, bost gune egon ziren orotara, eta askotariko ekintzez gozatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek, tailerretatik hasi eta musika eskaintzaraino, iluntzera arte.
Baina aldarriak ere izan zuen lekua, Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneak kalejira aldarrikatzaile bat egin baitzuen 13:00etan, EAEko Hezkuntza Legearen egitasmoa ontzen ari diren honetan. Topaguneko kideek ez zuten haren inguruko balorazio ona egin, eta, besteak beste, salatu zuten akordioak ez duela jasotzen eskola publikoa hezkuntza sistemaren lehentasun moduan, baizik eta ikastetxe publikoaren kontzeptua «birdefinitzen» saiatzen dela, eta horrela jarraitzeak «desoreka eta diskriminazio handiagoa» ekarriko duela.
Bada, Imazek ere antzeko bidetik zehaztu ditu hurrengo erronkak: «Guk beti esan dugu eskola publikoak izan behar duela euskal hezkuntza sistemaren ardatza, eta hori da daukagun lehenengo erronka». Horrez gain, gaineratu du helburu dutela ikasle guztiei «kalitaterik hobereneko hezkuntza» eskaintzea ere, edozein izanik haien egoera pertsonala. Halaber, horretarako funtsezkotzat hartu ditu egiteko hauek ere: «Batetik, eskola publikoetan gaudenok konprometituta egon behar dugu, gauzak ondo egiten saiatu, eta, bestetik, administrazioak bermatu egin behar du eskola publikoak behar dituen baliabide guztiak». Hau da, uste du politikak egitean eskola publikoak izan behar duela lehentasuna bai planifikazioan, bai baliabideak emateko garaian.
Eta bide horretan jarrita daude, beraz, hurrengo urteetarako ere. Orain, lekukoa Mungiara (Bizkaia) igaro da, eta EHIGEren koordinatzailearen hitzetan, «gogotsu» daude datorrenari eusteko. «Hemen beste testuinguru batera goaz, eskola handiagoa baita, baina inguruan dauden beste batzuekin ere arituko gara, sare lana egiten saiatzen baikara». Nabarmendu duenez, ikusgaitasuna ematea dute helburu horrela, ikastetxeen lana aintzat hartzeko, baina, oro har, eskola publikoaren beharra aldarrikatzeko.
Ernaltzen jarraituko du haziak
Izurritearengatik bi aldiz bertan behera utzi ondoren, azkenean herenegun ospatu zuten Euskal Eskola Publikoaren Jaia, Bastidan. Asmoetako bat Arabako Errioxako ikastetxeek eginiko lana aitortzea izan da, eta «aurreikuspenak gainditu» egin dira, antolatzaileen arabera. Mungiak hartu du datorren urterako lekukoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu